mikel reina
HIRUKOTIK

Festa

2022ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Zoragarria izan zen Bilbon asteburuan bizi izandakoa. Plaza egokia da Bizkaikoa saskibaloi ekintzetarako. Izan dira batzuk azkenaldian: 2014ko Munduko Txapelketa, emakumezkoen Superkopa, eta orain, Txapeldunen Ligako Lauko Finala, besteak beste. Pandemiaren osteko lehenagoko normaltasunerako bide horretan, aurrerapauso handia eman da asteburuan. Miribillaz gain, Bilboko eta Bizkaiko bazter guztietara zabaldu da saskibaloi giroa. Israelgo Holoneko Apoeleko zaleek igandean sortutako iskanbilek ez dute gainontzeko zaleen eredu ezin hobea ezkutatu behar. Manresako kolore gorria izan da nagusi, zalantzarik gabe; 4.000 zale espero ziren, baina behin Pedro Martinezen taldeak ostiralean finalerako sailkatu zenean, beste asko izan ziren Euskal Herrira hurbildu zirenak. Doctor Deseok zioen, «hay vicio en el ambiente, la fiesta está caliente ay». Saskibaloi festa, alegia.

Formatua. Kirol arloan, maila handia egon da. Txapeldunen Liga FIBAren lehen lehiaketa da, baina Europan taldeen izenak banan-banan hartzen badira, hirugarrena dela esan daiteke. Ezberdintasun handi bat dago Euroligarekin eta Eurokoparekin alderatuta: parte hartzeko modua. Euroliga, jakina denez, liga itxia da, izen gutxi batzuk aldatzen dira denboraldi batetik bestera, lizentzien legea dagoelako indarrean. Bestela, gonbit txartelak erabiltzen dira. Eurokopak ere bide hori hartu zuen udan. Hamasei taldek jaso zuten hiru urterako lizentzia, eta gainontzeko laurek gonbidapena hartu zuten, balizko kirol emaitzen arabera. Txapeldunen Ligak, berriz, justu denboraldiko sailkapenean oinarritzen du txapelketa. Patrick Comnino BCLko zuzendariak argi utzi zuen finalaren atarian: «Gure helburua herrialdeetako ligetatik haztea da». Hala ere, txapelketa berri honek — duela sei urte bakarrik sortu zen—, oraindik bidea du egiteko. Bilbokoa izan da, adibidez, azken fasea pabiloi neutral batean jokatu den lehen aldia. Era berean, lehendabizikoz hautatu dute Lauko Finaleko formatua, aurretik zortzi talde onenak biltzen baitzituzten. Oraindik asko dute hobetzeko, bidea egiteko.

Aurtengoan aurrerapauso handia eman du. Tenerifek Txapeldunen Ligako bere bigarren garaikurra irabazi zuen final ikusgarri batean. Txus Vidorretarenak Burgosekin berdinduta daude orain: estreinako garailea izan ziren, eta orain azkenak ere badira. Aparteko aipamena merezi duena Marcelinho Huertas da, urteak pasatu, txapelketak pasatu, erakustaldiak ematen jarraitzen duelako. Maisua. Aztia. Entrenatzailea dago hor, seguru. Pedro Martinezengan dagoen bezala. Handia egin du Manresak; aulkitik altxarazten zaituzten talde horietako bat da. Zaleek asko laguntzen dute. Entrenatzailea eta jokalari onenaren saria jaso zituzten. Hainbesteko lorpenek, ordea, arriskua ere badute. Jakina da emaitza onak lortzen dituztenei zer gertatzen zaien udan: jokalariak kentzen dizkiete. Horregatik, bereziki garrantzitsua zen finala, milioi bateko saria zegoelako jokoan. Harribitxia, ordea, aulkian dute.

Denetarik. Aurten Eurokopak beste jauzi bat egin du. Gutxi batzuk izango dira partida bakarreko kanporaketak gustuko ez dituztenak, zale moduan betiere, eta ikusle moduan are gehiago. Hil edo biziko partidek ere badute, izatekotan, alde txarra. Aurreikuspenak ez dira beti betetzen, eta talde handiak esperotako tokira ez heltzeko arriskua hor dago, baina aldi berean, mamia hor dauka: handiak erortzen ikustea, porrotak jasotzea. Eraldaketa horrek denetarik ekarri du. Zeljko Obradovicen Belgradeko Partizan izan da kaltetu nagusia. Hautagai nagusia zen Boloniako Virtusekin batera, baina txanponaren bi aldeak irudikatu dituzte. Italiarrek pronostikoak bete dituzte, eta biharko finalean egongo dira Valentziaren aurka garaipena eskuratu ostean. Beste finalista, aldiz, guztiz ustekabekoa izan da. Jokaldia ezin izan zaio hobeto atera txapelketari, erdi eta erdi. Bursaspor Turkiako taldea multzokako fasean zazpigarren sailkatu zen B multzoan. Lehen kanporaketan Partizan kanporatu zuen, bigarrenean Cedevita Olimpija, eta finalaurrekoan, Andorra. Kanporaketetan egon nahi du Surne Bilbo Basketek, ACB ligan. Bi jardunaldi falta dira, eta garaipen batera du saria. Bartzelonan ariko da gaur (19:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.