Arrauna. Eusko Label liga

Jan du gazta saguak

Zierbenak aurtengo Eusko Label ligako lehen garaipena lortu du Ondarroan, bost aldiz bigarren egin eta gero. Ur-laster biziengatik, lehia aldakorra izan da

Jan du gazta saguak.
Aitor Manterola Garate.
2018ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Estropada gorabeheratsuak eta aldakorrak ateratzen direnean, gogoa izaten da lehia ur azpitik ikusteko aukera edukitzeko, baina ezinezkoa denez, ezin zehatzjakin zenbateko eragina izaten duten halakoetan ur-lasterrek. Atzo, Ondarroan, izan zuten, eta horretan ez da dudarik. Handia ziurrenik, baina ezin jakin zehatz, zorionez estropadak ur gainetik ikusten direlako, betiko legean.

Naturaren ondorioetan zipriztindu eta busti aurretik, datu zehatza eta nagusia eman behar: Zierbenak irabazi zuen estropada, eta aurtengo lehen garaipena du Eusko Label ligan. Aurreko hamaika jardunaldietan bost aldiz bigarren egin eta gero, azkenean atzo estreinatu zen. Ez zen inor harritu, dotore ibili delako, eta dotoreziari horri garaipenak gehitu dizkiolako aurreko bi asteburuetan: duela bi igande, ligan, Santurtzin, ohorezko txanda menderatu zuen, trapua bereganatu ez bazuen ere; eta aurreko larunbatean, bandera irabazi zuen, Espainiakoa.

«Ematen zuen...», horrela has daitezke atzo Ondarroan ikusitakoaren kontakizun guztiak. Ematen zuen Urdaibaik jo eta txikitu egin behar zituela aurkariak, ohorezko txandari nola ekin zion ikusita. Aurreneko bi minutu eskasetan, lau segundora utzia zeukan bigarrena, Hondarribia, eta atzerago Zierbena, eta batez ere Orio, hori ere zortzi bat segundora.

Bigarren luzearen hasieran, baina, Hondarribiak, lehen kaletik, burua hartu zuen, eta epaileak Urdaibai bere kalera bidali eta gipuzkoarrek aldea handitzea dena bat izan zen. Baita Urdaibai hondoratzen hastea ere. Bigarren ziabogan, Zierbanari lau segundo atereak zizkion Hondarribiak, sei Oriori eta hamabi Urdaibairi. Ematen zuen Ondarroako banderak jabea zuela, eta estropada gutxiago jokatzen ari diren arraunlarien aukera ematea ondo atera behar zitzaiola Mikel Orbañanosi.

Uste horretan zen mundu guztia azken luzeko une batean, hasiera samarrean, aldea galtzen hasi zen arte Hondarribia. Zierbena eta Orio, laugarren eta hirugarren kaletik, gainera joan ez ezik, aurretik ere jarri zitzaizkion, eta,ia konturatzerako, bandera bi horien arteko lehia bilakatu zen. Orio aurretik ere jarri zen, baina Zierbenak 18. minutuan sekulako etekina atera zion atzo hain jostalari zebilen olatu txiki bezain biziari, eta han joan zen banderaren jabe egitera. Orio sartu zen bigarren, bi segundora, eta Hondarribia zortzira. Urdaibaik ere baliatu zuen olatua, azken metro ikusgarriak eginez, atzerago geratzeari ihes egiteko. Horri esker, puntu bakarra kendu zion Hondarribiak, bigarrenak. Zierbenak hiru puntura dauka bigarren lekua.

Tiran, San Juanen aurretik

Aurreneko txandan ere izan ziren ziurtzat jo baina azkenean gertatu ez ziren gauzak. Lehenengoan, San Juanek buruan egin zuen luze eta erdi, San Pedrorekin batera, eta lehen luzean, Tirani zortzi segundoren aldea ere atera zion une batean. Baina azkenean, galiziarrak azken-aurreko, eta gipuzkoarrak azkena, eta jaitsierako lekuan hiru punturen aldea baino ez du orain San Juanek, bost estropadaren faltan. Gaur dute aurrenekoa, Hondarribian (12:00, ETB 1), eta erne berriz ur-lasterrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.