mikel reina
HIRUKOTIK

Esperantzara kondenatuta

2020ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Alkimista. Jokalariek edo entrenatzaileek ezartzen diote jokamoldea talde bati? Betiko galdera da. Ideiak mantendu edo momentu horretako lantaldeari egokitu. Nahasketan egon daiteke gakoa, arrakasta. Denboraldi batetik bestera jokalarien joan-etorriak nahi baino ohikoagoak izaten dira. Merkatuak agintzen du. Berdin gertatzen da entrenatzaileekin. Emaitzen aldagaia. Hala ere, arau orok bere salbuespena dauka. ACB ligan, esate baterako, Moncho Fernandez da. Obradoiroko entrenatzaileak 11 urte daramatza Galiziako taldean, laguntzaile berberekin, gainera, eta bere zigilua utzi du zalantzarik gabe. Zigilua lan egiteko modu batean, emaitzak onak edo txarrak izan, beti fidel. Hori da talde filosofia bat edukitzea.

Alkimista ezizenaz ezaguna da Moncho Fernandez, taktikaren aztia. Bere taldeak zeharkako blokeo amaiezinengatik dira ospetsuak. Obradoirotik atera dira, besteak beste, Alberto Corbacho, Matt Thomas edota Fletcher Magee. Jaurtitzaile petoei zukua ateratzen die, azken tantaraino. Galiziako taldeko beste dohain nagusietako bat gazteengan jartzen duten fedea da. Apustuzaleak dira. Estatu Batuetako unibertsitateetatik irten berriak diren jokalariengan jartzen dute fokua. Talentua identifikatzen adituak dira, bereziki mutiko handiekin. Piboten harrobia da Obradoiro. Moncho alkimistak jokalari garaiak garatzeko errezeta magikoa dauka: Maxi Cleber, Mike Muscala edo Robbie Hummel... NBAn jokatutakoak dira denak. Artem Pustovi eta Angelo Caloiaro, berriz, Euroligan ari dira. Saga amaiezin horren hurrengoa Laurinas Birutis da, orain arteko ACB ligako MVP-a: 16,4 puntu, 6,9 errebote eta 1,3 txapel partidako.

Fabrika. Baskoniak, zorionez, ez zuen aurkari izan igande goizean. Gasteizen ere pibot fabrika bat egon da urte askotan: Tiago Splitter edo Luis Scolatik Vincent Poirier azkena arte. Haien pauso berberak bete nahi ditu Youssoupha Fallek. Bere 2,21 metroekin kantxan egonik, partida bat goitik behera eraldatzen duten jokalari horietako bat da. Adibide argiena Euroligako azken jardunaldian ikusi zen, non, eta Moskun, CSKA ahaltsuaren kantxan. Ez Milutinov, ez Bolomboy, ez Voigtmann ezta Xengelia bera ere. Inor ez zen kapaz izan Fallen jarduna eteteko, duela denboraldi bat bezala. Bi urteetan 19 puntu sartu dizkio partida bakoitzean. Aurten zortzi errebote gehituz eta iaz hamar; guztira 27 eta 30 puntuko balorazioa. Errusiako taldea bisitatzea gustuko izango duen jokalari bakanetarikoa izanen da. Oraindik bide oso luzea dauka egiteko, baina Baskoniaren filosofia dauka lagun. Esperantzara kondenatuak daude.

Galtzen azkena. Amildegiaren ertzean daude Bilbo Basket eta Gipuzkoa Basket, sailkapeneko azkenengo bi postuetan garaipen bakarrarekin. Hirukoen garaian, pibotak dira bilbotarren eta donostiarren zutabeak, barrutik kanpora osatutako taldeak: Ondrej Balvin eta Jaime Echeniqueren inguruan. Biak haien taldeetan gehien balioetsitako jokalariak dira. Alex Mumbruk aurreko sasoiko izaera menderaezinaren bila dabil oraindik, baina etenek eta egutegiak ez diote mesederik egin. Murtziaren aurkako porrota mingarria izan da oso. Gabonak ditu begiz jota Bilbo Basketek, hurrengo lau partidetan jokatuko baititu babak aurkari zuzenen aurrean.

Gipuzkoa Basket, berriz, oraindik berreraikitze lanetan dago. Aldrebestuta hasten denak, normalean, ez du amaiera onik izaten; akaso, txarrerako bidea dauka. Berandu eta egun batetik bestera osatu behar izan zuen taldea Marcelo Nicolak, eta, gainera, etxeko lehen bi partidak Illunbetik urrun jokatu behar izan zuten. Berreraikitze lanetan daude oraindik, eta jardunaldiak aurrera doaz. Bilbotarrek eta donostiarrek, aurreko sasoian bezala, defentsako alorrean bideratzen dute lana, baina benetako arazoa uztaiari begira dago. Erasoan argudiorik gabeko taldeak dira, eta, gaur egun, 70 puntu bakarrik sartuta partida gutxi irabazten dira ACBn. Liga hasi besterik ez da egin, baina, gainontzeko taldeetan argi izpiak dauden bitartean, iparraldean hodei trinkoak daude. Garaipen premia gero eta handiagoa da, nahiz eta oraindik goiz den. Esperantza omen da galtzen den azkena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.