Hilabete eta erdiko bolada txarra eten nahi du gaur, Eibarrek, Unben

ainara arratibel gascon
2021eko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Beste liga jardunaldi bat izango dute asteburu honetan Eibarrek, Realak eta Athleticek. Iker Dorronsororen taldeak gaur jokatu du, Unben, Levanteren kontra (14:00). Sailkapeneko zulotik urrun egon arren, Eibar ez dago bolada onean. Hilabete eta erdi darama irabazi gabe, eta berandu baino lehen hasi nahi du puntuak hirunaka batzen.

Levante, ordea, aurkari gaiztoa da horretarako. Maria Prik zuzentzen duen taldea bigarren dago sailkapenean. Dorronsorok badaki partida «zaila» izango dela. «Levante oso talde ona da. Gauzak oso ondo egiten ari da, eta batez ere defentsan oso ordenatuta jokatu beharko dugu». Bolada txarrean egon arren, Dorronsoro lasai dago. «Aurkari gogorrak izan ditugu aurrean. Baina orain arte bezala lehiatzen jarraitzen badugu, ez dugu zertan urduri jarri». Noelia atezaina da gaurko partidarako duen gabezianagusia. Orpazurdan min hartu zuen Bartzelonaren aurkako aurreko asteburuko partidan, eta ebakuntza egin behar izan diote. Sasoi honetan ez du gehiago jokatuko.

Bihar izango da Realaren eta Athleticen txanda. Natalia Arroyoren taldeak Deportivo hartuko du Zubietan (13:00). Atzo hitz egin zuen Arroyok, eta gogorarazi zuen Galiziako taldea aurkari arriskutsua dela azken postuan egon arren. «Erasoan ahalmen handia du. Oso adi egon beharko dugu, bestela estu hartuko gaitu». Real Madrili irabazi ostean, Europarako sailkatzeko borroka horretan segitzen dute txuri-urdinek. «Taldea ondo ikusten dut, eta borroka horretan egoteko aukerekin. Horretarako gakoa erreskadan garaipen batzuk pilatzea izango da. Hori falta zaigu». Iraiak min hartuta segitzen du orkatilan.

Kolpea jaso zuen iragan asteburuan Athleticek, azken unean Betisen aurka galduta. Bihar ezinbestean irabazi behar dio Sporting Huelvari Lezaman (13:00), egoera gehiago korapilatzea nahi ez badu. Ikusteko dago Erika eta Jone Ibañez osatu diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.