Eibarrek Ipuruako lehen garaipena lortu nahi du gaur, Cadizen aurka

Aitor Manterola Garate.
2020ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Eibarrek ez du oraindik Ipuruan irabazi denboraldi hasiera honetan, eta gaur izango du beste aukera bat, zortzigarren jardunaldian. Cadiz menderatu beharko du horretarako. Igo berria izanagatik, sekulako maila ari da ematen: seigarren da sailkapenean, 11 punturekin. Eibar ez du oso aparte, hiru puntu gutxiagorekin hamaikagarren dagoelako. Azken hiru partidetan zazpi puntu batu dituzte armaginek.

Bosgarren norgehiagoka izango du bere zelaian Jose Luis Mendilibarren taldeak. Entrenatzaileak garrantzia kendu zion Ipuruan irabazi gabe egoteari: «Azkenean, 40 puntu atera behar dira mailari eusteko, eta berdin dio etxean edo kanpoan lortzen dituzun». Kezka handiagoa eragiten dio taldearen jokoak. Horri buruz ere aritu zen atzo: «Badugu zertan hobetu. Golak sartzeko aukera gehiago sortu behar ditugu. Aurkariaren area inguruan gehiago jokatu. Baliabide hori eduki dugu, berreskuratu egin behar da».

Cadizen inguruan, txalotu egin zuen haren jarduna: «Oso garbi daukate zer egin behar duten, eta egiten duten horretan onenak dira. Oso aukera gutxi sortzen dizkiete, eta aldiz, gutxirekin da gai gola sartzeko». Talde sendoa izan behar horretarako, eta ezaugarri horren aipamena ere egin zuen: «Entrenatzaile berarekin [Alvaro Cervera] urte asko daramatzate, eta aurreko sasoiko taldetik ez da asko aldatu. Horrek indarra ematen die». Etxekoen artean, Pedro Leon ez da izango, saihetsetan haustura duelako. Ezta lehendik ere minez dauden Jose Angel eta Recio ere.

EIBAR-CADIZ
Eibar. Dmitrovic; Pozo, Oliveira, Burgos, Arbilla; Diop, Sergio; Kevin, Exposito, Bryan Gil; eta Kike.
Cadiz. Ledesma; Akapo, Fali, Cala, Espino; Salvi, Jose Mari, Jonsson, Alex; Negredo eta Lozano.
Epailea. Mateu Lahoz.
Ordua. 21:00 (Movistar).
Lekua. Ipurua estadioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.