Zientzia

Eureka ez dute itxita nahi

Kutxa fundazioak iragarri du Eureka zientzia museoa itxiko duela, eta Tabakalerara aldatzeko asmoa agertu du. Zientzian aritzen direnek «penaz» hartu dute albistea; museoak zientzia gizartearengana iristeko betetzen duen funtzioa nabarmendu dute, eta irekita mantentzeko ahalegina eskatu.

Donostiako Miramon auzoan dagoen Eureka zientzia museoa. IVAN PEREZ UBRIZ.
Iker Tubia.
2021eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Debekatuta ez ukitzea: horixe da Donostiako Eureka zientzia museoaren leloa duela 20 urte ateak ireki zituenetik. Ordutik, milaka dira dena ukituz zientziaz gozatu dutenak. Baina gozamenak badu iraungitze datarik: Kutxa fundazioak museoa itxiko du 2023an. Zientziaren alorrean ari direnek «tristuraz» hartu dute albistea. Batzuek irekita mantentzeko saiakera egiteko eskatu diete erakundeei.

Kutxa fundazioaren arabera, proiektuak aurrera eginen du Tabakaleran duen gunean «espazio eta programa berriak» eskainiz eta «aurrerapen teknologikoak txertatuz». «Proposamenak zientzia herritarrengana hurbiltzeko modu berriak ekarriko ditu diziplinarteko ikuspegi batetik, baita zientzia komunitatearekiko interakzioa errazteko modu berriak ere, gizartearentzat garrantzitsuak diren gaiei heltzeko eta orain arte gure eskutik kanpo egon diren publiko gehiagoren parte hartzea sustatzeko ahalegin batean», azaldu dute.

IDOIA MUGIKA Zientzia komunikatzailea eta Eureka museoko langile ohia

«Museoa bizirik dago: bisitari pila bat dauzka, eta sekulako zerbitzua ematen du»

«Triste», «galduta» eta «minduta»: hala sentitu da Idoia Mugika zientzia komunikatzailea zazpi urtez lantoki izan zuen Eureka museoaren itxieraren berri izatean. Uste du museoa itxiko balitz gizarteak galera handia izanen lukeela, eta hezkuntza komunitateak ere bai. Egun eskolei zuzendutako 40 tailer baino gehiago dituela gogorarazi du: «Gure eskoletan ez dute baliabiderik hainbat eta hainbat kontzeptu abstraktu azaltzeko, eta museoan aukera bat dute era ludikoan eta ez hain formalean eskoletan landu behar dituzten kontzeptuak ikusi, ukitu eta ikasi ahal izateko». Nabarmendu du 120.000 ikasle pasatzen direla handik; hori bestelako bisitak kontatu gabe. Nahi duenak asteburuetan jarduerak eta erakusketa iraunkorra ditu han. «180 modulu dauzka, zazpi aretotan banatuta, eta 5.000 metro koadro, eta bat bera ere ez du sobran».

Donostian zientzia jardueren eskaria handia bada, «ez da kasualitatea», Mugikaren aburuz. «Ezinbestekoa da zientzia gizartera hurbiltzea; alde horretatik, museo bat da eduki dezakezun banderarik nagusiena». Hala ere, gogorarazi du museoa ez dagoela itxita. «Museoa bizirik dago: bisitari pila bat dauzka, eta sekulako zerbitzua ematen du». Begi onez ikusi du Kutxa fundazioak Tabakalerarako duen egitasmoa: «Aukera bat da eskaintzari digitalizazioa gehitzea eta erdigunetik eskurago dagoen toki batean zientzia sartzea». Baina ez Eureka ordezkatzeko, gehitzeko baizik. Tokia murritzagoa izanen baita han, eta, beraz, uste du nekez ordezka lezakeela museoa bera.

FERNANDO PLAZAOLA EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoa

«Harritzen nau, ixteko erabakia zientziaren aurka doa eta»

Eureka museoaren itxieraren berri izan zuenean «erabat harrituta» eta «kezkatuta» geratu zen Fernando Plazaola EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoa. «Pandemia dela eta, etengabe esaten aritu gara zientzia bultzatu behar dela eta etorkizuneko arazoei aurre egiteko modu egokia dela. Beraz, harritzen nau, erabakia zientziaren aurka doa eta», azaldu du. Izan ere, museoak jendea zientziarekin harremanetan jartzen du, zientzia zaletasuna bultzatzen du, eta zientzia erakusten du, Plazaolak esan duenez.

Eureka ixtea «galera handia» izanen dela uste du Plazaolak. «Ez da bakarrik museo bat; leku honetan gauza berriak plazaratzen dira, jende guztiak era interaktiboan zientziarekin jolastu dezake, eta berrikuntza guztiak erakusten dira». Iruñeko Planetarioarekin alderatu du, eta ohar bat egin du: «Europako eta munduko hiri handi guztietan horrelako zentroak dituzte zientziari indarra emateko, erakusteko eta zabaltzeko. Bartzelonan, Londresen...». Ezinbestekotzat jo ditu, beraz, zientzia ikusi, sentitu eta ukitzeko aukera ematen duten guneak.

JON ABRIL Elhuyar fundazioko zuzendari nagusia

«Nahiko murritza da euskarazko eskaintza zientzia alorrean; orain murritzagoa izanen da»

«Museo bat ixtea beti da albiste tristea, baina kasu honetan are tristeago iruditzen zaigu, zientziaren alorrean dagoen museo bakanetakoa delako Euskal Herrian, eta erreferente nagusia delako». Jon Abril Elhuyar fundazioko zuzendari nagusiaren hitzak dira. «Galera» alde anitzetatik etorriko dela uste du: «Eurekak lortu du eskolen erreferente izatea, baina baita familiena ere, aisialdia eta zientzia lotzeko modu bat delako». Gainera, etorkizuneko zientzialariak sortzeko eta gizartean zientziarekiko ezagutza eta pertzepzioa hobetzeko tresnatzat du. «Zenbait azterketek erakutsi dute gazteek beren ikasketak zientziara bideratzeko motibazio nagusienetako bat familia giroan eta aisialdian duten estimuluekin oso lotuta dagoela». Euskarak ere galduko du, Abrilek nabarmendu baitu hasiera-hasieratik euskara Eurekaren eduki eta programazioan egon dela. «Nahiko murritza da zientzia arloan dagoen euskarazko eskaintza; orain are murritzagoa izanen da».

Eurekako jarduna Tabakalerara mugituta, askotariko eskaintzaren barruan disolba daitekeela uste du: «Erreferentzialtasuna galduko da, eta ez du museo batek duen erakarpenik ezta eduki mailarik izanen. Tamainan eta aurrekontuan murriztuta etorriko da; beraz, bere eragina ere nabarmen txikiagotuko dela gauza segurua da».

Hala ere, Eureka irekita mantentzea borondate kontua dela uste du Abrilek. Are, aukera «paregabea» izan daiteke museoa publiko bilakatzeko, ardura zenbait erakunderen artean hartuta ere. «Kutxa fundazioaren bidez ez bada, Euskal Herrian badago nahikoa egitura sendo horrelako museo batek eskatzen duen ahalegin ekonomiko, sozial eta intelektualari aurre egiteko».

TXEMA PITARKE CIC Nanoguneko zuzendari nagusia

«Bokazio zientifiko eta teknologikoa sustatzeko balio du Eurekak»

Donostiako zientzia museoak «funtsezko» lana egiten duela uste du Txema Pitarke CIC Nanoguneko zuzendari nagusiak. Esan du eskolekin egiten duten lanaz gainera Eureka «topagune» dela, zenbait erakunderekin batera ekitaldi anitz antolatzen baitira han; Nanogune ikerketa zentroarekin ere bai. «Kultura zientifikoaren aldeko polo bat izan da. Donostia zientzia hiria izatea nahi badugu, oso ongi dago puntako ikerketa zentroak eta unibertsitateak izatea, beharrezkoa baita, baina hori ez da nahikoa: tartean gizarte osoa sartu behar dugu». Zubi lan hori Eureka museoak egiten duela uste du.

Ez hori bakarrik: «Bokazio zientifiko eta teknologikoa sustatzeko balio du, eta horri ere balioa eman behar diogu; hori da gure enpresek eta industriak eskatzen digutena». Ezinbestekotzat jo du Gizarte «zientifikoki kultu» bat erdiestea, eta museoa lagungarri da bide horretan, haren esanetan. «Zientzian eta teknologian oinarritutako gizarte batean erabakiak hartu behar direnean garrantzitsua da jendeak oinarrizko ezagutzak izatea, eta halakoek laguntzen dute»

ROSA ERRAZKIN Bergarako Laboratoriumeko zuzendaria

«Museoetan ibiltzen garenon helburua hezkuntzaren osagarri izatea da»

Zientziaren dibulgazioan aritzen direnek «beti borrokan» aritu behar izaten dutela ohartarazi du Rosa Errazkin Bergarako Laboratoriumeko zuzendariak (Gipuzkoa). «Baikor» begiratu dio Kutxa fundazioaren erabakiari: «Birformulatuko dutela esan dute. Ikusi beharko dugu; agian egungo gizarteari egokitutako formulazio edo plan bat dago. Museoetan hori gertatzen da askotan». Dena den, berak argi du: «Zientzian eta teknologian inbertitzea gizartearen onerako da beti». Proiektu berriak sortzean baliteke ez jakitea horrek zer itzuliko dion gizarteari, baina ziur da «ikuspegia zabaltzeko» eta «espiritu kritikoa lantzeko» baliagarriak izaten direla.

Hezkuntza ere izan du hizpide: «Eurekak oso publiko fidela du ikastetxeetan; gu ere hasi gara eskoletatik eskari asko jasotzen, eta hori positiboa da, gazteengandik hasi behar dugulako etorkizun hobea egiten». Ukituz eta esperimentuak eginez kontzeptu asko hobeto ulertzen dituzte ikasleek, gainera. «Museoetan ibiltzen garenon helburua hori da: hezkuntzaren osagarri izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.