Bera Berak bosgarren aldiz irabazi du Superkopa (18-17)

Ondo jokatuta nagusitu zaio Rocasari, eta denboraldi-aurreko zalantzak uxatu ditu

Bera Berako jokalariak Superkopa ospatzen. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
2015eko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Estu bai, baina ito gabe. Halaxe ibili zen atzo Bera Bera Rocasaren aurka Superkopako finalean, eta emaitzan islatu zen hori (18-17). Donostiarrek bosgarrenez irabazi zuten sasoiko lehen titulua, laugarrena jarraian. Azken txanpan sufritu arren, etxeko zaleak gustura utzi zituen, ondo aritu eta denboraldi-aurreko zalantzak uxatu baitzituzten.

Bera Berak —ligako txapelduna— eta Rocasak —Kopakoa— Superkopan elkarren aurka jokatzen zuten hirugarren aldia zen, eta, aurrekoetan bezala, trofeoa Donostiara joan zen. Montse Pucheren jokalariak partida osoan izan ziren aurretik, eta abantailari eutsita lortu zuten garaipena. Motel samar hasi ziren bi taldeak, baina denboraldi-aurrearen fruituak jaso zituzten donostiarrek. Duela hilabete, entrenatzen hasi zirenean, Pucheren helburu Superkopara sasoi punturik onenean iristea zen, eta lortu du. Lehen zatian alde politak izan zituen (4-1, 8. min eta 8-4, 25. min).

Etxekoek jokoan oso sartuta ekin zioten partidari, eta tartea ireki zuten. Rocasa erdiguneko jokoan tematu zen, eta hori aprobetxatu zuen Bera Berak pixkanaka baloiak lapurtu, kontraerasoak eragin eta golak pilatuz joateko. Donostiarrek aurrera egiten zuten, eta Rocasaren defentsa lana zorroztu zen. Alde horretatik, bi atezainen lana txalogarria izan zen, meritu handiko geldiketak egin baitituzten.

Atsedenalditik bueltan (9-6), Bera Berak azkar jokatzeari ekin zion, eta ate aurrera iristean ez zuen barkatu. Nabarmentzekoa izan zen Judith Sans eta Ana Martinezek atezainaren aurrean osatutako bikoak egindako lana(18-14, 56. min). Halere, Ana Martinez (4) izan zen goleatzaile nagusia.

Bigarren zatiko azken hiru minutuetan izan zuen mugimendu gehien partidak. Bi taldeak azkar aritu ziren, hutsak eginez, eta partida guztian izandako alderik txikienera hurbildu zen Rocasa. Bera Berak behar baino gehiago sufritu zuen, baina lasai hartu zuen arnasa bukaeran. Liga heldu den astean hasiko da, eta Donostiako taldeak sasoiko ekingo dio, Zarautzen aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.