Arrauna

Oriok beste kolpe bat eman dio Eusko Label ligari, eta gertu du lehen garaipena

Hondarribiko estropada irabazi zuen igandean, eta seigarren bandera lortu; tarteak zabaldu dizkie aurkariei. Isuntzak eskura du salbazioa

Gorka Aranberri garaipena ospatzen, herenegun, Hondarribian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Oriorako bidean da aurtengo Eusko Label liga, eta lehen aldiz hartuko du norabide hori. Igandean, beste kolpe bat eman zion emaitza historikoa izan daitekeen horri, Hondarribiko estropadan bandera lortuz. Historia osoan bigarren aldiz astindu zuten oriotarrek Gipuzkoako herri horretako trapua, eta ligako seigarrena du. Aldeak handitu egin dizkie aurkariei: Santurtzi, Hondarribia eta Zierbena hamasei, hemeretzi eta hogeita sei puntura ditu, hurrenez hurren. Sei estropada baino ez zaizkie geratzen liga amaitzeko: Zarauzko biak datorren asteburuan, Galiziako biak hurrengoan, eta Bermeo eta Portugaletekoak Kontxako Bandera jokatu ondoren.

Estropada nahasia izan zen igandekoa, itsasoa ere halaxe zebilelako. Kaleen artean ere bazen alderik, kanpora joateko hobeak zirelako lehen biak; barrurako, aldiz, hobeto etorri ziren erdiko kaleetatik. Azkeneko txandan joan zen Orio, lehen kaletik, eta lehen ziaboga eman eta segituan utzi zituen atzean aurkariak, olatuak maisutasunez baliatuz. Ez zuen utzi burua, nahiz eta azken luzean gainera joan zitzaizkion Santurtzi eta Hondarribia, hirugarren ziabogan atzean bazituen ere. Epaileek hiru segundoko zigorra ezarri zieten etxekoei, bi aldiz bandera urdina atera zietelako. Horrenbestez, azken sailkapenean bosgarren izan ziren.

Oriok beste etsai bat ere izan zuen: bigarren txanda menderatu zuen Urdaibai. Lan oso ona egin zuten bermeotarrek, bezperan bezala, eta lau segundora bakarrik geratu zitzaizkien Oriokoei.

Atzeko lehia, biren kontua

KAE 1 ligara zer talde joango den eta zer kanporaketara erabakita egongo da Galiziako azken estropada jokatzean, lau estropada baino ez baitzaizkie falta ligako azken lau sailkatuei. Isuntzak aurrerapauso bat eman zuen igandean, larunbatean bezala. Txanda irabazteko gai izan zen Hondarribian, eta, orain, zortzi puntura du azken-aurrekoa, Astillero, eta hamarrera azkena, San Pedro. Ematen du espainiarren eta pasaitarren artean egongo direla jokoan azken bi postuak. San Pedrok bi puntu jan dizkio asteburuan Astillerori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.