Gorka Andraka. Irrati esataria

«Bihotzarekin hasten da dena; bihotzik gabe, adreiluak gara»

'Chiribitas, historias que prenden la vida' liburuan, 25 urtetan idatzitako testuak bildu ditu Andrakak. Cristina Saezen ilustrazioek apaindu dituzte ez-fikziozko narrazioak.

urtzi urkizu
2018ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Asteartero, 18:00etatik 19:00etara, Bilboko 97 irrati librean aurkezten du Mar de fueguitos irratsaioa Gorka Andrakak (Lemoiz, Bizkaia, 1968). Eguzkin, Hala Bedin, Txapa irratian eta Euskal Herritik kanpoko beste hogei irratitan ere emititzen dute.

Chiribitas liburuan idatzi duzu: «Mugimenduan dabilen jendeak gogoeta egiten du munduez». Nola hausnartzen dituzu zuk munduak?

Mantso, lasai, asko behatuz eta su txiki bat barnean duten pertsonekin egoten. Funtsean, jende onarengana arrimatzen.

«Apirila da iraultza», irakur daiteke Portugalgo duela 30 urteko gertakarien ahotsetan. Zein da gaurko apirileko iraultza?

Gaur egun irensten eta maskaltzen ez gaituzten bitartean, gaurko apirilerako nahikoa da.

«Zenbaitetan, asmatzen dugu» esaldia jasotzen du Equívocos testuak. Zertan asmatu duzu Mar de fueguitos saioarekin?

Programa partekatu dudan jendearekin asmatu dudala iruditzen zait. Saiotik pasatu direnek aberastu naute, haietako askorengandik bizitzeko gogoa eta jakinduria atera dut. Bideak erakutsi dizkidate, eta bide berriak sortzera animatu naute. Hemezortzi urte dira saioa egiten dudana, eta mundu osoko jendea pasatu da.

La revolución de los sostenes testuaren amaierak hala dio: «Iraunkortasuna, bihotza eta bizitzarekin ezker eskua». Zer lor daiteke hiru gauza horiekin?

Dena. Guztiaren fundamentua dira. Zapatistek dioten moduan, behetik, ezkerrerantz eta bihotzarekin. Horiek dira gakoak. Begirada antikapitalista dut, sistema honek gizakia akabatzen baitu. Eta bihotzarekin hasten da dena, bihotzik gabe adreiluak bait gara.

Siriako bonbardaketen irudiak ikusi dira berriki. Liquidaciones testuan hala diozu: «Denak balio du, bai. Merkealdiekin gerrak muntatzeak ere bai».

Mundu nazkagarri honen adibide argiak dira gerrak. Sortzen dute bat, eta beste bat, eta beste bat... Armak saltzen dituztenek sortzen dituzte, eta sistema kapitalista bera gerrei esker mantentzen da.

Zure seme Lier ageri da tarteka liburuan. «Beti dago gerra», dio halako batean.

Haur batek, bere begirada inuzentearekin, galdetzen du: «Zergatik daude beti gerrak?». Haurrak garenetik onartzen goaz udaberria, eguzkia eta loreak dauden moduan, gerrak daudela. Horretara ohitzen gara.

Eta etxetik gertuago, «etxegabetzeek hil egiten dute».

Liburuan istorio batzuek urrunera begiratzen dute, baina beste batzuek, oso gertu. Sarri bizkarra ematen diegu etxetik kaleratzen dituzten herritarrei. Sistemak berak engainatzen du jendea, eta zenbaitek beren buruaz beste egiten dute. Buruaz beste eginarazi egiten dituztela diot testuan.

Mar de fueguitos Radio Euskadin entzun zen bost urtez, 2004an kendu zuten arte. Liburuan gogoratu duzu: «Ehunka kazetari isilik daude, Jose Couso kameraren hilketa gogoratzen. Une berean, Radio Euskadin zuzendaria eta lantaldearen parte bat entzule datuak xanpainarekin ospatzen ari dira». Gaur ere hala gertatuko litzateke?

Ez dakit gauzak nola dauden Radio Euskadin, baina komunikabideak oro har errealitate paralelo batean bizi dira. Datuen eta titularren atzean publizitatea eta negozioa ikusten dute, baina hildako lankideekin ere ahazten dira. Kazetaritzak, oro har, okerrera egin du.

Irrati komunitarioak aipatu dituzu. «Irratsaio hori kendu dutenetik kalera biluzik aterako banintz bezala da», aitortu du gizon batek Chiapasen. Baten bat biluzik sentituko al da Mar de fueguitos desagertzen denean?

Ez dut uste nire saioa beste inorrena baino gehiago denik, bakarra eta ezinbestekoa denik. Sentitzen dudana da irrati komunitario eta librea ulertzeko modu bat dagoela, eta hori galtzen ari dela. Neure buruaz kazetari txiskeroa naizela esaten dut, jendea pizten duen kazetaritza egin nahi dut, sentiaraziko duena gauzak aldatu egin daitezkeela. Orokorrean egungo kazetaritzak intoxikatu egiten baitu, eta hartzailea, sofan, etsia hartuta uzten du.

Eduardo Galeano: «Bi su igualik ez dago». Ados zaude?

Bai, zalantzarik gabe. Zenbait suk gehiago berotzen dute, baina ez daude bi igualak direnik. Polita da hori, eta horrek eramaten zaitu jende berria ezagutu nahi izatera.

Zer espero duzu etorkizunaz?

Egiten dudanarekin gozatzen jarraitzea, gogorik ez dudanari ezetz esaten jarraitzea eta pizten nauen jendearengana gerturatzea. Mundua hobeto joan dadin borrokatzen duten horiengana gerturatu nahi dut. Gutxiago lan egin eta gehiago disfrutatu nahi dut etorkizunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.