mikel reina
HIRUKOTIK

Lesioak eta sendabideak

2020ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Albo-kalteak.Txarto hasten dena txarto bukatzen da. Esaera hori aldendu nahi du Bilbo Basketek Miribillatik. Patuak, aldiz, kontrakoa dio. Bazirudien Sevillan Betisen lortutako garaipena inflexio puntu bat izan zitekeela, irabazteagatik bainoago, garaipena lortzeko moduarengatik. Koronabirusak gogor astindu zituen bizkaitarrak egun batetik bestera, entrenatu gabe eta Ludde Hakanson gabe bidaiatu behar izan zuten. Hala ere, dena aurka eduki arren, meritu handiko garaipena lortu zuen. Kolpea mahai gainean, beti bezain lehiakor. Horrez gain, Regimantas Miniotasen fitxaketak ilusioa piztu zuen bilbotarren artean.

Gutxi iraun du pozak. Lehenenik eta behin, Ondrej Balvin minduta heldu zen FIBA leihoetan Txekiar Errepublikarekin lehiatu ondoren. Ekialdeko selekzioa automatikoki sailkatuta dago 2022ko Eurobasketerako antolatzaileetako bat izateagatik. Baina pibotak, nahiz eta ezer ez eduki jokoan, 22 minutu jokatu zituen, Belgikaren aurka orkatilean min hartu aurretik. Albo-kalteak, aldiz, Bilbo Basketek jasan ditu bere jokalaririk onena bi hilabeterako galdu baitu. Ia ia otsaileko hurrengo geldialdira arte. Balvinekin batera Quentin Serronek min hartu du belaunean luzerako.

Haien falta sumatu zuen taldeak Estudiantesen aurkako norgehiagokan. Ia irabazita zeukaten partida Miribillan. Jaroslaw Zyskowskik hiru puntuko aldea ezartzeko bi tiro libre izan zituen 13 segundo falta zirenean. Biak kale. Erasoko errebotean saskiraketa madrildarrek. Une horretan fBalvin ez egotea antzeman zuen. Segundo bakarra. Hutsartea. Alex Mumbruren azken jokaldia ez zen behar bezala atera, eta ezin izan zuten ezta jaurtiketa egin ere. Hala, hasierako laukira itzuli da Bilbo Basket, zulotik irten ezinik. Onena, akaso, aurrera zoazela atzera ez bazoaz. Edo agian bai.

'One love'. Don´t worry be happy. NBAko paradigma berria, pandemia egoeraren aurrean malgutasuna. Adam Silverrek zuzenduriko ligak ez du kalamu kontrolik ezarriko 2020-2021 denboraldian. Beste frogarik ez, nahikoa omen dira jokalari eta entrenatzaileek lehiaketan zehar pasatu beharko dituztenak. Horrez gain, kutsatze arriskua murriztu nahi dute, baita lehiakideei ihesbide bat eman hain ezohiko sasoi baten aurrean. Baina kalamuaren auzia ez da gaurkoa. NBAko historian zehar mahai gainean egon den eztabaida izan da, aldeko eta kontrako argumentuekin. Estatu Batuetako liga handietako bakarra da oraindik zigorrak ezartzen dituenak, NFL-k, adibidez, urte hasieran ezabatu zuen kalamua debekuen zerrendatik.

2017an, 16 urtez NBAn aritutako Al Harringtonek The concept of cannabis dokumentala estreinatu zuen. Jokalari ohiak belauneko lau ebakuntza izan zituen, eta sendabide bakarra kalamuz eginiko olioetan aurkitu zuen. Hurak bakarrik lasaitzen zuen. Gomendioa Viola bere amamak eman zion, andreak begietako glaukoma sendatzeko erabili baitzuen. Etxeko sendabidea. Behin kantxak alde batera utzita, Al Harringtonek Viola Brands enpresa sortu zuen Denverren kalamuaz eginiko produktuetan oinarrituta. Dokumentalean jokalariak bere kasua azaltzen du, eta bukaeran David Stern garai hartako NBAko komisioarekin elkarrizketatzen da. Ikusteko modukoa.

Jokalarien bizitza erotzeko modukoa da, beti presiopean, etengabe bidaiatzen eta arnasa hartzeko denbora gutxirekin. Berez, pandemiarik gabe, burbuila batean bizi dira. Azken urteetan argitzera eman dira depresio gogorrak izan dituzten jokalariak, sonatuenetako bat Kevin Love, Cleveland Cavalierseko hegal-pibota. NBAko jokalarien sindikatuak berea egin du Kevin Durantek urte hasieran eginiko konparaketa. Brooklyn Netseko izarrrak kalamua garagardo baten edo ardo kopa baten parean kokatu zuen. Egunerokoari aurre egiteko ahokada sakon bat. Argudio terapeutikoa alegia, baina badaude bestelakoak, medizinala, esate baterako. Steve Kerrek, egungo Golden State Warriorseko entrenatzaileak, aitortu du bere ibilbide profesionalean zehar kalamua erabili zuela, jokalari moduen akabatu zuen bizkarreko minerako. Kerri ez zion mesederik egin, baina beste batzuei bai: «Kalamua nahiago, botikak baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.