Ane Zabala. Kazetaria

«Euskal kulturarentzako plaza izaten saiatuko gara, betiko moduan»

Asteartero, euskal kulturari tartea egiten dio Ane Zabalak Bilbo Hiria irratiko 'Piperpolis' saioan. Berak egindako gogoeta eta bakarrizketak sortzaileei egindako elkarrizketekin tartekatzen ditu.

BERRIA.
Julen Aperribai.
2016ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Goiz hasi zen Ane Zabala (Bilbo, 1975) hedabideen mundua ezagutzen. Galder Perez aktore eta kazetariarekin batera hasi zen Radio Euskadin kolaborazioak egiten, hamaika urte besterik ez zuela. Ordutik, telebistan ere ibili da, Hamaika telebistako Artekale saioan, hain zuzen ere. Iaz utzi zuen, Bilbo Hiria irratiko koordinatzaile bihurtzeko. Hango Piperpolis saioaren gidaritza aspaldi hartu zuen, baina, bestelako hedabideak oraingoz albo batean utzita, irratian dabil orain bete-betean.

Prentsa idatzian, telebistan eta irratian arituta, egun hainbeste entzuten den multimedia kazetari terminoaren adibide garbia zara.

Multimedia kazetari terminoarekin zoratzen hasi garela ematen du, baina egia da gaur egun kazetariok denetarik egin behar izaten dugula. Komunikatzeko modu asko daude, eta ahalik eta eraginkorrena izaten saiatu behar gara. Jada ez da nahikoa mezua zabaltze hutsarekin, gainera; eta, zenbat eta komunikatzeko tresna gehiago ezagutu, hobe. Prentsa idatzia, telebista, ahozko komunikazioa, sare sozialak... denetarik egiten jakin behar dugu kazetariok.

Kulturaren inguruko magazin bat da zurea. Halako gaiak lantzen dituzten saio gehiago aurki daitezke hedabide txikietan, handietan baino. Zergatik ote?

Hartzailearen pentsamendua eta interesak bideratzeko nahia dago atzean. Irratian, esaterako, kantu bat osorik jartzeko ohitura ere galtzen ari da. Informazioari eta gaur-gaurko gaiei tarte handiegia eskaintzen zaie, eta kultur arlokoei, txikiegia. Kulturak pentsatzeko eta hausnartzeko aukera ematen du askotan: jarrera kritikoa izatera bultzatzen du hartzailea. Jarrera hori ez sustatzeko nahia egon daiteke atzean.

Berrikuntzarik izango al du Piperpolis-ek denboraldi berrian?

Berrikuntza nagusia martxan jarri berri dugun Utopiaren postontzia espazioa izango da. Bertan jasotako gutunak irakurriko ditugu saioan. Irratiaren beste aldean dagoenari parte hartzeko aukera eman eta askotariko istorioak jaso nahi genituzke. Bestela, betiko moduan, kulturarentzako plaza izaten saiatuko gara.

Kazetaritzaz gain, arte dramatikoa ere ikasi zenuen. Antzerkian ere ibili zara. Zertan da lagungarria esperientzia hori irratian?

Bada antzik bien artean, biak komunikatzeko tresna diren heinean. Antzerkia ere komunikazioa dela ulertzen dut nik. Norberaren gorputzetik istorioak kontatzen dira. Fikziozko istorioetatik abiatzen gara, normalean, antzerkian. Kazetaritzan, aldiz, errealitateari lotuago gaude. Badute zer ikusia, bi kasuetan zerbait kontatzeko nahia dagoelako atzean, baina edukian agian ez horrenbeste.

Telebistan ere, orain irratian bezala, kulturako gaiak landu izan dituzu. Hala suertatu delako izan da, ala interes pertsonalak ere horretara eraman zaitu?

Egia da kulturan aritu izan naizela urte askoan, eta plaza hori gustatzen zait. Gainera, sortzailea naizen heinean, gainontzeko sortzaileekin hitz egiteko aukera ematen dit. Oso hausnarketa interesgarriak atera ohi dira. Euskal Herrian sorkuntzako alor desberdinetan aritzen den jende asko dago, eta oso aukera gutxi izaten dute euren lanaren berri emateko. Horien guztien plaza izatea gustatzen zait.

Bada esaten duenik euskal kulturak hainbat arlotan —musikan, adibidez— erreferenteak izan zituela garai batean, eta egun falta dituela. Ados al zaude?

Kultura atomizatu egin da, eta lehen baino jende askoz ere gehiagok sortzen du. Erreferenteak badaude, hala ere, eta asko gainera. Behar duguna da jendeak horiek ezagutzea. Falta direnak irakurleak, ikusleak eta entzuleak direla esango nuke. Hartzaileak kezkatzen nau. Jende oso gutxi informatzen da euskarazko hedabideen bidez, eta, era berean, euskal kultur jarduerak kontsumitzen eta haiekin gozatzen dutenak gutxi dira. Sortzen denaren kalitatean baino gehiago, sortzen den hori jasoko duten horiek gutxi izatean ikusten dut nik arazoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.