ALDEAK NEURRIETAN

2021eko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Parisek eta Madrilek hartu dituzte koronabirusaren pandemiaren aurkako neurri nagusiak, eta, kasuan-kasuan, baita Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ere. Horrek berekin ekarri du neurri ezberdinak egotea Ipar eta Hego Euskal Herrian, batetik; eta Nafarroan eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, bertzetik. Hona hemen 2020ko martxotik harturiko neurri ezberdinen laburpen bat.

ITXIALDIAK

Erabat itxita, ala karrikan ordubetez. Martxoaren 13an erabaki zuen Espainiako Gobernuak Hego Euskal Herrian konfinamendua ezartzea, eta Frantziako Gobernuak martxoaren 17an ezarri zuenIpar Euskal Herriko konfinamendua. Hasieratik beretik izan dira itxialdiak ezberdinak, ordea: Hego Euskal Herriko herritarrak ezin ziren etxetik atera salbu eta erosketetara eta osasun eta lan arrazoiengatik; Ipar Euskal Herrikoek, berriz, ordubetez kirola egiteko aukera zuten etxetik kilometro bateko distantzian. Ipar Euskal Herrian, bigarren konfinamendua ezarri zuten urriaren 31tik abenduaren 15era arte.

MUGAK ETA KONTROLAK

Ia urte osoan itxita. Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga erabat itxi zuten 2020ko martxoaren erdialdetik ekainera: soilik justifikaturiko arrazoiren batengatik pasatu zitekeen, horretarako agiri bat erakutsita. Udan zabalik eduki zuten muga, baina berriro ere hetsi zuten 2021eko urtarrilaren 12an: mugako zortzi pasabidetatik igarotzea debekatuta dago ordutik. Urtarrilaren 30etik, berriz, PCR negatibo bat aurkeztu behar da Hegoaldetik Iparraldera joan ahal izateko, mugatik 30 kilometrora baino gehiagora biziz gero. Nafarroaren eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren arteko muga ere itxita egon zen joan den udaberrian, eta berriro dago hala joan den urritik —Eguberrietarako soilik onartu zuten mugitzea—.

MASKARAK

Hego Euskal Herrian, lehenago. Neurriak desberdin hartu dituzte leku bateko zein bertzeko agintariek, eta horietako bat izan da maskaren derrigortasunarena: Hego Euskal Herrian, joan den uztailaren 16tik eta 17tik da derrigorra karrikan maskara erabiltzea; Ipar Euskal Herrian, abuztuan derrigortu zuten zenbait herritan, baina ez guzietan.

ETXERATZE AGINDUAK

Ordu ezberdinak. Etxeratze agindua izan da agintariek harturiko azken neurrietako bat, eta ordu ezberdinak daude administrazio bakoitzaren pean: Ipar Euskal Herrian, 18:00etan egon behar da etxean; Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 22:00etan; eta Nafarroan, 23:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.