Aritz Adurizek aitortu du «zalantza asko» izan dituela beste urtebetez jarraitzeko

Athleticeko aurrelariak azpimarratu du jarraitzeko erabakia hartzeko orduan «erabakigarria» izan dela inguruak eman dion babesa

Rafa Alkorta, Aritz Aduriz eta Aitor Elizegi, atzo, San Mamesen, prentsaurrekoa hasi aurretik. MIGUEL TOÑA / EFE.
Julen Etxeberria.
2019ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Zantzuek zioten jarraitu egingo zuela: omenaldirik ez zuen jaso denboraldiaren amaieran, eta datorren sasoiko elastikoa aurkezteko bideoan ageri zen. Baina hala ere, zalantza zegoen ea Aritz Adurizek zer egingo zuen. Bada, askatu da korapiloa: beste urtebetez jarraituko du Athleticen. Beraz, hamabigarren denboraldia beteko du talde zuri-gorrian, 39 urte dituela. Handia da hori, Athleticen daramatzan 11 sasoietan izan dituen estatistiken pare: 390 partida jokatu ditu, eta 171 gol sartu. Azken alor horretan nabarmentzen da guztien gainetik aurrelari donostiarra, seigarren baita Athleticen historian gol gehien sartu dituztenen sailkapenean. Gertu du bosgarrena, Jose Iraragorri, zortzi golera baino ez. Datorren sasoian izango du aukera zenbaki ikusgarri horiek guztiak handituz joateko.

Gutxi jokatu du sasoi honetan Adurizek, 23 partida besterik ez Espainiako Liga eta Kopa aintzat hartuta. Inoiz ez da horren gutxi egon zelai gainean sasoi batean bere kirol ibilbidean. Baina denbora luzez egon da min hartuta denboraldi honetan. Horregatik, eta 38 urte izanda halakoak gertatzeko arrisku handiagoa dagoenez, zalantza zegoen ea jokatzen jarraituko zuen. Adurizek berak atzo kontratu berritzearen aurkezpenean aitortu zuen «zalantza asko» izan dituela eta «aste honetan bertan» erabaki duela jarraitzea. «Sentitzen dut ez naizela egon taldeari laguntzeko moduko mailan, eta, horregatik, ez nago batere gustura. Lesioek errendimendua baldintzatu didate, baina ez naiz egon nahi bezain ondo. Guztiok ikusi dugu hori».

Adurizek nabarmendu zuenez, «inguruan jaso duen babesa erabakigarria» izan da. «Oso babestua sentitu naizelako berritu dut. Hainbat aldiz hitz egin dut klubarekin, Rafarekin [Alkorta, kirol zuzendaria] eta Gaizkarekin [Garitano, entrenatzailea], eta guztiek babestu naute erabaki hau hartzeko orduan».

Ilusioari eusten dio. «Hori ez zait falta, eta, hori izanda, asko duzu irabazia. Atseden hartuta eta lana eginda, berrindartu naiteke. Gai naiz zelaian nire ekarpena egiteko, eta klubari edozertan laguntzeko. Zaila da ezetz esatea amets hau bizitzen jarraitzeari. Nire esku dagoen guztia egingo dut apustu hau ona izan dadin. Oraindik baditut erronka batzuk klub honekin, nire onena emateko. Aho zapore onarekin amaitu nahiko nuke, eta zelaian zein zelaitik kanpo gauza asko eskaini».

Alkorta zein Aitor Elizegi presidentea izan zituen ondoan Adurizek. Biak «oso pozik» azaldu ziren, eta azpimarratu zuten aurrelariak «zelaian eta zelaitik kanpo garrantzi handia» duela, eta «asko» duela irakasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.