Zalgiris Kaunas 79-87 Kirolbet Baskonia

Pazientziaz eta serio

Baskoniak garaipen batekin hasi du, Kaunasen, Euroligako ligaxka. Hirugarren laurdenean hautsi du lehia, eta laugarrenean erabaki.

Baskoniako Jayson Granger barneraketa bat egiten, aurrean Zalgiriseko Thomas Walkup duela. VALDA KALNINA / EFE.
ainara arratibel gascon
2018ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Zalgiris Kaunas Wolters (19), Walkup, Jankunas (6), Ulanovas (9), Davies (6),—hasierako bostekoa— Sabeckis (), Westermann (6), Birutis (7), Milaknis (12), White (7), eta Girgionis (7) .

Kirolbet Baskonia. Janning (11), Granger (15), Diop (), Shields (14), Xengelia (12) — hasierako bostekoa— Vildoza, Voigtmann (2), Huertas (11), Poirier (8) , Garino (2), eta Hilliard (7).

Markagailua. 24-22; 39-42— atsedenaldian— 53-63; 79-87.

Bestelakoak. 15.107 ikusle Kaunasko Zalgirio Arena pabiloian.

Aurreko sasoiarekin alderatuz, oso modu eta aldarte desberdinean hasi du Baskoniak Euroligako ligaxka. Iragan denboraldian lehen lau partidak galdu zituen erreskadan. Oraingo honetan, berriz, lehendabiziko partidan lortu du aurreneko garaipena. Izan ere, 79-87 hartu zuen atzo mendean Zalgiris. Itxura serioa eta fidagarria emanez egin zuen, gainera, talde arabarrak. Lehen bi laurdenetan joan zen garaipenerako zutarriak jartzen; hirugarrenean hasi zen partida apurtzen, 0-8ko partzial batekin, eta, laugarrenean utzi zuen erabakita. Arabarrek badakite zein den bidea Euroligan.

Partida hasiera ez zen, dena den, Baskoniak nahi bezalakoa izan. Zalgirisek presio estua ezarri zuen Baskoniako joko antolatzaileen gainean, eta Pedro Martinezen taldeari kostatu egin zitzaion baloia mugitzea eta jokoaren erritmoa ezartzea. Granger, Janning eta Vildoza ezinean aritu ziren lehen minutu horietan. Aitzitik, lituaniarren bi joko antolatzaileek min handia egin zuten, bai barneraketen bidez, baita barruko zein hegaleko jokalariei jaurtiketa onak ahalbidetuz ere. Baskonia ez zegoen eroso, ezin zuelako korrika egin. Gainera, uztaipeko jokalariak bilatzeko zailtasunak zituen. Baina une zail horietan lasai egoten jakin zuen, eta hiruko jaurtiketei esker— lau sartu zituen lehen laurden horretan— etxekoek errenta esanguratsurik ez izatea lortu zuen. 24-22 amaitu ziren lehen hamar minutuak.

Baskoniak bazekien partida irabazteko lan isila egin beharko zuela. Hala, bigarren laurdenean defentsan koska bat gehiago estutu zuen. Zalgirisek hamabost puntu baino ez zizkion sartu. Gainera, jabetza bakoiza pazientziaz landu zuen. Horri esker, zenbakiak hobetzen joan zen. Atsedenaldian, gutxigatik bada ere, Baskonia hobea zen errebotean, lapurtutako baloietan... Emaitza horren isla zen, Pedro Martinezen taldea aurretik joan baitzen aldageletara: 39-42.

Hirugarren laurdena bide beretik joango zela zirudienean, Baskonia partida puskatzen hasi zen. Marcelinhoren gidaritza erabakigarria izan zen. Izan ere, Pedro Martinezek partida 49-51 zegoela atera zuen antolatzaile brasildarra, eta berehala hamar puntuko aldea lortu zuen Baskoniak:49-59.

Laurdena amaitzeko bi minutu falta ziren. Kolpea izan zen hori Zalgirisentzat. Pilatutako nekeak, gainera, partida iraultzeko ahalmenik gabe utzi zituen lituaniarrak. Baskonia, berriz, konfiantzaz ari zen. Laurden horretan, Marcelhinoren lana izan zen ikusgarriena, baina lan nekaezina eta baliotsua egin zuten Diopek, Shieldsek eta Hilliardek. Defentsan berriro ere lan bikaina egin zuten arabarrek, hamalau puntu baino ez zituzten jaso

Azken hamar minutuetara hamar puntuko abantailarekin ailegatu zen Baskonia: 53-63. Laurden horretako lehen zazpi minutuetan arabarrek ohikoa duten joko bizia egin zuten, eta Grangerrek duen eskumutur fina erakutsi zuen, ia erreskadan hiru hiruko sartuz. Hala lortu zuten arabarrek norgehiagokako alderik handiena; hemezortzi puntukoa lau minutu falta zirenean: 63-81. Hortik aurrera, lehia erabakita zegoela ikusita, lasaitu egin ziren, eta Zalgirisek aldea murriztu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.