Farmazialari ustelen ipuin gotikoa

Mike Flanaganek Edgar Allan Poeren 'The Fall of the House of Usher' klasikoa eraberritu du telesail formatuan. Netflixentzat sortu duen bosgarren eta azken fikzioa da. Hainbat keinu egin dizkie zinemako klasiko handiei

Usher familiaren istorioak kontatzen ditu Mike Flanaganen The Fall of the House of Usher telesailak. NETFLIX.
Mikel Yarza Artola.
2023ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Urteroko liturgia bilakatu da, Halloween atariko izu eta fantasien ezinbesteko topalekua. Mike Flanagan pantaila txikiaren lehen lerroan kokatu zen 2018an, ikusleek zein kritikariek aho batez txaloturiko The Haunting of Hill House telesailarekin. Ordutik, beste lau proiektu ondu ditu Netflixentzat, eta labetik atera berri duena izango da azkena; izan ere, 2022 amaieran Flanaganek eta haren bazkide Trevor Macyk Amazonekin sinatu zuten akordioa, eta, aurrerantzean, plataforma horrentzat sortuko dituzte telesailak.

Shirley Jackson, Henry James, Stephen King... Flanaganek beldurrezko literatur maisuen hainbat lan bihurtu ditu telesail, eta, oraingo honetan, zortzi atal osatu ditu Edgar Allan Poeren 1839ko The Fall of the House of Usher istorio laburra eta haren beste pieza batzuk nahasita. Aurrez, Poeren erreferentziazko lan hori zinemagile askok eraman izan dute pantaila handira —lehen aldiz, 1928an, film labur modura—.

Flanaganen ekarpena berritasuna da. Poeren obra mundu garaikideko gatazken erritmora eguneratu du, eta, kasu honetan, Usher familiako burua farmazia konpainia ustel bateko gidari gisa aurkeztu du. Etxeko egongelan konfesio ilunak entzutera gonbidatu duen gizona, berriz, Usher familia justiziaren aurrera eraman nahi duen abokatua. Azken egunetan bere seme-alabak modu misteriotsuan hiltzen hasi direla aitortuko dio familiaburuak abokatuari, baina izkin egingo die azken horren galdera jakinei, sekretu ilunegiak ezkutatuko balitu bezala.

Hasierako minutuek intaunketak eta flashbackak dituzte oinarri eta batzuei Knives Out (Rian Johnson, 2019) filmaren egitura narratiboa ekarriko die gogora. Haria, ordea, askoz pasarte ilunagoz osatuta dago, eta protagonista bakoitzaren izaera eta jokabidea aurkezteko modu ezin hobea da.

Ryan Murphyk American Horror Story telesailean egin ohi duen moduan, Flanaganek bere ohiko aktore zerrenda erabili du, berriz ere. Beteranoak zein iritsi berriak, zoragarri daude, baina, edonoren gainetik, gonbidatu bereziek merezi dute aipamena. Bruce Greenwood kanadarra, pantaila handian AEBetako presidente gisa hirutan agertu izan dena, eta Mark Hammill, Star Wars sagan Luke Skywalkerren rola antzeztu izan duen aktore estatubatuar ezaguna.

Flanaganek bi izar horien etorrera eta Poeren narratiba sofistikatua baliatu ditu orain bost urteko estilo gordina berreskuratzeko. Familia dramaren enbor nagusitik, inoiz baino adaxka pluralagoak garatu ditu, eta horren emaitza dira sexuak, indarkeriak eta iruditeria makabroak atal berri horietan duten presentzia nabarmendua.

Erdi biluzik, maskararen atzean ezkutatuta, protagonistek Eyes Wide Shut (Stanley Kubrick, 1999) aztoragarriaren oroimena berpiztuko dute. Flanaganek hainbat keinu egin dizkie klasiko handiei Netflixentzat sorturiko agurreko telesail arriskatuan. Etorkizunean Amazonen lanean ariko dela iragarri zuenetik, Netflixek apenas egin dion promoziorik The Fall of the House of Usher nobedadeari. Bost urtetan autore gisa ereindako haziak, ordea, ez dira berehalakoan desagertuko.

'THE FALL OF THE HOUSEOF USHER'
Sortzailea: Mike Flanagan.
Aktoreak: Bruce Greenwood, Carla Gugino, Sauriyan Sapkota, Kate Siegel, Mark Hammil.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2023.
Non ikusi: Netflix.
Atal bakoitzaren iraupena:60 minutu.
Generoa: izua eta fantasia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.