Eibar 2-2 Spotring

Baloia kendu eta zulatu dio

Hasi orduko joan da Eibar Kopatik kalera, Sportingen aurka itzulikoan berdinduta. Bisitariak oso eraginkorrak izan dira lehen zatian, eta 0-2 aurreratu dira. Etxekoek bigarren zati ona egin dute

Eibarreko Bigas eta Riesgo, burumakur, Sportingeko Pablo Perezek atzoko lehian sartu zuen gola ospatzen zuen bitartean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Alvarok (13. min). 0-2: Perezek (39. min). 1-2: Cucurellak (53. min). 2-2: Charlesek(87. min). Epailea. Gonzalez Gonzalez. Txartel horiak: Eibarreko Jordani eta Cucurellari, eta Sportingeko Espesori. Bestelakoak. 4.970 ikusle Ipuruan, eta Sportingeko hainbat tartean.

Irrikaz egongo ziren Eibarreko ordezko jokalariak Espainiako Kopa iristeko. Bai baitakite Jose Luis Mendilibarrek zertarako erabiltzen duen txapelketa hori: haiei jokatzeko aukera emateko. Azkar joan zaie, baina, pagotxa, edo batzuek alferrik galdu dute azkar asko. Izan ere, Kopatik at geratu da Eibar, Bigarren Mailako Sportingi bi partidetatik alerik ez irabazi eta gero. Joanekoan 2-0 galtzaile, eta atzo, Ipuruan, binako berdinketa.

Ordezko batzuen izenaren azpian marra gorria edo ixa handi bat jarriko zien atzo entrenatzaileak. Bi, behintzat, markatuak geratu dira puska baterako, lehendik ere ez bazeuden:Pere Milla eta Hervias. Biak hasieratik aritu ziren atzo, baina bigarren zati osoa harmailatik ikusi behar izan zuten. Hegaletan jarri zituen Mendilibarrek, eta bien ekarpena hutsaren hurrengoa izan zen.

Talde osoak egin zuen lehen zati eskasaren adibide baino ez ziren izan. Fede gutxirekin, lasaiegi edo harrokeria handiegiarekin atera ziren eibartarrak, eta, eskola garaiko futbol jokoan bezala, talde apalago bat azaldu, partida jokatzeko erronka jo, eta umemokoak nagusi. Baloia eskuetatik kendu handienei, eta, gainera, zulatu. Txikiak handi. Horrelakoa izan zen lehen zatia, Sportingek ondo antzean itxi zizkion erasoko ateak Eibarri: hegalak eta euskarrien sormena. Hori gutxi ez, eta Mendilibarrek bezperan esan zuena bete egin zen, entrenatzaileak hala gertatzea nahi ez zuela adierazi bazuen ere: «Ezin dugu hutsik egin, golen bat jasotzen badugu, oso zail izango dugulako kanporaketa gainditzea». Gol bat ez, bi sartu zizkion kanpoko taldeak, eta, bietan, oker larriak egin zituzten etxeko jokalariek.

Aurreneko kolpea hamahirugarren minutuan jaso zuen Eibarrek. Ondo sartu ziren kanpotarrak ezker hegaletik, eta oso gaizki jarri zen Eibar area barruan. Espesoren erdiraketa Alvarok bidali zuen sarera, buruz. Gaizki hasitakoa are gehiago okertu zen etxekoentzat, eta goletik hamabost bat minutu pasatu arte ez zen pixka bat suspertu. Baina, ordurako, bazen giroan halako uste bat, zeinaren arabera ezinezko baitzen kanporaketa iraultzea.

Aukeratxo batzuk izan zituzten Kikek eta Cardonak, baina bigarren kolpea 39. minutuan jo zuen Sportingek. Cardonak baloia galdu zuen areatik gertu, eta, berriz ere ezker hegaletik sartuz, Pablo Perezek dotore amaitu zuen jokaldia. Lehen ezinezkotzat jotzen zena are itxura itsusiagoa hartua zegoen, eta, bigarren zatia ikusita, garbi dago zer esan zien Mendilibarrek jokalariei atsedenaldian: ateratzeko harrotasun puntua eta adorea, behintzat itxura hobetzeko eta gutxienik partida ez galtzeko.

Aukera mordoa, baina bi gol

Bete zuten hori dena jokalariek, eta zati ona egin. Nagusi izan zen Eibar, eta hegaletatik asko sortu zuen, Cucurellarekin eta De Blasisekin. Baina, asmatu, bitan asmatu zuen: 53. minutuan Cucurellak berak, eta 87.ean Charlesek. Sportingen atezainak eta etxekoen erremate kaskarrek galarazi zuten handiren bat gertatzea atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.