ESANDAKOAK

2019ko irailaren 19a
00:00
Entzun
«Garai ilusionagarria zen. Ikusten zen abian jartzen ari ginela Euskal Herriak etorkizunera begira behar zuen tresna bat. Eta sorrera hartan ikusi zen zenbait espektro politikotako ordezkaritza zegoela zinegotzi eta alkateen artean. Horrek goxotasuna, ilusioa eta heldutasuna ematen zizkigun. Hogei urte pasatu dira, eta ez alferrik. Gorabehera handiak izan ditugu, baina ni pozten nauena zera da, Udalbiltza hemen dagoela, bizirik dagoela eta programa bat duela naziotasuna indartzeko. Transmisioa bizirik dago, eta indartu egin behar da: zergatik sortu zen, eta zertarako».

Loren Arkotxa

Lehendakaria (2001-2003)

«Euskaldunako batzar hartan bi funtsezko elementu ikusten ziren: bata zen siglen gainetik herri proiektu baten oinarriak zirriborratuz gero badagoela sinergia ikaragarria, eta askotan ezinezkoa dirudiena egingarria dela; bestea zen ikustea herrien eta lurraldeen arteko artikulaziotik zer-nolako gaitasunak egon daitezkeen egiten dena askoz ere era eraginkorragoan egiteko. Baina ezin dugu ordukoari begira gelditu. Udalbiltzak birkokatu egin behar du. Lizarra-Garaziren garaietan, egituratze nazionala eta lurraldeen arteko kohesionatze praktiko eta soziala apustu politiko baten zentroa izan zen, behintzat hautu politiko batzuetan, eta hori gaur egun bestelako erreferentzialtasunez eta moduz antolatu behar da, besteak beste, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan aurrerapauso politiko nabarmenak daudelako».

Xabier Alegria

Zuzendaritzako kidea (1999-2003)

«Oso une berezia zen. Euskal Herri osoa aintzat hartuta hautetsien artean zerbait egin ahal izatea sekulakoa zen. Ongi gogoan dut nire ondoan Eli Galdos nuela, negarrez, eta hunkituta. Bagenuen itxaropena zerbait berezia sortzen ari ginela. Egia da geroztik gauza asko gertatu direla, baina, hogei urte geroago, Udalbiltza bizirik dago. Bazeuden elementu batzuk zailtzen zutenak aurrera egitea, baina gaur horiek ez daude, eta ikusita bi estatuetan zer-nolako gogoa dagoen Euskal Herria desagerrarazteko, une berezia da elkarlana bideratu eta Euskal Herriak behar duen tokiko instituzio publikoa birsortu eta garatzeko».

Santi Kiroga

Zuzendaria (2013-2017)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.