Emakumeen Bira

Kontrola ala ezustea

Gaurtik larunbatera bitarte jokatuko da Emakumeen Bira. Amanda Spratt eta Annemiek van Vleuten dira faborito. Bost euskal herritar ariko dira lehian

ainara arratibel gascon
2019ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Mitchelton-Scott taldeko Amanda Spratt eta Annemiek van Vleuten faborito direla, gaurtik larunbatera bitarte jokatuko da Emakumeen Bira, Euskal Herrian egiten den UCI World Tourreko proba bakarra. 32. aldia du probak, eta haren errepideetan ikusi ahal izango dira munduko txirrindulari eta talde onenetako asko. Ibilbide «gogorra eta gorabeheratsua» prestatu dute antolatzaileek, «amaiera ikusgarria izango duena».

Proba Iurretatik (Bizkaia) irtengo da, eta Oñatin bukatu (Gipuzkoa). Guztira lau etapa ditu, eta 467 kilometro bete beharko dituzte txirrindulariek. Iazkoaren aldean, berritasun nagusia da ez dela erlojuaren kontrako etaparik izango. Aitzitik, desnibel handiagoa du aurtengo ibilbideak: 5.550 metro. Esprinterrentzat aproposa da gaurko etapa, baina, bihartik aurrera, tropelak gorabeheraz betetako ibilbidea izango du aurretik. Bihar, Altzoko (2,4 kilometro eta %6,1eko batez besteko pendiza) eta Alkizako gainak (4,4 kilometro eta %6,1) igo beharko dituzte; etzi Opakua (7,4 kilometro eta %5,7) eta Santa Teodosia (2,7 kilometro eta %9,4); eta, larunbatean, Udana (4,8 kilometro, eta %4,6), Atagoiti (8 kilometro, eta 5%), Untzilla (3,5 kilometro, eta 2,8%) eta San Asentzio (8,7 km eta 4,9%). Eskalatzaileek, hortaz, badute non min egin.

Ikusi beharko da izan daitezkeen erasoen eta ihesaldien aurrean duen jarrera. Australiako taldea UCI World Tourreko sailkapeneko lehena da, —Dolmans eta Trek Segafredo dira bigarren eta hirugarren— eta baita Birako seikoterik indartsuena ere. Herenegun, Durango-Durango klasikoan, hala berretsi zuen, lasterketa kontrolatzeaz gain lehen bi sailkatuak talde horretakoak izan baitziren: Lucy Kennedy eta Van Vleuten. Iaz ere Birako talderik ahaltsuena izan zen, talde estrategia oso on bati esker, batez ere azken etapan. Sprattek aurten berriro irabazteko erronka du, eta Van Vleutenek estreinakoz jantzi nahi du txapela, iaz bigarren geratu eta gero.

Ezustea ematen ahaleginduko dira Amy Pieters (Boels Dolmans) Cecilia Ludwig (Bigla), Elissa Longo Borghini (Trek), Christine Majerus (Boels Dolmans), Malgorzata Jasinska (Movistar) eta Soraya Paladin (Ale Cipollini), besteak beste.

Euskal Herriko hiru talde izango dira lehian: Bizkaia-Durango, Sopela eta Movistar. Txirrindulariak, berriz, bost izango dira: Ane Santesteban (WNT), Eider Merino (Movistar), Aroa Gorostiza (Bizkaia-Durango), eta Andere Basterra eta Amaia Malatsetxebarria (Sopela).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.