Iker Tubia.
FERMIN 'EZ-DEUNA'

Ongi etorri 'San Fermin park'-era!

2020ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
XIX. mendea balitz, ailegatuko lirateke kolore biziz margotutako gurdietan, musikarekin hiritar guzien arreta bereganatuz, eta, hiriari itzulia eman, eta han muntatuko lukete atrakzioa: «Etorri, jaun-andreok! Etorri eta ikusi munduko bitxikeriarik liluragarrienak!». Eta jendea gerturatuko litzateke, harriturik, begiak pixka bat gehiago zabalduko lizkiokeen zera hori ikusteko gogoz. Sartu, kaiolan dagoen izaki harrigarria minutu batez goitik behera begiratu, eta hurrengoari bidea libre utzi.

Geltoki zaharrean eski pista muntatu nahi zuen Enrique Maiak, pandemia garaiko San Ferminen omenezko meza nagusira bere izenean joaten den Iruñeko alkateak. Ziudadela erakustokian taberna bat falta zela ere bota zuen; artelanak? Hobe kaña bat terrazan. Eta ez ote den hasi pentsatzen atrakzio berri bat irekitzea: San Fermin park. Aterako litzateke atarira, fraka soinean eta txistera eskuan, jendea erakarri nahian: «Etorri, jaun-andreok! Etorri, eta ikusi munduko bitxikeriarik liluragarrienak!». Eta jende normala gerturatuko litzateke, harriturik, begiak pixka bat gehiago zabalduko lizkiokeen zera hori ikusteko gogoz. Sartu, kaperan dagoen izaki harrigarria minutu batez goitik behera begiratu, eta hurrengoari bidea utzi.

Azkenean, Javier Leoz apaizak izan du burutazioa. Aurten, San Fermin konfinaturik gelditu da San Lorentzo elizan, eta pentsatu du jendeak urte osoan han dagoen irudia ikusi nahiko lukeela uztailaren 6tik 14ra. Muntatu du atrakzioa: sartu San Lorentzotik, maskara eta hidrogela, segi markatutako bideari, otoitz txiki bat santuaren aurrean, eta atera San Frantzisko kaletik. Eta sarrera? Utzi borondatea saskitxoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.