Real Madril 3-4 Reala

Astindu, eutsi, sufritu, gozatu

Reala Espainiako Kopako finalerdietarako sailkatu da, Real Madrilen etxean irabazita. Txuri-urdinak une oro aurretik joan dira markagailuan, baina zuriek estu hartu dituzte amaieran. Isak bikain aritu da

Jon Ander De la Hoz.
2020ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Odegaardek (22. min.). 0-2: Isakek (54. min). 0-3: Isakek (56.min.). 1-3: Marcelok (59. min.). 1-4: Mikel Merino (69. min.). 2-4: Rodrygok (81. min). 3-4: Nachok (93. min.). Epailea. Mateu Lahoz. Txartel horiak Real Madrileko Militaori, eta Viniciusi; eta Realeko Odegaardi, Le Normandi, Zubeldiari. Txartel gorriak: Realeko Gorosabeli. Bestelakoak. 64.012 ikusle Bernabeun

 

Aspaldian halako arnasaldi sakonik hartu gabea zen Realeko zalea. Ezin bizita egon zen Real Madrilen aurkako azken minutuetan, partida noiz amaituko, baina sariak merezi izan zuen. Denetarik izan zuen neurketa baten ostean, Espainiako Kopako finalerdietan dira txuri-urdinak, non eta Santiago Bernabeun irabazita. Garaipen homerikoa izan zen.

Aste barruan ilusioaren eta etsipenaren arteko bizipenak bizi izan zituen donostiarren jarraitzaileak. Birao faltarik ez zen haien jiran final-laurdenetako zozketan Real Madril egokitu zitzaiela jakiterakoan. Munduko talderik handienetakoa da, garaikur gehien dituena, eta donostiarrak etxetik kanpora ariko ziren, gainera. Erronka zaila zuten aurretik, baina aurreko egunetan taldea bera arduratu zen zaleei ilusioa pizteaz.

Sinesten zuten aurrera egiteko zituzten aukeretan, eta halaxe egin zuten. Aurrerantzean gertatzen dena gertatuta ere, zaleek ez dute berehalakoan ahaztuko atzokoa. Izan ere, Santiago Bernabeu zelai makurra da bisitarientzat, eta hango garaipenek beti dute distira berezia. Zer esanik ere atzokoa bezalako partida garrantzitsuetan lortzen bada. Zurientzat ere halakoxea zen; zaleek bete egin zituzten harmailak, eta izugarri estutu zuten amaierara arte. Horrek hauspotu egin zituen Real Madrileko jokalariak, eta azken minutuetan enbata baten gisan gerturatu ziren Realaren areara. Aldeak murriztu bai, baina ez zuten partida berdindu.

Realaren partida bikaina izan zen horren arrazoia. Txuri-urdinak nagusi izan ziren neurketaren unerik gehientsuenetan, eta hor lortu zuen hurrengo kanporaketarako pasea. Partidari serio ekin zion; jokalariek bazekiten lehen minutuetan eusteak garrantzi handia izan ohi duela zurien etxean, eta partidaren pisua bere bizkar hartzen saiatu zen lehen unetik. Defentsako garaian presiora egin zuen, eta erasora, berriz, zuhur joan zen. Jokoa pixkanaka antolatzeko hautua egin zuten, eta horrek bere fruituak eman zizkien donostiarrei.

Hala, bi taldeen aukera pare baten ostean iritsi zen Imanol Alguacilen jokalarien lehen gola. Partidan zehar izugarri ondo aritu zen Aleksander Isakek area ertzean jaso zuen baloia, eta haren jaurtiketa ozta-ozta aldendu zuen Areola atezainak. Alabina, Martin Odegaardi iritsi zitzaion alderatzea, eta norvegiarrak ez zuen barkatu. Frantziarraren hanka artetik sartu zuen baloia, Reala aurretik jartzeko. Hurrengo minutuetan suspertzera egin zuten espainiarrek, baina donostiarrek ondo eutsi zioten atsedenaldira artean.

Partida erabat zoratu zen bigarren zatian. Reala izan zen jokoaren pisua hartu zuena lehen minutuetan, eta aldea handitzera egin zuen. Lehendabizikoan abisatu egin zuen Isakek; baloia atera jaurti zuen, baina jokoz kanpo zegoenez, ezerezean geratu zen gola.

Hurrengo jokaldietan, ordea, Realak astindu egin zuen Zinedine Zidaneren taldea. Isak gidari hartuta aldea handitu zuen markagailuan, suediarraren bi golek Reala 0-3 jarri baitzuten aurretik. Marcelok bere taldearen lehen gola egin zuen segidan, baina Mikel Merinoren golak patxada eman zien txuri-urdinei (1-4). Ez zen luzerako izan. Etxekoek beren aukerei eutsi eta estu hartu zuten Imanolen taldea. Partidaren hondarrean bi gol sartu eta 3-4 jarri ziren, baina ez ziren gai izan indarrak orekatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.