Jaurlaritzak ziurtatu du COVID-19aren agerraldiak «kontrolatuta» daudela

Beste hamalau positibo eta hiru hildako daude. Jaurlaritzak pentsatu du neurriak areagotuko dituela jende pilaketak «mantenduz eta orokortuz» gero

Jendea paseoan, konfinamendua arintzeko lehen fasean. JON URBE/ FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
PCR probaren bidez baieztatutako hamalau positibo, eta hiru hildako. Horiek dira COVID-19ak azken orduetan Hego Euskal Herrian izan duen eraginaren datuak, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Nafarroako Gobernuak jakinarazi dutenez. Gainera, 566 pertsonari jarraipena egiten ari zaizkiela esan zuen atzo Murgak, «lotura estua» izan dutelako positibo eman duten pertsonekin.


Atzemandako kasu berrietako zortzi Nafarroan izan dira, lau Bizkaian, bat Araban, eta beste bat Gipuzkoan. Zehazki, bina kasu izan dira Bilbon eta Barakaldon (Bizkaia), eta bana Gasteizen eta Urretxun (Gipuzkoa). Nafarroako Gobernuak ez du zehaztu zein herritakoak diren positiboak. Hiru hildakoak Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak dira. Ospitaleetan dauden gaixoei dagokienez, ez dute beste inor ospitaleratu behar izan.

Azken egunetan, hainbat agerraldi izan dira Hego Euskal Herrian, eta horietako batzuez aritu zen Murga. Ziurtatu zuenez, Arabakoak eta Bizkaikoak «erabat egonkortuta eta kontrolatuta» daude. Orioko (Gipuzkoa) agerraldia ere «erabat kontrolatuta» dagoela azpimarratu zuen sailburuak, eta, haren hitzetan, azken egunetan ez da beste kasurik egon. «Gipuzkoako beste leku batzuetan atzematen ari diren kasuek ez dute loturarik agerraldi horrekin».

Hala ere, Murgaren iritziz, «arduratzeko modukoak» dira azken egunetan festak eta ospakizunak direla medio hainbat herritan ikusitako jende pilaketak. Herritarrek baztertzen dituzten egoera «puntualak» direla zehaztu duen arren, onartu du prebentzio neurriak areagotzea pentsatzen ari direla, «mantentzen eta orokortzen» badira. Halako kasuetan, zehaztu duenez, segurtasun neurriak areagotuko dituzte, «edozein arrisku egoeratan egingo litzatekeen bezala». Erantsi du jarduteko hainbat modu daudela, adibidez, hesi mekanikoak jartzea, informazioa emateko kanpaina gehiago egitea eta garraio publikoan esku hartzea.

Besteak beste, Irunen (Gipuzkoa) eta Gasteizen ikusitako irudiek kezkatzen dute sailburua. «Asko arduratzen gaituzte arrisku egoerek eta kontaktua eta gertutasuna dutenek». Ohartarazi zuenez, horrelako jende pilaketek «arrisku handiagoa» dute familian biltzeak baino. Izan ere, haren hitzetan, koronabirusaren agerpenak azkar identifikatzeko eta gelditzeko gakoa da kutsatzeko moduan egon direnak azkar identifikatzea. Hori dela eta, sailburuak herritarrei eskatu die ezezagunekin kontakturik ez izateko kaleko festa giroan edo hondartzan.

Botikak ziurtatuta

Osasun sailburuaren hitzetan, erremdesibir botika ziurtatua dute COVID-19a sendatzeko behar dutenek. Ameriketako Estatu Batuen «erosketa masiboa» aipatu zuen, baina nabarmendu zuen botika hori«bermatuta» dagoela. Oraingoz batez ere entsegu klinikoetan erabiltzen dela azaldu zuen Murgak, eta martxan daudela entsegu kliniko horiek. Hala ere, «zuhurrak» izan behar dutela esan zuen, «frogatu dutelako pertsona jakin batzuentzat —oso gaixo daudenentzat— dela eraginkorra, eta gaixotasuna motelago garatzea eragiten duelako». Beraz, sailburuaren hitzetan, onura frogatuta dago, baina «mugatua» da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.