mikel reina
HIRUKOTIK

Mirariak eta zortea

2021eko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Matematikak. Kirol profesionalean mirari edo zorte hitzek ez dute kabidarik. Lana dago denaren gainetik. Hala ere, puntu epiko horrek beti emango dio emaitza bati kutsu berezi bat. Azken unean lortutakoa bada, hobe. Kirol bakoitzak bere uneak ditu, saskibaloian, esate baterako, segundo gutxi batzuek minutuak iraun ditzakete. Onerako edo txarrerako. Segundo batean dena aldatu daiteke. Klik. Esan diezaiotela bestela Bilbo Basketi, beste urtebetez izango baita ACB ligan. Kirolean ez dago ezinezkorik. 35 partidetan zazpi garaipen soilik eskuratu, eta azken bostetan hiru lortu ditu. Matematikak agian ez dira hain zurrunak eta zehatzak izango. Fuenlabradaren, Burgosen eta Joventuten aurkako garaipenetan 90 puntuen langa gaindituta, normalean batez beste 80 sartzen dituztenean. Hiruko portzentajeek ere lagundu diete: %43 eta kataluniarren aurka hamazazpi hiruko, taldearen inoizko markarik onena. Zortearen aurrean datuak.

Beraz, Gipuzkoa Basketekin batera, Estudiantes arituko da datorren denboraldian Urrezko LEB ligan. Azpeitiko eta Azkoitiko Iraurgik dagoeneko ziurtatuta dauka bere postua bigarren mailan, baina baliteke beste talde euskaldun bat sartzea ere. Zornotzak Bartzelona B-ren aurka jokatuko du igoera faseko finala. Lehen lehia gaur bertan izango da Larrea kiroldegian, 19:00etatik aurrera, eta bigarrena larunbatean, 19:15ean, San Joan Despin.

ACB ligan oraindik kanporaketak falta dira. Azken orduan aldaketak izan dira, eta ez, ez dira burbuila eran jokatuko. Bartzelonak ostiraletik aurrera Kolonian jokatuko duen Euroligako Lauko finalagatik eta ekainean dagoen Olinpiar Jokoen aurreko sailkatze txapelketengatik kanporaketak murriztu egin dituzte. Hiru partidetara izango dira denak, eta taldeek astebeteko prestakuntza izango dute, lehen lehiak maiatzaien 31n hasiko baitira. Real Madril-Kanaria Handia, Bartzelona-Joventut, Tenerife-Burgos eta Valentzia-Baskonia dira neurketak. Arabarrek kantxa faktorea galdu dute liga erregularreko azken jardunaldietan. Erabakigarria izan daiteke. Gasteizko taldeak Fontetan jokatu dituen ligako azken 11 partidetatik, bi alditan soilik eskuratu dute garaipena. Horrez gain, Valentziako pabiloian 1.500 zale sar daitezke, eta Buesa Arenan ezin dira sartu.

Ezberdinak. Ikuslerik egongo ez den beste toki bat Euroligako Lauko finalean izanen da, Koloniako (Alemania) Lanxess Arenan. Ikusle presentzialak behintzat, telebistaren beste aldean asko izango baitira. Ostiralean jokatuko dira finalaurrekoak, eta igandean, 20:30ean, finala. Urtebeteko hutsunearen ondoren, Euroligako garaikurrak jabe berri bat behar du. Lehen finalerdian, 18:00etan, Efesek eta CSKA Moskuk neurtuko dituzte indarrak, eta bigarrenean, 21:00etatik aurrera, Bartzelonak eta Milanek.

Bi lehia, zein baino zein ezberdinagoak. Hasteko bi talde erasokor, liga erregularrean saskiratzen gehien sartu dituztenetako bi, batez beste 84 puntutik gora biak ala biak. Efes faborito argia zen iaz txapelketa bertan behera geratu zenean, eta zalantzaz beteriko hasiera baten ostean, laugarren Lauko Finalera heldu da. Asko falta zaizkie errusiarren hamazazpi agerpenetara heltzeko, azken zortziak jarraian. Esperientzia garrantzitsua izan daiteke. Turkiarrek jokamolde argia daukate, blokeo zuzenen bidez garatzen dute dena, bi maisu dituzte horretarako: Shane Larkin eta Vasile Micic. Serbiarrak garaikurrarekin besapean joan nahiko du NBAra. CSKA Moskuk, aldiz, ez du faltan bota Mike Jamesek utzitako hutsunea. Bi taldeen arteko azken hamahiru partidetatik soilik bi galdu dituzte errusiarrek.

Bestetik, bi talde defentsibo. Biak Lauko finalean egoteko diseinatu zituzten. Sufrituta baino ez dute hutsik egin. Sarunas Jasicekivicius eta Ettore Messina horretarako fitxatu zituzten. Bartzelona Euroligako defentsarik onena izan da, batez beste 73 puntu bakarrik jaso ditu. Milanek, ordea, baloia ezin izan du hobeto zaindu, galdutako hamar batez beste soilik. Erasoan ere onenetarikoak izan dira, hirukoetan alegia, kataluniarrak zein italiarrak %40tik gora. Historiaren zama dute gainean. Biek Istanbulen hartu zuten parteazken aldiz Lauko finalean: Bartzelonak 2012an, eta Milanek, 1992an. Hori ere miraria edo zortea ote?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.