SOSLAIA. Sandra Ramajo

Badoa kapitaina

Julen Etxeberria.
2019ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Egun batzuk zeramatzan albisteak bolo-bolo, eta atzo baieztatu zuen Realak. Sandra Ramajok (Irun, Gipuzkoa, 1987) ez du talde txuri-urdinean jarraituko. Realeko kapitainak ez du onartu kontratua berritzeko klubak egin dion eskaintza, eta taldea utziko du denboraldi honen amaieran. Ramajok 11 sasoi egin ditu Realean, eta 282 partida jokatu. Beste bi joka ditzake oraindik, biak Atletico Madrilen aurka: bihar Zubietan, ligako azken saioan, eta astebete barru, Granadan, Espainiako Kopako finalean.

Jokalariak berak azaldu du erabakia bideo batean. «Nire bizitzako erabakirik zailena hartzeko unea iritsi da. 11 urte zoragarri izan dira, eta aurrerapauso bat ematea tokatzen da orain. Egia da hau dela nire tokia, Reala nire bihotzean dago, baina emakumezkoen futbola haziz doa, eta orain gazteei utzi behar diegu pasatzen, haiek har dezatela lekukoa, eta Realari pozak ematen jarraitu».

Ramajo oso eskertua zaio Realari. «Klubari eskerrak eman nahi dizkiot, jaiotzez txuri-urdina izanik, betidanik maite izan dudan elastiko hau janzteko aukera eman didalako. Amets bat betetzeko aukera eman dit, eta uste dut orain ari naizela esnatzen, eta benetan ez dut nahi hori gerta dadin».

Kluba ez ezik, zaleak ere izan ditu gogoan kapitainak agurrean. «11 urtetan kluba haziz joan da. Agian, lehen ez genituen horrenbeste jarraitzaile, eta horregatik, hasieratik egon direnei eskerrak eman nahi dizkiet».

Ramajok lesio larria izan zuen aurreko sasoian. «Gaizki» pasatu du, baina bolada txar horiek «heltzen eta hazten» lagundu diote. «Erabaki hau gero arte bat da. Betiegongo naiz laguntzeko prest».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.