mikel reina
HIRUKOTIK

Izarren hautsa

2020ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Merkantilizazioa. «Hau da merkatua». Horiek izan ziren Ricky Rubioren lehen hitzak Phoenix Sunsek Chris Paulengatik Oklahomara bidali ondoren. Eta oraindik beste mugimendu bat zetorkion, azkenean NBAko bere ibilbidea hasi zuen Minnesotan jokatuko baitu 2020/2021 denboraldian. Ostiral gauerdian hasi zen fitxaketa epea munduko ligarik onenean eta merkantilizatuenean. Ez da existitzen antzinako fideltasunik, one club men famatuak: Kobe Bryant, John Stockton edota Tim Duncan. Garai batean jatorriaren inguruan taldeak eraikitzen ziren bezala, gaur egun super taldeak eratzen dira. Beti eraztuna helburu denan gainetik, baita diruarengatik ere. Ez dago mugarik. NBAn tampering izeneko lege bat dago, kakotx artean jarrita, ez duelako inork errespetatzen. Arau horren arabera, talde bateko edozein pertsonak, berdin dio jokalari, entrenatzaile edo zuzendaria izan, ezin du beste frankizia bateko kontratua daukan jokalari batekin negoziatu. Hau teoria da; praktika, aldiz, oso bestelakoa da. Agente libreen merkatua zabaldu eta bost minutura dagoeneko fitxaketa asko argitaratu ziren, eta argi dago milioi askoko kontratuak ez direla minutu gutxi batzuetan negoziatzen. Jakitun dira denak, baina inork ez du ezer esaten. Tampering-a bere alde erabili zuen, esate baterako, Bogdan Bogdanovic eskolta serbiarrak. Hasiera batean Milwaukeera zihoan Giannis Antetokounmporekin jokatzera, baina ez zuen onartu, eta mehatxupean fitxaketa eten zuen.

Familiak. Bucks, hala ere, bere izar greziarraren desioetara makurtu da. Antetokounmpok fitxaketak eskatzen zituen taldean jarraitzeko, eta bulegoetan gogotik lan egin dute Jrue Holiday ekartzeko, antolatzaile ez onenen arteko onena. Gainontzeko taldeek, ordea, apustua berdindu eta igo dute. Hasteko, txapeldunak, Los Angeles Lakersek Dennis Schroder, Wesley Matthews, Marc Gasol eta Montrezl Harrell erakarri ditu Rajon Rondo, Danny Green eta Dwight Howarden hutsuneak betetzeko. Gasol txikiaren fitxaketarekin familiako istorioa biribildu da. 2007ko draftean, Lakersek Marc aukeratu zuen 48. postuan, baina gero Memphisen zegoen Pauengatik trukatu zuten. Horrela, gasoltarrak Los Angeleseko frankiziako historia luzean ariko diren lehen bi anaiak izango dira. Auzotarrak ez dira atzean geratu, eta Serge Ibaka eta Marcus Morris ekarri dituzte Lakersera joandakoHarrell ordezkatzeko —seigarren jokalari onenaren saria jaso du—.

Bigarren mailako hautagaien artean, 2017ko draftean hautatuak izan ziren izarrek kontratu maximoak sinatu dituzte: Jason Tatumek, DeAaron Foxek eta Donovan Mitchellek 195 milioi dolar jasoko dituzte bost urtetan, Bostonen, Sacramenton eta Utahn, hurrenez hurren. Agente libre nagusiak kokatuta daude, baina NBA osoa Houstonera begira dago. James Hardenek eta Russell Westbrookek, dirudienez, alde egitea eskatu dute, Daryl Moreyk eta Mike D'Antonik egin bezala. Merkatua eztandarazi dezakeen mugimendua Hardenekin lotuta dago. Bolo-bolo dabilen zurrumurruaren arabera, eskoltak Brooklynen jokatu nahi du Kevin Durant eta Kyrie Irvingekin batera. Boom.

Apurrak. Mundu osoa dago NBAko merkatura begira, bertako mugimenduen oihartzuna toki guztietara heltzen baita. Estatu Batuetako fitxaketa epea amaitu ostean, Europako klubek bigarren aukera bat izango dute taldeko hutsuneak betetzeko edo gehiago indartzeko. Jokalari denek ez dute tokirik munduko ligarik onenean, eta, beraz, apurrekin konformatu behar dira. Aske geratzen diren jokalari horien atzetik ariko da, besteak beste, Baskonia, Kadeem Carringtonek utzitako atzerritar hutsune hori betetzeko eskolta baten bila. Egunotan oso adi dagoen taldeetako bat Real Madril da. Facundo Campazzok kontrako bidaia eginen du, eta Atlantikoa zeharkatuko du Denverren jokatzeko. Garesti irtengo zaio hegazkina antolatzaile txikiari. NBAko taldeek gehienez 725.000 euro ordaindu ahal dituzte Europako talde bateko jokalari bat hartzeko, eta argentinarraren etete klausula 6 milioikoa da. Beraz, Campazzok berak Nuggetsen jasoko duen diruarekin ordaindu beharko du apurka-apurka bere fitxaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.