Errusiako Munduko Kopa

Merezita joan da etxera

Alemania Munduko Kopatik kanpo dago, kaskar jokatu eta Hego Korearen aurka galdu baitu. Suedia eta Mexiko sailkatu dira final-zortzirenetarako F multzoan

Niklas Sule, Alemania kanporatua izateagatik burumakur; atzean, berriz, Hego Koreako jokalariak ageri dira garaipena ospatzen. JULIO MUÑOZ / EFE.
ainara arratibel gascon
2018ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Hego Korea 2-0 Alemania

Golak. 1-0: Kimek (92. min). 2-0: Sonek (96. min).

Mexiko 0-3 Suedia

Golak. 0-1: Augustinssonek (50. min). 0-2: Granqvistek penaltiz (62. min). 0-3: Edson Alvarezek bere atean (74. min).

Bete da txapeldunaren madarikazioa. Egungo Munduko Txapelduna, Alemania, txapelketatik kanpo geratu da lehen fasean. Frantziak (2002), Italiak (2010) eta Espainiak (2014) izandako patu bera eduki du Joachim Lowk zuzentzen duen selekzioak. Merezita doa etxera, gainera. Atzo ere partida oso kaskarra jokatu zuen, eta Hego Koreak 2-0 irabazi zion, azken minutuetan Kimek (92. min) eta Sonek (96. min) sartutako golei esker. Hala, F multzoanSuedia eta Mexiko dira sailkatu direnak. Mexikok nahikoa zuen puntu bat lehen postuan sailkatzeko. Baina Suediak erraz hartu zuen mendean (3-0). Hala, Suedia da multzoko lehena, eta Mexiko bigarrena. Alemaniaren porrotak salbatu zuen Juan Carlos Osorioren selekzioa.

Munduko Kopako ezusteko handienetako bat da atzo gertatutakoa, eta Alemaniako historiaren porrot handienetakoa. Lowrenek nahikoa zuten irabaztea aurrera egiteko. Inor gutxik espero zuen galtzea, partida erabakigarrietan huts egiten ez duen selekzioa baita. 1938tik zeraman Munduko Kopetan lehen fasea gainditzen, eta azken lauetan gutxienez finalerdietara ailegatu zen.

Atzo, ordea, ez zen izan betiko talde fidagarria. 2014an Brasilen egin zuen joko ikusgarriaren arrastorik ez zen ikusi. Aurreko bi partidetan makal aritu eta gero, Low saiatu zen taldeari beste itxura bat ematen. Bost aldaketa egin zituen hamaikakoan. Hummels, Sule, Khedira, Oezil eta Goretzka hasieratik zelairatu zituen. Baina ez zion emaitza onik eman.

Hasieratik sakontasunik, jarraitutasunik eta irudimenik gabe aritu zen, motel. Baloia eduki zuen, baina batez ere lehen zatian ez zion minik egin Hego Koreari. Alderantziz, korearrek bi aukera garbi izan zituzten atsedenaldira joan aurretik. Jun Woo-Youngek jaurti zuen falta estu geratu zuen Neurrek, eta Song Heung-minek boleaz egindako errematea gutxigatik joan zen gora.

Atsedenaldian, 0-0 zeuden multzoko bi partidak. Emaitza horrekin alemaniarrak kanpoan zeuden. Baina ez zitzaien urduri ikusten. Bazirudien uste osoa zutela,gutxi eginda ere, gola sartuko zutela. Lowk berak ere lasai zirudien. Suediaren aurka ez bezala, ez zuen inor aldatu atsedenaldian.

Bigarren zatian, Alemania hobeto hasi zen. 47. minutuan Goretzek abagune ederra izan zuen. Erremate ona egin zuen area txikian, baina Wook ondo atera zuen eskua. 49. minutuan lehen kolpea jaso zuen Alemaniak. Beste partidan Suediak gola sartu zion Mexikori; Augustinssonek sartu zuen. Orduan hasi zen zertxobait gehiago estutzen Alemania, eta hurrengo hamar 10 minutuetan atzean sartu zuen Hego Korea. Wernerrek eta Kimmichek gola sartzeko aukera izan zuten, baina ez zuten asmatu. Korea, berriz, serio aritu zen atzean, eta arriskua sortu kontraerasoan ateratzen zenean.

Beste partidan, Suediak beste bi gol sartu zituen orduan: Granqvistek penaltiz (62. min) eta Edson Alvarezek bere atean (74. min). Alemaniak hamabost minutu zituen gola sartzeko. Gainontzean, kanpoan zegoen. Itsu-itsuan joan ziren erasora orduan Lowren jokalariak. Humelsek gertu izan zuen gola sartzea, baina ez zuen ondo errematatu Oezilen erdiraketa on bat. Kroos ere saiatu zen urrutitik. Baina alferrik.

Talde osoa goian zegoenean, Kimek sartu zuen Hego Korearen lehen gola. Epaileak VARa begiratu behar izan zuen ontzat emateko. 96. minutuan, berriz, Neuer atezainak baloia galdu zuen zelai erdian, eta Sonek sartu zuen bigarrena, kontraerasoan, alemaniarren atea hutsik zegoela baliatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.