mikel p ansa
Zaldibarko zabortegia. ANALISIA

Verterren praxi okerrak jopuntuan

2020ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Amildu zenean bi langile zanpatu zituen azpian Zaldibarko zabortegiak. Eta ia haiek bilatzea bezain zaila suertatzen ari da Verter Recyclingen azpiegituran gertatzen zena azalera ateratzea. Ezer ez da sinplea auzi honetan, eta bistakoa zen kasua ikertzen ari diren epaitegien lana ere ez zela erraza izango. Euskal Herriak azkeneko hamarkadetan ezagutu duen hondamendi ekologiko handiena ezustekoz betetako auzi bat suertatzen ari da, eta halaxekoa izan da azkeneko kapitulua ere, enpresaren jabe eta kudeatzaileen atxiloketa.

Ezustekoa, Jaurlaritzako jarduneko gobernuko kideek egunean bertan izan zutelako atxiloketen berri, hain justu Zaldibarren bertan ekitaldi bat egitekoa zuten goizean. Ezustekoa, prozeduragatik. Ezustekoa, ikerketa hasi eta bost hilabete geroago atxilotu dituztelako, ustez instrukzioa aurreratua zegoenean. Eta ezustekoa, Segurtasun Sailaren eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren artean sortu den polemika harrigarriarengatik.

Azken horrek anekdota itxura du, eta ez luke gertakarien mamia baldintzatu behar. Atxiloketen berri emateko moduari buruzko gaizki-ulertu batzuk izan dira, BERRIAk kontsultatutako iturrien arabera. Baina, aste honetako gertakizunetan, garrantzitsuena ez da atxiloketa nork agindu zuen, baizik eta Ertzaintzak zer detektatu duen orain atxiloketa horiek egiteko beharra sumatzeko; eta epaileak zer ikusi duen Verter Recycling enpresaren hiru nagusiei zuhurtziagabekeriazko homizidioa leporatzeko.

Hor dago gakoa.

Epailearen ebazpena ez da ezagutzen oraindik, eta, beraz, Ertzaintzaren argudioak ere ez. Baina epaileak delitu hori leporatzeko zantzurik ikusi badu —eta hemendik aurrera hipotesien eremuan sartu behar da erabaki hori interpretatzeko—, izango da sumatu duelako enpresaren praxi okerrak zabortegia amiltzea eragin zuela, edo eragin zezakeela. Horrek hil baititu bi langileak.

Zertan oinarritu hori pentsatzeko? Auzia bi epaitegitan banatua dago. Durangoko Instrukzioko 1. sala —atxilotuei deklarazioa hartu diena— langileen eta pertsonen kontrako balizko delitua ikertzen ari da. Alegia, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran hil izanaren atzean balizko ardura penalik dagoen aztertzen dihardu. Enpresaren jabeei homizidio delitu hori egozteko arrazoirik ikusi badu, izango da epaileak sumatu duelako enpresaren jardun okerrak eraginen bat izan zuela haien heriotzetan. Hau hipotesi bat dela ahaztu gabe.

Ikerketak eta epaiketak zer bideri jarrai diezaioketen antzemateko detaile garrantzitsua izan liteke. Izan ere, instrukzioak har zezakeen beste bide bat, askotan gertatzen dena: langileei egoztea errua, enpresaren jabeak erantzukizunetatik libre utziz. Seguru asko, akusatutakoen defentsek saiatuko duten bideetako bat izango da: enpresaren jabeen errua arintzeko, zabortegiaren praxi txarraren erantzukizuna langileena zela argudiatzea. Baina itxura du Ertzaintzaren ikerketak eta epaileak orain egin duen urratsak ez diotela arrasto horri jarraitzen.

Bada defentsako abokatuak ahul ditzakeen beste puntu bat: bi abokatu talde kontratatu dituzte, eta, haien artean koordinatuko direla pentsa baliteke ere, erantzukizunak haien artean partitzeko orduan gatazka iturri izan liteke akusatuen artean, defentsa ildo diferenteak har ditzaketelako, zeinek bere interesen alde. Kontrara, ordea, jakin behar da izen eta esperientzia handiko abokatu bulegoak kontratatu dituztela akusatuek. Eta horrek ere pisua izango du.

Bestalde, astearteko atxiloketak legez kontrakoak izan zirela argudiatzen saia liteke defentsa. Baina horrek ere ez du zertan epaiketaren mamian gehiegi eragin. Salaketa aurkeztekotan, aparteko bide bat hartuko luke atxiloketei buruzko balizko kasu horrek, eta ez luke baliogabetuko zabortegiari buruzko kausa orokorra. Atxilotuek ez deklaratzeko beren eskubideari eutsi diote bai Ertzaintzaren aurrean, bai epailearen aurrean. Hortaz, eta atxiloketak haien oinarrizko eskubideak urratu ez baditu, auzi hori ez da askoz urrunago iritsiko. Ertzaintzak miaketa batzuk egin dituela ere azaldu du, baina zehaztu gabe non. Miaketa horiek epailearen baimena zutela esana du Ertzaintzak, eta, hala bada, miaketetan aurkitutako balizko frogak ere ez lirateke baliogabetuko. Hortaz, arreta desbideratu dezake atxiloketen gaiak, baina ematen du horrek ez duela auzi nagusian eragin nabarmenik izango. Betiere Ertzaintzak eta epaileak prozeduran hanka sartze larririk egin ez badute. Miaketak agindurik gabe egiteak frogak baliogabetuko lituzkeelako, adibidez. Eta argitzeko dago hori guztia. Edonola ere, hau guztia hipotesi bat dela gogorarazi behar da.

Beste auzia dago, bestalde, Durangoko Instrukzioko 2. sala ikertzen ari dena: Verter Recyclingek ingurumenaren aurkako deliturik egin ote duen ikertzen ari dena. Motelago doa horren instrukzioa, baina, aurrera egiten badu, derrigor nahasiko da langileen aurkako delituaren kausarekin, eta berriro ere enpresaren praxi okerraren gainean jarriko du lupa. Litekeena da etorkizunean bi kausek bat egitea, eta epaiketa bakar bat izatea, baina oraingoz instrukzioek aparteko bideak daramatzate, eta horrek ere ez du zentzu handirik, lekuko askok bi auzietan deklaratu behar baitute, antzeko gertakizunei buruz. Horrek adierazten du zenbateraino lotuta dauden bi kausak, eta ikustekoa izango da azken honen instrukzioak aurrera egin ahala zer ustekabe berri sortzen diren. Sortuko dira eta.

Enpresa esanguratsu askorentzat zerbitzu funtsezkoa ematen zuen Verterrek; produkzio sistemaren kate inportantea zen. Eta orain arte agertu diren lekukoen, hedabideen eta epaiketaren informazioek adierazten dute jardunbide oker ugari zerabiltzala. Eta horrek guztiak zuzenean seinalatzen ditu botere publikoak, haiena baitzen jarduera horren kontrolaren erantzukizuna. Eta, nahaste honetan guztian, hori da falta den kausa nabarmena: inongo epaitegirik ez baita ikertzen ari administrazioak Verterri zer nolako kontrola egin zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.