Aliantza berriak fikzioan

Atresmedia Studios konpainiak 'El embarcadero' telesaila egingo du Movistar+entzat

Ignacio Corrales Atresmedia Studios konpainiako zuzendari nagusia, astearte gaueko aurkezpenean. RAFAEL BRAVO.
urtzi urkizu
2018ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Espainiako telesailen ekoizpenean eta zabalkundean hainbat mugimendu egiten ari dira azkeneko hilabeteetan —adibidez, TVEko El ministerio del tiempo telesailaren hirugarren denboraldia Netflixekin lotutako akordioari esker atera zuten aurrera—. Atresmedia komunikazio taldeak, berriz, Atresmedia Studios sortu du, merkatuan dauden operadore zahar eta berrientzat fikziozko edukiak sortzeko eta diseinatzeko. Espainiako operadoreentzat zein nazioartekoentzat.

El embarcadero telesaila izango da Atresmedia Studiosen sortu eta ekoitzitako aurreneko proiektua, eta Movistar+ ordainpeko plataformarentzat egingo dute. Bi enpresek lotu duten akordioa berritzailetzat jo daiteke Espainiako ikus-entzunezko sektorean. Proiektuan Vancouver Media ekoizpen etxeak eta Alex Pina ekoizle iruindarrak —Los Serrano, Vis a vis, La Casa de Papel— parte hartuko dute. Gaur egungo garaian girotutako drama bat izango da El embarcadero. Bi emakumeren patua gurutzatu egingo da, haien bizitzaren parte zen gizon baten bat-bateko heriotzaren ostean. Bai Atresmediak bai Movistar+ek nabarmendu dute akordioak bi konpainien arteko «harreman onak» indartuko dituela.

Atresmedia Studioseko zuzendari nagusia Ignacio Corrales da—2012tik 2014ra TVEko zuzendaria izan zen—. Iragarri du hainbat plataformentzat eta operadorentzat sortu eta ekoitziko dituztela telesailak: «Operadore bakoitzarentzat bereziki garatutako proiektuetan inbertituko dugu. Eta beste edozein estudiok bezala, proiektuak finantzatu, sustatu eta ustiatuko ditugu». Atresmedia Studiosen bitartez, komunikazio taldeak orain arteko ekoizpen, salmenta eta zabalkunde mugak ezabatu nahi ditu. Horrez gain, beste helburuetako bat Atresmediaren eduki originalen katalogoa komertzializatzea eta errentagarri bihurtzea izango da: Atresmediaren ekoizpen arrakastatsuenen «ustiapen integrala eta globala» hobetzeko bidea egin nahi dute.

Akordioak Netflixekin

Atresmedia Studiosen etorkizuneko ekoizpen batzuk Netflix plataformarentzat izan daitezke, are gehiago Atresmediaren zenbait telesailek nazioartean izan duten harrera beroa ikusita. Besteak beste, Velvet, Bajo sospecha, Tiempos de guerra, La embajada, Mar de plástico eta Vis a vis ikus daitezke Netflixen. La Casa de Papel da, ordea, arrakasta handiena izaten ari dena: Binge Report txostenaren arabera, AEBetan atzerriko hizkuntza batean gehien ikusitako telesaila da Netflixen La Casa de Papel. Maratoi formatuko kontsumoari dagokionez, sei aste hauetan lehen tokian da Antena3eko telesaila.

La Casa de Papel-ek hamabost atal izan zituen, eta Itziar Ituñok (Basauri, Bizkaia, 1974) Raquel Murillo poliziaren rola jokatu zuen. Aktoreak esan du telesaila Argentinan eta Brasilen asko ikusten ari dela: «Instagramen zorion mezu ugari iristen zaizkit, egun batzuetan mila jarraitzaile gehiago ere bai. Hego Amerikako hedabideetan elkarrizketak egiten ari zaizkit egunotan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.