Pausoa bai, baina atzera

Espainiako Kopako partidek agerian utzi dute Osasunako titularren eta ordezkoen arteko aldea. Aulkian izan ohi direnek ez dute baliatu aukera, eta, hala, nekez egongo dira gaur hamaikakoan, Levanteren aurka.

Marc Cardona, Recreativoko jokalari batekin lehian, asteartean. JULIAN PEREZ / EFE.
enaut agirrebengoa
2020ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Futbol talde bat ez dute soilik 11 jokalarik osatzen. Titularrak jokalaririk onenak izaten dira, edo sasoikoen daudenak, baina ordezkoak ere funtsezkoak dira. Beren onena emanez gero, mugara eramaten dituzte haien lehiakideak. Hobetu egiten dituzte. Gainera, eskema eta planteamendu ezberdinak egiteko aukera ematen diote entrenatzaileari. Argudio onak emanez gero, hamaikakoko atea irekitzen zaie maiz. Bada, Osasunako ordezkoek ez dute oraindik txirrina jo. Aukera ona izan dute Espainiako Kopako lehen kanporaketetan, baina gehienek ez dute baliatu. Itxura eskasa eman dute Espainiako Bigarren B Mailako bi aurkariren kontra, eta estutasunetan jarri taldea. Hartara, Jagoba Arrasatek ligan ari diren jokalariak zelairatu behar izan ditu Haro eta Recreativoren aurkako lehiak iraultzeko.

Juan Perez atezaina da salbuespenetako bat. Oro har, itxura sendoa eman du orain arte. Ligan, gelditu erabakigarriak egin zituen Espanyolen eta Sevillaren aurka. Kopan, ordea, hutsak eginditu. Nabarmenenak, Recreativoren bigarren golean: lehenik, baloia gaizki urrundu zuen, eta, gero, ez zuen hartzen asmatu. Azkenean, Roncagliak bere atean sartu zuen gola. Zoritxarreko jokaldia izan zen argentinarrarentzat. Gainontzean, zortea baino gehiago, grina falta izan zitzaion. Utzikeriaz jokatu zuen gorritxoek jasotako lehen golean; uko egin zion bi lehiatan jauzi egiteari. Aurrez ere, ez zebilen fin. Bi txartel gorri ikusi ditu jada: Espanyolen aurka, neurriz kanpoko sarrera egiteagatik, lehendik txartel horia zuela; eta Realaren kontra, zuzenean izan zen egotzia, Le Normandi ukondokada eman eta gero.

Aurrealdean, berriz, ekarpen urria ari dira egiten Juan Villar eta Marc Cardona. Ligan gol bana sartu dute, eta Kopan, berriz, oso gutxi agertu dira, titular gisa aritu arren. Recreativoren aurka, aurrerapausoa ematen saiatu zen Cardona, eta aukera onak izan zituen bigarren zatian. Ordea, kale egin zuen ate aurrean. Gorritxoek 2,5 milioi euro ordaindu zizkioten Bartzelonari haren truke; gehiegi, kataluniarrak orain arte egin duen lana ikusita. Bolada distiratsuak izan ditu —jokaldi ikusgarriak egin zituen Mallorcaren aurka, golean adibidez—, baina tantaka agertu da. Beste horrenbeste esan daiteke Juan Villarrez. Etxean bi neurketa on kateatu zituen, Alavesen eta Athleticen aurka, baina bestelakoan, oso gutxi eman dio taldeari.

Erizaindegia hustu egin da azken asteetan; beraz, indartuz joan beharko litzateke nafarren aulkia. Robert Ibañez ez dago oraindik sasoi betean; Iñigo Perez eta Unai Garcia, berriz, hobera doaz gutxinaka. Jokatzeko prest dagoen azkena Kike Barja izan da. Taldeari on egingo diote haren abiadak eta trebeziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.