mikel reina
HIRUKOTIK

Inoiz ez da nahiko

2022ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Bi talderen diktadura. Espainiako Kopako historian bigarren aldiz ez da euskal talderik egongo. Lehendabizikoa Leonen izan zen, 1997an. Horrek ez du esan nahi euskal zalerik egongo ez denik, euskaldunak oro har saskibaloizaleak direlako. Gainera, giroa beti da berezia Kopan, bakarra. Saskibaloia usainduko da asteburu guztian Granadako kaleetan. Euskal talderik egon ez arren, talde indartsuak ariko dira: ACB ligako lehen itzuliko zortzi talderik onenak. Etzi hasiko da txapelketa: 18:30ean hasiko da Joventuten eta Teneriferen artekoa, eta, 21:30ean, Real Madrilen eta Breoganen artekoa. Ostiralean, Valentziak eta Murtziak jokatuko dute lehen partida, eta Murtziak eta Bartzelonak bigarrena. Koparekin nahiko ez, eta NBAko Izarren gaua jokatuko da asteburuan Clevelanden (AEB). Inoiz ez dago saskibaloi nahikorik.

Urteak joan, urteak etorri, badaude aldatzen ez diren gauzak: Real Madrilek eta Bartzelonak ez lukete finalera arte topo egingo. Bi talde horiek diktadura ezarri dute Kopan, haien artean banatu baitituzte azken hamabi garaikurrak: sei irabazi ditu talde bakoitzak. Beraz, berdinketa apurtzeko aukera ezin hobea dute. Bi faborito nagusiak dira: sailkapeneko liderrak dira ACB ligan eta Euroligan. Joan den ostiralean jokatu zuten azken aldiz elkarren aurka, eta Kataluniako taldeak nagusitasunez irabazi zuen: 68-86. Lehen laurdenean lortutako 8-28ko partzial batek hautsi zuen lehia.

Neurria hartua dio Saras Jasikeviciusek Pablo Lasori, Wizink Centerren batez ere. Entrenatzaile lituaniarrak Madrilen zuzendu dituen sei partidak irabazi ditu. Denboraldi honetan, momentuz, joera ez da aldatu. Lau aldiz jokatu dute elkarren aurka, eta partida guztiak irabazteaz gain, jokatu diren hamasei laurdenetatik 11tan nagusitu da Bartzelona. Katalanen artean ez dira ariko Kopan Cory Higgins eta Alex Abrines. Real Madrilek bost partida galdu ditu azken hemeretzi egunetan. Bien arteko diktadura amaitzeko une aproposa izan daiteke.

Irabazi edo agur. Espainiako Kopan sortzen den giro magiko horren inguruan, talde txikiekiko miresmena dago. Ezustekoak nahi izaten dira, sistemak erortzen ikusi. Granadara heldu gabe, bidean geratu dira, besteak beste Baskonia eta Unicajaren pareko talde klasikoak. Hiru ezusteko nagusi egon dira. Handiena, Breoganena da, zalantzarik gabe. ACB ligara igo berritan Kopa jokatzen duen hirugarren taldea bilakatu da. Bilbo Basket izan zen hori lortu zuen azkena, 2020an. Fuenlabrada izan zen lehena, 1999an, Gasteizen. Galiziako taldeak, ordea, ez du aulkian edukiko Granadara arteko bidearen zati handi bat osatu duen entrenatzailea. Paco Olmosek Burgosekin (Espainia) aldatu zuen Lugo (Galizia), eta klubak Diego Epifaniorekin ordezkatu zuen. Breoganen, bikain ari da Dzanan Musa: asteburuan 47 puntuko balorazioa lortuta helduko da Granadara.

Murtzia, berriz, Kopara itzuliko da txapelketa azken aldiz jokatu eta 37 urte geroago. Sito Alonsok prest ditu jokalariak Valentziari aurre egiteko. Denboraldiaren lehen zatian lesio asko izan arren, Joan Peñarroyak entrenatutakoek bi partida galdu dituzte bakarrik 2022an. Hala ere, talde batek jasoko ditu animo gehien harmailetatik eta etxeko sofatik: Manresak. Ez da gutxiagorako. Guztiz merezita ariko da Kopan. Pedro Martinezek ACB ligako entrenatzailerik onenetako bat dela erakutsi du beste behin. Emaitza oso onak lortu ditu Kataluniako taldeak: hamalau partida irabazi, eta zazpi galdu ditu ACB ligan, eta sei irabazi ditu, eta bi galdu Txapeldunen Ligan —Bilbon jokatuko da Lauko Finala—. Baina emaitzez haratago, jokamolde alai eta ikusgarria eratzen du entrenatzaile katalanak, eta bere jokalarien mailarik onena lortu ere bai. Chima Moneke, Ismael Bako eta Sylvain Francisco ACB ligako jokalaririk erakargarrienetakoak dira; astero dago haietako baten jokaldi bat jardunaldiko onenen artean. Gainera, badakite zer den Bartzelonari irabaztea sasoi honetan: Palaun lortu zuten, urtarrilaren 9an, luzapenean (95-96). Hala ere, ez da hori Kopako kanporaketen artean ACB ligan jokatu den azkena: Joventutek eta Txus Bidorretaren Tenerifek joan den larunbatean jokatu zuten, eta bisitariak 58-74 gailendu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.