Celta 2-0 Osasuna

Zalantzati segitzen du oraindik

Osasuna bigunegi aritu da Celtaren zelaian, eta esku hutsik gelditu. Ongi ekin dio lehiari, baina ez da gai izan Mallo eta Minaren golei erantzuteko

Budimir eta Moncayola Osasunako jokalariak, burumakur, atzo, Celtaren aurkako partidan, Balaidosen. SALVADOR SAS / EFE.
enaut agirrebengoa
2022ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Golak. 1-0 Hugo Mallok (29. min). 2-0 Santi Minak (38. min).

Osasuna ez da oraindik erabat suspertu. Airean jarraitzen dute txakalaldiak eragindako zalantzek, atzo Celtaren zelaian agerian gelditu zenez. Gorritxoak sendotasun handiz nagusitu zitzaizkion Cadizi azken jardunaldian, baina okerreko bidera itzuli ziren Balaidosen. Asmo onak zituzten, eta gogoz jokatu zuten; lehiatzeko gaitasuna falta izan zitzaien, ordea. Aurkaria baino askoz gutxiago izan gabe, bi gol jaso zituzten lehen zatian, eta gero, ez ziren gauza izan markagailuko aldea murrizteko. Ahaleginak eta bi egin zituzten, baina hortzak kamustu egiten zaizkie aurkariak atzean gotortzen zaizkienean.

Koronabirusak jota egon eta azken hiru partidak galdu ostean, atzo aulkira itzuli zen Jagoba Arrasate. Aridane, Unai Garcia eta David Garcia ez zeuden jokatzeko moduan, eta hala, harrobiko Unai Dufurren alde egin zuen apustu teknikari gorritxoak, defentsaren erdigunean Juan Cruzekin batera joka zezan. Bada, hauskor agertu zen Osasunaren atzeko lerroa, eta ezin izan zion Celtaren kalitateari eta eraginkortasunari eutsi. Etxekoek bi atzaparkada aski izan zituzten atsedenaren aurretik bi golen aldea hartu, eta, hala, garaipena ondo bideratuta uzteko.

Gehiegizko zigorra izan zen neurketari indarrez eta anbizioz ekin zion Osasunarentzat. Erritmo oso bizia ezarri zuen lehen ordu laurdenean, presio estu eta jokaldi azkarren bitartez. Erasoan, jarraibide garbi bat zuten nafarrek: jokoa albait azkarrena zabaldu behar zuten, gero areara erdiratzeko, Ante Budimirren bila. Kroaziarraren mehatxua etengabea izan zen lehiaren hastapenean, eta oso gertu izan zuen gola bederatzigarren minutuan: Vidalen pasea aurreneko ukituan errematatu zuen, baina langarekin egin zuen topo.

Apurka apaldu egin zen gorritxoen grina, Celta jokaldiak luzatzen hasi ahala. Galiziarrek baloia mugituz orekatu zuten lehia. Gehiegizko arriskurik ere ez zitzaizkion sortzen Osasunari, baina 29. minutuan kolpe gogorra eman zien Hugo Mallok. Hegaletik barrura sartu zen Celtako kapitaina, eta, area ertzeraino iritsita, ondo baliatu zuen Cervik bizkarrez emandako pasea. Sergio Herrerak kale egin zuen atepean. Bigarren golean, ordea, ezer gutxi egin zezakeen, ateko zuloan errematatu zuelako Santi Minak. Suarezek orpoz jokatu zuen Aspasekin, eta haren paseak gainditu egin zituen erdiko bi atzelariak.

Min egin zion Osasunari Minaren golak, eta burumakur iritsi zen atsedenaldira. Gero, berriz ere neurketan sartzen ahalegindu zen, ekimena hartu eta erasora joz. Celtaren zelaian jokatu zuen ia bigarren zati osoan; alta, argitasuna eta jokaldiak bukatzeko gaitasuna falta izan zitzaion. Nahia ezinarekin nahastu zen minutuek aurrera egin ahala. Arrasatek aldaketa erasokorrak egin zituen, eta debuta egiteko aukera eman zion Iker Benitori. Alabaina, ez zen golik iritsi, eta etsi egin behar izan zuen Osasunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.