mikel reina
HIRUKOTIK

Itzulerak

2022ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Itzultzeko era asko daude. Aro baten amaiera izaten da batzuetan. Beste era batera bizitzen hasteko unea beste batzuetan. Kapitulu berriak zabaltzeko argudioa dira itzulerak. Itzulera orok, ordea, bere momentua behar du, eta uste baino garrantzitsuagoa da. Ondo hausnartu beharrekoa. Testuinguruan dago gakoa.

2011-2012ko denboraldia. Koronabirusa, esate baterako, urte berriarekin batera itzuli da, noizbait joan den sentsazioa izan badugu. Beste behin ere buruko mina ematen jarraituko duen seinale. Espainiako emakumezkoen eta gizonezkoen ligetan, bi liga nagusietan dauden 68 taldeetatik bik bakarrik jokatu dituzte orain arteko jardunaldi denak: Emakumezkoen lehen mailako Zaragozak eta bigarreneko Ardoi Nafarroako taldeak. Marka da, gero. Zortea ere bai. Talde batzuentzat, oso zaila izango da egutegian hainbeste partidentzako eguna aurkitzea. Lointek Gernika Bizkaiak, adibidez, sei ditu atzeratuta jada, denak beste datarik gabe, eta horietako hiru otsailaren 26a baino lehen jokatu beharrekoak dira. Data horretan ezarri da lehen itzulia bukatzeko epea, hau da, Espainiako Koparako sailkatzeko epea. Urrezko LEB ligako 15. jardunaldia osorik geratu zen bertan behera. Baita Euroligako 19. jardunaldia ere. Saskibaloizaleentzat, ostegunak, pintxo-pote eguna izateaz gain, Euroligako egunak dira. Ostiraletan, gauza baten eta bestearen artean, errazagoa eta erosoagoa da aurrez grabaturikoa ikustea etxera heltzean. Urtarrilaren 6an, gainera, plan ezin hobea zen Gabonetako betekadak jaisteko. Ezer ez. Ez zen partidarik jokatu, ezta hurrengo egunean ere. Oparirik gabe geratu ginen Errege egunean bertan. 10 urte ziren ez zela Euroligan ostegun batean lehiarik jokatzen.

2011-2012ko denboraldi hartan Bilbo Basketek Euroliga jokatu zuen, ACB ligako txapeldunorde geratu ostean. Debuta izan zen bizkaitarrena. Hor jaio zela esan daiteke. Miribilla efektua bezala. Aaron Jackson, Marko Banic, Kostas Vasileiadis, Raul Lopez eta enparauek final-laurdenak jokatu zituzten, eta kanporaketako laugarren partidan bukatu zitzaien ametsa Moskuko CSKAren aurka. Andrei Kirilenko zen errusiarren izarra. Bilboko taldearen arorik gozoena izan zen, zalantzarik gabe. Gero, une gaziak etorri ziren. Orain, ordea, bizkaitarrak bolada onean daude, aspaldiko onenean. Itzuli dira. Lege zaharrean, Miribilla gotorlekua bilakatuz. Alex Mumbrurenak lau garaipen erdietsi dituzte jarraian, eta asteburuan etxetik kanpo irabazi zuten lehenengo aldiz sasoi honetan. Aurkari zuzenen kontrako garaipenak izan dira: Andorra, Breogan, Kanaria Handia eta Obradoiro. Datorren igandeko Betisen aurkako neurketa ere garrantzitsua izan daiteke, andaluziarrak sailkapeneko azken postuan daudelako. Bilbo Basketek ez du zulora itzuli nahi.

Klin-klin. Oraindik itzuli ez dena Baskonia izaera da. Bizimodu hori inork baino hobeto islatzen duen Dusko Ivanovicek ez zuen lortu. Neven Spahijak positibo eman zuen COVID-19an, eta haren lekuan aulkian egon zen David Gilek ere ez. Ezta entrenatzaile kroaziarrak ere. «Jokalariei azaldu behar diet zer den Baskoniako kide izatea, eta elastiko hau janztea», esan zuen Andorraren garaipenaren osteko prentsa agerraldian. Ez da lehen aldia. Gasteiztarrak zurrunbilo arriskutsu baten murgildu dira, haien onena partida eta aurkari jakin batzuen kontra erakustearen dinamika horretan. Euroligako liderra den Bartzelonari azken bi neurketetan gailentzeko gai den taldea da. Baina baita Zaragozan galtzeko gai den taldea ere. Gaur egun Euroligan eta ACB ligan ez dago aurkari errazik, jardunaldi denetan ehuneko ehuna eman behar beharra dago. Izaera erakutsi behar da. Ez dago beste biderik. Erregulartasuna falta zaio Baskonia honi denboraldi honetan. Arlo honetan laguntzeko itzuli da Alec Peters. 20 puntu eta 4 hiruko lortu ditu lehenengo bi partidetan. Kantxa zabaltzeko funtsezko jokalaria da estatubatuarra, Spahijak ez dauka horrelako beste jokalaririk taldean. Klay Thompson Golden State Warriorsera itzuli den bezala itzuli da Alec Peters. Jaurtitzaile peto-petoak biak. Itzuli dira ostegunetako klin-klin hotsak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.