Urtean lautan argitaratuko dute aurrerantzean 'Elhuyar' aldizkaria

Jaurlaritzaren diru laguntzetarako irizpide berriak «eragina» izan du hilabetekariaren egoeran

Zientziaz eta teknologiaz dibulgazio lanean dabilen euskarazko aldizkari bakarra da Elhuyar. BERRIA.
Edu Lartzanguren-Arantxa Iraola
2015eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Zientzia gaiez beteriko ia60 orrialde plazaratzen zituen hilero Elhuyar zientzia aldizkariak. Aurrerantzean, ordea, urtean lautan baino ez dute kaleratuko paperezko kazeta, «testuinguru ekonomikoak eta kontsumo ohituren aldaketak» bultzatuta, Elhuyar elkarteko zientzia unitateko arduradun Maria Gilek azaldu duenez. Jaurlaritzak diru laguntzak banatzeko ezarritako irizpide berriek «eragina» izan dute euskarazko zientzia aldizkari bakarraren egoeran eta maiztasuna murrizteko erabakian.

Paradoxikoa da: Elhuyar aldizkariaren paperezko bertsioak 1.475 harpidedun ditu eta Interneteko guneak 23.000 bisitari izan zituen 2015ean. Oinarri «iraunkorra», Gilen arabera. Edonola ere, «irakurleen mugimendua» ikusten dute Elhuyar fundazioan, batez ere sarean jartzen dituzten edukietan, eta horrek bultzatu ditu lan egiteko era berriak aztertzera. Horren inguruko azterketa eginda erabaki dute paperean ateratzen duten aldizkariaren maiztasuna urritzea; paperean gaiak «sakonago» landuko dituzte.

Iaz, Eusko Jaurlaritzak euskarazko hedabideentzako laguntzak ebatzi zituenean, irismenaren irizpidea nagusitu zuen, eta hainbat hedabideri —tartean Elhuyar bera— kalte egin zien horrek. Nolanahi ere, Gilek azaldu du horrek erabakian eragina izan badu ere ez dela izan aldizkaria hiruhilabetekari bihurtzeko «arrazoi nagusia».

«Erabaki gogorra»

Elhuyaraldizkaria 1974. urtean sortu zuten, eta, 1996an, Elhuyar Zientzia eta Teknologia izena eman zioten. Martxokoa izango da hilabetekari gisa argitaraturiko azken zenbakia. Hurrengoa irakurtzeko, uda aldera arte itxaron beharko da. «Erabaki gogorra izan da», idatzi zuen atzo Elhuyar fundazioak prentsa ohar batean. Aldizkaria fundazioaren lehen egitasmoa izan zela gogoratu zuten. «Gain behera doaz paperezko argitalpenak, eta Interneterako bidean jartzen gaituzte irakurketa ohitura berriek», idatzi zuten. Salmenten jaitsierak eta diru laguntzen murrizketak eragin dute aldizkariaren maiztasuna urritzeko erabakia. Edonola ere, euskarria papera edo Internet izan, teknologia aldizkariarekiko «konpromisoa berretsi» egiten duela adierazi zuen fundazioak.

Martxoko zenbakian, besteak beste, nekazaritzak paisaia nola eraldatzen duen erakusketako argazki erreportaje bat zuen aldizkariak,jateak eragiten dituen menpekotasunen inguruko lan bat, argiaren abiadaz zientziak historian izan dituen hipotesien inguruko erreportaje bat eta elkarrizketa bat Enkarni Gomez Genua zientzialari feministarekin.

Murrizketaren albistea zabaldu eta berehala, elkartasun mezuak jasotzen hasi zen Elhuyar aldizkaria sare sozialetan. «Berri txarra, baina lantaldea ezagututa, aldizkaria berrasmatzen eta egokitzen jakingo dutela ziur nago», idatzi zuen Koldo Garcia biologo konputazional, genetikan doktore eta EHUko ikertzaileak.

«Ikaragarria da euskaraz horrelako aldizkari bat izatea», adierazi zuen, berriz, EHUn hizkuntza teknologian dabilen Kepa Sarasolak. «Ikasteko eta lagunekin solasean aritzeko gaiak ematen dizkit. Aupa!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.