'Landakoenea' saioa, Azokatik

Hamaikak eta BERRIAk hirugarren urtez egingo dute Durangoko Azokari buruzko telebista saioa

Ane Azkue Hamaikako aurkezlea eta Mursego, iaz Durangon, Landakoenea saioan. HAMAIKA.
urtzi urkizu
2014ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Elkarlanean hainbat telebista saio egin dituzte azkeneko urteetan BERRIA Taldeak eta Hamaika Telebistak. Horietako bat Landakoenea da, Durangoko Azokaren inguruko programa. Aurten abenduaren 5etik 8ra egingo dute saioa, 16:00etatik 17:00etara. Zuzenean BERRIAren webgunean, Hamaikaren webgunean eta Hamaikaren telebistako emisioan ikusi ahalko da. Ondotik, Interneten edozein unetan ikusteko modua izango da, eta Hamaikak telebistaz 20:30ean eta 22:30ean errepikatuko du.

Azoka Telebistaren gunean egingo dute saioa, sortzaileen berritasunak plazaratzeko helburuarekin. Aurkezleak Leire Ferro eta Ane Azkue izango dira, eta BERRIAko hainbat kazetari izango dituzte lagun elkarrizketak egiteko. Ostiraleko saioan, adibidez, Iñigo Astizek egingo dizkio galderak John Andueza idazleari. Eta saio berean, Berri Txarrak taldeko kideak gonbidatuko dituzte; larunbatean, Itxaro Borda, Alaine Agirre —Igor Susaetaren galderei erantzungo die— eta Vendetta musika taldea izango dira protagonistak; igandean, Garazi Kamio idazlea, eta Korrontzi eta Emon musika taldeak gonbidatuko dituzte; astelehenean, Juan Luis Zabalak Xabier Mendiguren Elizegi elkarrizketatuko du, eta Eskean Kristo musika taldeko kideak ere platora gerturatuko dira.

Larunbatean Badokek sakelako telefonoetarako aplikazioa aurkeztuko du (19:30), eta musika atariaren berrikuntza horretaz ere ariko dira Landakoenea-n Jon Eskisabelekin.

Hamaika eta BERRIAk «interes orokorreko» artisten lanen berri eman nahi dute, baina fokuetatik kanpo dauden artista eta proiektu ezberdinei lekua egingo diete. Erreportajeetan, esate baterako, Lurra musika taldeaz, Bingen filmaz, MusikaZuzenean guneaz, itzulpengintzaz eta EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen berrikuntzez ariko dira.

Inkesta bat ere egingo dute saioan egunero, azokara joaten diren herritarren iritzia jasotzeko asmoz.

Hamaika Telebistan, Landakoenea saioaz gain, Azoka Telebistaren seinalea ikusi ahalko da ostiraletik astelehenera, 10:30etik 20:00etara.

EITBn ere hainbat saio

EITBri dagokionez, Euskadi Irratiak bi saio egingo ditu Durangoko Azokatik: Hiri Gorrian ostiralean eta Amarauna igandean. Gazteako B Aldea Durangotik egingo dute ostiralean. Radio Euskadiko Kultura.eus eta Iflandia saioak ere azokatik bertatik egingo dituzte.

ETBko EITB Kultura saioan—ostegun gauean eta ostiral bazkalostean— azokan izango diren hainbat idazle eta musikari elkarrizketatuko dituzte: Ruper Ordorika, Gatibu, Toti Martinez de Lezea, Unai Elorriaga, Bernardo Atxaga eta abar. ETB1eko Euskal Herria Zuzenean saioan zuzenekoak eta bideoak egingo dituzte azokatik ostiralean.

EITBren Interneteko atarian,Azoka Telebistaren programazioa ikusi ahalko da, eta webgune berezi bat egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.