Eibarrek Huelva hartuko du gaur Unben, etxeko azkeneko partidan

Aitor Manterola Garate.
2021eko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Eibarrek agur esango dio gaur Unbe zelaiari, sasoi honetako azkeneko partida izango baitu etxekoa. Azkenekoa kanpoan jokatuko du, Bartzelonaren zelaian. Sporting Huelva hartuko du (11.30), eta bi taldeek puntuak baino ez dituzte izango jokoan. Armaginek mailari eusteko helburua bete dute, eta espainiarrak hamargarren daude, erdialdean, lasai ederrean hauek ere. Eibarrek baino zazpi puntu gehiago dauzka Huelvak, eta partida bat gutxiago du jokatuta.

Datorren sasoian ere Lehen Mailan jarraitzea bermatu eta gero, taldea lasaitu egin ote den galdetu zaio asteon Iker Dorronsoro entrenatzaileari: «Lan handia egin dugu 11 hilabetez, eta buruak atseden txiki hartzeko eskatzen zigun. Ez zaigu gaizki etorri, baina garbi esan diegu jokalariei azkeneko bi partida hauetan dena eman behar dutela». Gaurkoaren inguruan nolako jokoa espero duen azaldu zuen: «Guk egiten dugun bezala, talde moduan jokatzen du Huelvak ere, eta iruditzen zait partida polita izango dela». Aurkariaren bigarren itzulia goratu zuen: «Oso ondo aritu da, eta talde gogorra izango dugu parean».

Euskal Herriko beste bi taldeek, Realak eta Athleticek, bihar jokatuko dute. Zuri-gorrien txanda izango da lehendabizi, 11:00etan ariko delako Sevillaren aurka, Lezaman. Bost puntuko aldea dute espainiarrek, eta Athleticek partida bat gutxiago du jokatuta. Realak 17:00etan du partida Bartzelona txapeldunaren aurka. Laugarren lekuari heldu nahi diote txuri-urdinek; puntu bat atzetik du Atletico Madril, eta lau ateratzen dizkio Granadillari.

Sanadri Alavesen 2023 arte

Alaves ere Lehen Mailan ariko da datorren denboraldian, eta lortu du sasoi honetako golegile nagusiak taldean segitzea. Kontratua berritu du Marta San Adrian Sanadrik 2023ra arte. Donostiako aurrelariak hamasei gol sartu ditu hemeretzi partidatan, eta hura izan da golegilerik onena ligan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.