EITBk harturiko konpromisoen %95 bete dituela esan du Maite Iturbek

Telebista publikoa «gero eta Tele5tuago eta espainiazaleago» dagoela salatu du oposizioak

ETBko gaueko albistegiek lidergoa galdu izana Tele5ko Pasapalabra saioari egotzi zion Iturbek, atzo. JON URBE / ARP.
Edu Lartzanguren.
2017ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
EITBko Kontrol Batzordea egin zuten atzo Eusko Legebiltzarrean, eta konpromisoen %95 bete direla esan zuen zuzendari nagusi Maite Iturbek. Oposizioko talde nagusiek, ordea, Espainiako kateen eredua kopiatzea egotzi zioten. Iturbek berak eskatu zuen kontrol batzordean agertzea. Programa kontratuan jasota dagoen bezala, txostena eman behar dio EITBko zuzendaritzak urtero Kontrol Batzordeari, ETBren jarduera gidatzen dituzten hamar printzipio nagusiak betetzen ari ote diren erakusteko.

Printzipio horietako bakoitzean eginikoa azaldu zuen, banan-banan, Iturbek. Bereizmen handian emateko zerbitzua sortu izana aipatu zuen. ETB1en, egunero hamar orduz eduki berriak emateko konpromisoa bete dutela esan zuen. ETB2n euskarazko adierazpenak agertzeko konpromisoa bete dutela adierazi zuen. Irutxulo saioarekin haur eta gazteentzako programazio propioarekiko konpromisoa bete dutela.

Nazioarteko kanalen indarra nabarmendu zuen gero, eta ehunka mila ikusle dituztela esan, batez ere Hego Amerikan. «Irratigintza publikoan Espainian ez dago EITBko irratien arrakastaren pareko fenomenorik», adierazi zuen. Iritzi pluraltasuna bermatzen du EITBk, «aktualitatea aztertzen duten saioen gonbidatuen bitartez». Horrez gain, kirolen berri ematean emakumezkoen kirolen lerroa ireki izana nabarmendu zuen. Euskara bultzatzeko konpromisoan, Go!azen eta Gu eta Gutarrak aipatu zituen.

EH Bilduko Unai Urruzunok «kezkaz eta atsekabez» hartu zituen Iturberen adierazpenak. ETBren «gainbehera» nabarmendu zuen. «Gizartearen atxikimendua galtzen ari da ETB, hori da arazoa. Gero eta Tele5tuago etaespainiazaleago dago ETB. Argi luzeak behar diren garaian gaude», esan zuen. EITBko hizkuntza «dualizazioa» salatu zuen, eta horren adibidea eman: iazko martxoaren 22an Bruselan bonba erasoak egin zituztenean, horien berri zuzenean ematen ari zen Egunon, Euskadi euskarazko saioa eteteko agindu zuen ETBren zuzendaritzak, gaia gaztelerazko En Jake saiora pasatzeko; hala salatu zuen Urruzunok. «Garrantzitsua espainolez ematen delako».

Elkarrekin Podemoseko ordezkari Eukene Aranak Iturberen «autoatsegina» salatu zuen. «Badirudi gure eredua ez dela Finlandia, baizik eta TeleMadrid edo Valentziako telebista». Espainiako telebistaren ereduak «gaizki kopiatzea» egotzi zion Iturberi. «ETBren ikusle kopuruak zure kudeaketaren porrota adierazten du», esan zion.

Iturbe: «Pasapalabra»

PPko Nerea Llanosek bakegintzaren inguruko albisteen multzoan Kataluniako prozesuaren berriak eta presoei edo Iñigo Cabacasen heriotzari buruzkoak sartzea aurpegiratu zion Iturberi. EITBren «onarpen izugarri txikiarekin» kezka agertu zuen PSE-EEko Rafaela Romerok. «Aitzakiak amaitzen ari zaizkigu». Edonola ere, zorionak eman zizkion El lector de huesos saioarengatik.

2017ko gaueko albistegiak «Tele5ren lehia handia jasaten ari direla» onartu zuen Iturbek, erantzuteko txandan. Hori, hein batean, Espainiako kateko albistegien aurretik ematen duten Pasapalabra saioak hemen duen arrakastaren eraginez gertatu dela uste du. Hori konpontzeko lanean ari direla esan zuen.

EAJko Ana Oregik zoriondu egin zuen Iturbe, eta EITBren gainean «euren frustrazioak» deskargatzea egotzi zien beste taldeei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.