Ondo aritzeaz gain, Athleticek irabazi beharra du gaur, etxean, Huescaren aurka

haritz gallastegi
2020ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Athletic talde lehiakorra da. Txapelketa hasi zenetik partida gutxitan izan da aurkaria baino gutxiago. Baina zelaian ikusitakoa ez da sailkapenean islatu. Eta futbolean puntuek balio dute. Ondo aritzea da garaipenak lortzeko biderik zuzenena, baina ez da nahikoa. Ez, behintzat, zuri-gorrientzat. Gaizka Garitanok asteartean esan zuen gisara, beti gertatzen zaie «zerbait». Bada, lehenbailehen konpondu beharreko arazoa da. Parekotasun handia dagoen ligan behera begira jarrita baitago talde zuri-gorria.

Hortaz, ezin du huts egin gaur San Mamesen, Huescaren aurka (21:00, Gol). Talde igo berria izan arren, oso ondo ari da lehiatzen. Gainera, hamar jardunaldi irabazi ezinik egon ostean, Alavesi irabazi zion pasa den larunbatean. Hortaz, norgehiagoka prestatzeko denbora gehiago izateaz gain, konfiantzaz gainezka zelairatuko da. Yeray Alvarezek eta Raul Garciak ez dute jokatuko, partida bateko zigorra bete behar baitute.

Superkopako finalerdiak

Bestalde, atzo zozkatu zituzten Espainiako Superkopako finalerdiak. Realak Bartzelona izango du aurkari urtarrilaren 13an, Kordoban (Espainia). Zuri-gorriek, berriz, Real Madrilen aurka jokatuko dute egun bat geroago, Malagan (Espainia). Irabaziz gero, abenduaren 17 an jokatuko lukete finala, Cartuja estadioan (Espainia). Hasieran, Saudi Arabian zen jokatzekoa Superkopa, baina Espainian jokatuko da, koronabirusagatik. Ez da izango ikuslerik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.