Nekane Goikoetxea.
Euskaldunak eta euskal kultura. IRITZIA

Aulkiak

2018ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Estatistikak aulkiak bezalakoak dira, bertan eseri eta inguruan duzuna gainbegira dezakezu. Gizakiak, aulkian esertzean, beta hartzen du atsedenerako, pausarako eta gorputza nahiz arnasa lasaitzearekin batera, martxan jartzen da behaketa eta irizpena.

Postura horretan ikusi dugu Joxemari Sors beteranoa prentsaurrean, Siadeco enpresako (zoriondu beharreko beste beterano bat) Juanjo Allurrekin batera. Euskal herritarren, eta berariaz euskaldunen, kultur kontsumoa aztertu dute eta iritzi euskarazko produktuen kontsumoa areagotzeko berariazko politika bat egin behar dela. Komunitate gisa ditugun ezaugarri soziolinguistikoek ahalbidetzen omen dute kultur kontsumoa handiagoa izatea.

Eseri gaitezen geu ere aulki batean. Aurkeztu dituzten datuen parekoak izan ditugu guk ere gure fakultatean iaz hezkuntza graduak ikastera etorri ziren lehen mailako ikasleen artean. Azken urtean zinemara edo kontzertu batera maiztasunez joan dira ikasleen %50, ikuskizun edo erakusketa batera %36, eta liburutegira %60. Liburutegira doazen %35ek irakurri dituzte euskarazko lanak eta %55ek gaztelaniazkoak. %66k Internetez (streaming bidez batez ere) egunero edota astean behin baino gehiagotan ikusten dituzte filmak, eta %12k astean behin. Musika doan kontsumitzen dute guztiek eta jaialdi batera joan dira azken urtean ikasleen %71. Jaialdi batera joan ohi diren ikasleen azken kontzertuaren hizkuntza euskara izan da kasuen %91n. Egunkaria egunero erosten duten etxeetan bizi dira ikasleen %49. Ikasleen %80ren etxeetan liburu asko dago, eta %83ren etxeetan musika tresnaren bat. Museo edo antzokietara nagusiki ikastetxearekin (heren bat gurasoekin) joan dira, kaleko jaialdietara lagunekin.

Gure artean ere tendentzia orokorrak gertatzen dira. Ez gara luzatuko okerdura nagusiak azpimarratzen, erronka teknologikoa, merkatuen globalizazioa, indibidualizazioa. Fakultateko ikasleak gure gizartearen aulki-jokora jolasten dira. D eredutik datoz ia guztiak, heren bat da erdal elebiduna ezinbestez eta beste heren bat praktikan. Gizarteko logikak erreproduzitzen dituzte. Beraiekin lan hezitzailea egiteko ez dira interesgarriak kutsu kulpabilizatzailea duten titularrak. Kontsumitzaile badira, baina baita sortzaile ere.

Irudikatu orain Esther Ferrerren aulkien instalazioetako bat. Badu bat, orain Guggenheimen ikusgai dagoena, aulki bat bestearen gainean dituena. Oreka badu instalazioak, baina oreka hauskorra. Zenbat eta gorago aulkia, perspektiba handiagoa da; baita desoreka arriskua ere. Behean eserita geratuz gero, berriz, dena gainera erortzeko arriskua. Aulkitik altxatzera gonbidatzen gaitu performancearen artistak, eta objektuaren funtzionalitatea berrikustera.

Kulturak horixe eskaintzen digu, subtestuak irakurtzeko gonbita egiten digu. Eta gure irudimena performatzekoa. Euskal kulturgintzari buruz egin diren azken doktore tesiak arakatu ditugu hurrengo Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondoa prestatzeko. Badira filosofia adarrekoak, literatur arlokoak, soziologiakoak, historiakoak, baina artearekin loturikoak dira nagusi. Datu bat da.

Sorsen agerraldiaren subtestua ekintza performatibo bat da. Euskal kulturaren egitura sendoenetako batek, datuak eskutan, iradokitzen digu instalaziotik aulkiak erori egin direla. Euskarazko prentsaren diru-laguntzaren afera pentsiodunen 0,25aren parekoa ez ote den, aizue... Zer esan sortzaileen bizi-baldintzez? Gai intimoa izatetik gai politikoa bihurtzen ari da. Kultura eta ekonomiaz aritu ginen iaz EKT graduondoan, agortzen ez den gaia baita, eta bulegoetan lehen lerroan dagoen gaia izanik ere, kultur ikasketen ikuspegitik gutxi landu baita.

Utz iezadazue, bukatzeko, besaulkiei begiratzen. Ez dut kritika merkerik egiteko asmorik. Arretaz jarraitzen dugu euskal kulturgintza zabalaren egituretan nola ari den gertatzen belaunaldi aldaketa. Nola gertatzen edo inprobisatzen den besaulkiaren trukea. 60ko hamarkadan lehenik eta 80koan bigarrenik eraikitako egiturak lideratzen ari zen belaunaldia erretiratzen hasia edota erretiratu da. Gizartetik sortutako enpresetan, Jaurlaritzako sailetan, udal askotako bulegoetan, hedabideetan, ikastoletan, argitaletxeetan, euskal girotze barnetegietan, kultur elkarteetan «gure esku dago» filosofia praktikatu duen jende-multzoa badoa. Honaino ekarri dute eguneroko artea, bistan denez dena ez dagoelako gure esku. Aulkiak eguneroko objektuak dira, artistikoak ere bai XX. mendeko abangoardien lanaz geroztik. Nola begiratzen diren. Nor berean eseri liteke aulki-jokoan legez ala besteekin orekan. Sortzaileen instalazioei begira jarraituko dugu, gure etxetik hasita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.