Iparrorratzak matxura zuen

Reala pattal aritu da aurten. Urrun geratu da urte hasieran zituen helburuetatik, eta gorabehera handiak izan ditu zelaian. Hiru entrenatzaile izan ditu 2018an.

Jon Ander De la Hoz.
2018ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Hiru entrenatzaile lau alditan, eta bi kirol zuzendari. Datu horiek erakusten dute aurten Reala urrun ibili dela aurrez jarritako helburuetatik. Apal aritu dira txuri-urdinak amaitzear den urtean. Iragan sasoian hamabigarren postuan amaitu zuen Espainiako Ligan, eta trakets egin zituen Espainia Kopako eta Europa ligako lanak. Horretaz gain, aldaketa sakonak izan ditu taldean, eta urteetan erreferentzia izan diren jokalariek utzi egin dute taldea; besteak beste, Xabi Prietok eta Imanol Agirretxek. Proiektuei jarraipenik eman ezinik eta aldaketa handiak erasanda ibili dira, taldea gidatzeko iparrorratza matxuratuta balego bezala.

PRESTATZAILE DANTZA



Eusebio Sacristanekin hasi, Imanol Alguacilekin jarraitu, Asier Garitanok eutsi ondoren, eta Alguacilekin amaitu. Realak hiru entrenatzaile izan ditu 2018an, eta seinale eskasa da hori. Taldeak ez du asmatu bere onena eskaintzen, eta, halakoetan gertatzen den eran, entrenatzaileak izan dira ordaintzen lehenak. Proiektu ezberdinak finkatu aurretik amaitu baitira prestatzaileen ibilbideak.

Egungoaren antzeko bolada txar baten ostean kaleratu zuten Sacristan. Alguacili hobeto aterazitzaizkion gauzak, eta taldeak gora egin zuen. Garitanoren ibilia ere antzera hasi zen. Kosta egin zitzaion etxean lehendabiziko garaipena eskuratzea, baina etxetik kanpo egindako lan onak luzatu egin zuen mailegua. Ahitu zaion arte. Gainera, Roberto Olabek Lorenzo Juarros Lorenen lekua hartu zuen kirol zuzendari gisa.

GARAIPEN USAINETIK URRUN



Donostiako taldea apal aritu da aurten, emaitzei erreparatuz gero. Iragan sasoian hamabigarren postuan amaitu zuen Espainiako Liga, eta taldeak, berez, bazuen gehiagorako gaitasuna. Are okerrago egin zituen Espainiako Kopako lanak. Lehendabiziko kanporaketan kaleratu egin zuen Lleidak. Bigarren B mailako talde batek kaleratu izanak hautsak harrotu zituen Anoetan, eta eztanda eragin zuen SalzburgekEuropa ligatik kaleratu izanak. Ordura arte joko ona eskaini zuen txapelketa horretan.

ALDAKETA SORTA



Taldeak aldaketa handiak izan ditu azken urtean. Denboraldi askotan erreferentziazko jokalari izan diren zenbaitek utzi egin dute Reala: Xabi Prietok maiatzean hartu zuen erretiroa, eta Imanol Agirretxek futbola utzi behar izan du lesioen erruz. 2015eko abenduaren 30ean hartu zuen min Usurbilgoak, baina osatu ezinda aritu da azken bi urteetan. Halaber, taldea utzi zuten Alvaro Odriozolak —Real Madrilek fitxatu zuen udan—, Alberto de la Bellak, eta Sergio Canalesek.

Aldiz, Sandro Ramirezek, Theo Hernandezek, Miguel Angel Moyak eta Mikel Merinok Donostiarako bidea hartu zuten.

ESTILOAK AURREZ AURRE



Entrenatzaile ezberdinak izateak joko estilo ezberdinak izatea dakar sarri, eta hori gertatu zaio aurten Realari. Atzeko lerrotik ekitea gustatzen zitzaion Eusebio Sacristani, eta asmo horiei eusteko apustua egiten zuen, emaitzak emaitza eta jokoak joko. Asier Garitanok, berriz, nahiago izan du eraginkortasunaren alde egin, eta partida bakoitzari egokitutako eskemak sortu ditu.

HARROBIAREN GAKOA



2018. urtean egonkortu egin da Realeko harrobiak taldean duen presentzia. Azken belaunaldiko jokalariek garrantzia irabazi dutetaldean, eta hori nabaritu egin da zelaian. Igor Zubeldia da horren adibiderik garbiena; azkoitiarrak lekua egin du lehen taldean, eta ohikoa izan da urtearen azken zatian.

Harrobiko beste zenbait kidek ere antzera egin dute. Joseba Zalduaren kasua da. Ekainera arte Leganesen utzita aritu da donostiarra, eta Garitano fitxatuta leku bat izan du etxean. Min hartu duen arte asko jokatu du Bergarakoaren esanetara. Alabaina, 2007. urtetik harrobiko jokalari gutxien duen denboraldia da abuztuan hasi zena: 23 jokalarietatik hamabi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.