mikel reina
HIRUKOTIK

2001

2021eko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Bartzelonatik mundura. Joan den asteartean argazki bat ikoniko bilakatu zen sare sozialetan. Beste bat. Beste behin. Pau Gasolek ACBko garaikurra musukatzen zuen argazki hori. Duela 20 urte, NBAra joan aurretik, egin zuen bezala. Berdin berdin. Adinak ez dio axola pibotari, zenbaki huts bat da. Hortik harago doa kataluniarra. 41 urterekin ACBLigako kanporaketetako marka berri bat ezarri du. 1,13 puntuko balorazioa eskuratu du minutuko, kantxan egon den 128 minutu eta 33 segundoetan 146ko balorazioa lortu du. Beste inork ez du puntu bateko langa hori pasa, Arvydas Sabonisek 0,97, Walter Berryk 0,93, Marc Gasol bere anaiak bezala. Zalantza asko zeudenharen egoera fisikoarekin, azken bi urteetan ez du jokatu oineko lesioak direla medio. Baina talentua beti inposatzen da. 11,6 puntu, 5,9 errebote eta asistentzia bat lortu ditu kanporaketetan kantxan egon den batez besteko hamasei minutuetan. Zenbaki horiek 40 minutura luzatuz, 28,9 puntu eta 14,6 errebote lortuko zituen. Ez da harritzekoa Andres Montes esatari famatuak E.T. ezizena jarri izana.

Duela zazpi urte jokatu zuen Bartzelonak bere azken Euroligako Lauko Finala. Aurten sailkatzea lortu zuen, baina finalean kale egin zuten. Duela zazpi urte irabazi zuen bere azken ACB Liga. Sarunas Jasikeviciusek, bere lehen denboraldian, Liga eta Espainiako Kopa poltsikoratu ditu. Ez da hasiera makala. Beste aldean dago Pablo Laso. 2020-2021 denboraldian Espainiako Superkopako garaikurra altxatu du bakarrik. Real Madrilen daramatzan hamar urteetako bere denboraldirik kamutsena da tituluei dagokionez. Hori bai, ez da inoiz esku hutsik geratu. 2011-2012 eta 2016-2017 denboraldietan, behintzat, Espainiako Kopa irabazi zuen. Egiari zor, arazoak bata bestearen atzetik izan ditu Facundo Campazzo eta Gabriel Decken irteerekin edo Anthony Randolph edota Trey Thompkinsen lesioekin. Hala eta guztiz ere, Pablo Lasok beste bi urterako luzatu bere kontratua: Real Madrilekin 2023a arte, hain zuen.

Entrenatzaileak. Pau Gasolek bere azken ACB liga irabazi zuenean, 2001ean, Aito Garcia Reneses zegoen Bartzelonaren aulkian. 74 urterekin Alemaniako txapeldun izatea lortuAlba Berlinekin, Municheko Bayerni kanporaketetako finaletan 3-1 irabaziz. Azken garaipenean, Jayson Grangerrek denboraldiko zenbakirik onenak lortu zituen 29 puntu saskiratuz. Nahiz eta Euroligan historian lehendabizikoz Bayern zortzi talde onenen artean sartu, herrialdeko txapelketan indarra galtzen ari da pixkanaka. Azken lau txapelketetatik Albak hiru irabazi ditu: 2020ko liga eta kopa eta 2021eko liga.

Italian ere esan daiteke ezustekoa egon dela, eta entrenatzaileek berebiziko protagonismoa izan dutela. Boloniako Virtusek bere lehen scudettoa irabazi du 20 urte luzeren ondoren. Bai, berriro ere. 2001. urtean izan zen azkena. Ettore Messinaren Milani bide errazetik irabazi diete zazpi norgehiagoketara jokatutako finalean, lau garaipen. Hala ere, liga txapeldun izatea ez da nahikoa izan Sasha Djordjevic entrenatzaile serbiarrarentzat. Italiarren helburu nagusia datorren sasoiko Euroliga aritzea zen, eta ez dute lortu. Eurokopako finalerdietaraino ez zuten partidarik galdu, baina unerik garrantzitsuenean kale egin zuten Teodosicek, Belinellik eta enparauek. Kaltetuena, betikoa, entrenatzailea. Oraingoan ez da atzera bueltarik egon. Abendu hasieran zuzendariek bota zuten, baina jokalarien presioen ostean, 24 ordu bete ez zirenean oraindik, bere kargura itzuli zen. Sergio Scariolok hartu du haren lekua, Toronto Raptorsen laguntzaile aritu ondoren.

Dagoeneko ia txapeldun denak erabakita daude. Falta den bakarrenetariko bat Frantziakoa da. Atzerapen handiarekin doaz. Pandemiagatik, hasiera baten partiden egutegia moldatu zuten jardunaldi baten eta bestearen artean egun gehiago utziz. Orain justu kontrakoa. Bi edo hiru partida astean. Jokalariek kanporaketak ez jokatzeko mehatxua egin zuten. Gainontzeko Europako ligetan ez da sorpresa handirik izan. CSKAk beste behin irabazi du VTB liga, fase erregularra lehen postuan amaitu ez zuen arren. Ez oso urrun, Lituanian, Zalgirisek bere 11. garaikurra irabazi du jarraian. Grezian, Olympiacos gabe, Panathinaikosek aise menderatu du Lavrio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.