Betikora itzuliko da

«Erritmoa duen eta oldarkorra den talde bat» ikusi nahi du Berizzok Valentziaren kontra. Nolaskoain bigarren taldera itzuliko da

Athleticeko jokalariak, aurreko igandean Eibarri sartutako gola ospatzen. JON URBE / FOKU.
haritz gallastegi
Bilbo
2018ko urriaren 27a
00:00
Entzun
«Athleticen jarraitzaileak dena ematen duen talde bat ikusi gura du zelaian. Intentsitate handiarekin jokatzen duen talde bat, ahalegintzen dena eta hunkitu egiten duena. Hori da gure arma nagusia». Eduardo Berizzok Lezamako prentsa aretoan esandakoa da. Horrekin batera, talde «oldarkorra» ikusi gura du gaur Valentziaren kontra. Erritmo biziz jokatuta, aurkaria estu hartzea du xede. Baina Berizzoren mezua berria al da Athleticen?

Ez. Kontrakoa. Athleticen ehun eta hogei urteko historian talde zuri-gorria zuzendu duten entrenatzaileek gehien errepikatu duten mezua da. Athleticek talentu handiko belaunaldiak izan ditu, baina talde apalak ere bai. Alabaina, denak izan dira daukaten guztia zelaian uztekoak. Futbolari epelak ez dira jarraitzaileen gustukoak. Irabazi ala galdu, dena eman beharra dago. Bada, hori eskatu dio Berizzok taldeari: duen guztia emateko.

«Oldarkorrak garenean talde bat gara, eta zain gaudenean, beste bat». Hori ere jakina da. Athletic ez da sormen handiko taldea. Aurkariaren areatik zenbat eta urrunago berreskuratu baloia, orduan eta zailago egiten zaio arriskua sortzea. Hortaz, aurrean presioa egin behar du. Eta, lan hori ondo egiteko, ezinbestekoa da futbolariak sasoi betean egotea. Horregatik, dohatsuenak zelairatu beharrean, presio hori egoki egiteko moduan dauden futbolarien aldeko apustua egingo du Berizzok. «Behar bezala nahastuz gero, gure futbolari guztiek ondo joka dezakete».

Berizzok ez du gaur arratsaldera arte erabakiko zeintzuk osatuko duten hamaikakoa. Vallecaseko partidatik nola osatu diren ikusi gura du. Baina badirudi aldaketak egingo dituela. Defentsan, ziurra da Yeray Alvarez itzuliko dela. Nolaskoaien lekua hartuko du, zumaiarra bigarren taldearekin ariko baita. Halaber, ez litzateke harritzekoa izango Capa hasieratik aritzea. Berizzok indarra gura du, eta, eskuin hegalekoak zerbait baldin badauka, sasoia dauka. Zelai erdian, San Josek jokatzea izan daiteke berritasuna. Liga harmailan hasi zuen, baina, apurka-apurka, taldean sartzen ari da. Sendotasuna eta lana emango dizkio taldeari, Valentzia mendean hartzeko giltza zelai erdian baitago. «Valentzia talde ona da. Baloiaren jabe izan eta aurkariaren zelaira eramaten duenak irabaziko du. Zelai erdian presio handia egin beharko dugu euren euskarriak jokoan sar ez daitezen». Bestalde, aurrean Raul Garcia zelairatuko du. Nafarra izan zen onena Vallecasen.

Hori guztia taldeak denboraldiko bigarren garaipena lortzeko egingo du entrenatzaileak. Orain arte jokatutako bederatzi partidetatik bakarra irabazi du. Ligako estreinakoa izan zen, Leganesen kontra. Ordutik hona, sei partida berdindu, eta bi galdu ditu. Ondorioz, Athletic jaitsierako postuetatik puntu batera dago. «Gure ibilbidea zuzendu eta ilusioa sortu behar dugu zaleen artean». Valentziak zuri-gorriek baino puntu bat gehiago du, baina ez da nahikoa daukan talderako. Athleticentzat ere ez.

ATHLETIC-VALENTZIA

Athletic. Herrerin; Capa, Yeray,I. Martinez, Yuri; Dani Garcia,San Jose; Susaeta, Raul Garcia, Muniain eta Aduriz.

Valentzia. Neto; Piccini, Garay, Paulista, Gaya; Kondogbia, Parejo Was, Soler; Gameiro eta Rodrigo.

Epailea. Undiano Mallenco.

Lekua. San Mames (53.000 ikusle).

Ordua. 16:15 (BeIN La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.