Pausokak 'Izarrak kalean' saldu dio Turkiako telebista publikoari

Euskal Herriko zortzi ekoizpen etxe Cannesen dira egunotan, MipTV ikus-entzunezkoen azokan

Euskal ekoizpen etxeetako ordezkariak bileraz bilera dabiltza egunotan Cannesko azokan. EIKEN.
urtzi urkizu
2015eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Datu onak lortu zituen iazko udan ETB1en Izarrak kalean musika lehiaketak. Saioak bigarren denboraldia izango du uda honetan, aldaketa batzuekin. Turkiako telebista publikoaren musika katean, berriz, turkierazko bertsioa egingo dute, atzo Pausoka ekoizpen etxearekin Cannesko MipTV azokan akordioa lortu eta gero. Akordioarekin «gustura» azaldu da ekoizpen etxeko Xabier Zabaleta.

Eiken euskal ikus-entzunezkoen klusterrak eta Etxepare Institutuak bultzatuta, Basque Audiovisual markarekin beste zazpi euskal ekoizpen etxe dira joan dira Cannesera: New Media Euskadi, JOK Films, Hapyymeter, Grupo Campus, Expressive Media Projects, Baleuko eta Prime Time Media. Prime Time Mediak The Matchmaking Gang formatua eraman du, ETB2n atal bakarra eta gaitzespen orokorra ekarri zuen Cuadrilla busca cita, alegia.

Euskal ekoizleek eramandako formatuen artean da, bestalde, JOK Filmseko Secret Chef —neguan ETB2n Fausto Grossik aurkeztu zuen game-show-a—. Asteburuan MIP Formats ideien bilkuran aurkeztu du Jokin Etxeberria ekoizleak, Fresh TV: Factual Entertainment & Reality Shows saioan. «Munduko beste hamalau formaturekin batera erakutsi genuen. Orain Alemaniako banatzaile bat ari da elkarrizketak izaten. Azokako egunkarian ere artikulu bat egin dute saioaz. Orain, ea saltzen den», adierazi du Etxeberriak.

Pausokak atzo saldu zuen beste formatu bat: Mom Vote For Me da —ETB2n Ama, vótame izenarekin eman zuten. Errusiako telebista kate bati saldu diotela iragarri du Zabaletak.

Merkatua, «gorantz»

Pausokako ordezkariak nabarmendu du bi urte gogor izan zirela, baina iazko udazkenetik ikus-entzunezkoen merkatua «goranzko bidean» dela: «Mugimendua handitu egin da». Ehun herrialdetako 11.000 parte-hartzaile daude egunotan Cannesen; horietatik 4.000, erosleak.

Eskandinaviako edukiek espazio berezia dute aurten azokan, Focus on the Nordic izenburupean. Hain zuzen ere, Norvegiako formatu batek grazia egin dio Etxeberriari: «Talent show bat da, non dena den faltsua. Irabazteko, traketsena izan behar da. Telebistaren parodia egiten dute».

Aurkeztu dituzten reality-en artean, askotarikoak daude: Hungariako Hangover saioan lagun talde batek txantxa ederra egiten dio protagonistari. Parranda egin, eta bi ordu baino ez diote lo egiten uzten, eta ajearekin ageri da kameren aurrean; Herbeheeetako Father's Pride saioan, seme-alaben homosexualitatea onartzen ez duten lau aita dira protagonistak. Seme-alabekin batera eramango dituzte Argentinako oihan batean; Danimarkako Stripped ere berezia da: lau gazte biluzik utziko dituzte, bakoitza bere etxean, guztiz hustu duten etxean. Egunean gauza bakar bat berreskuratu ahalko du parte hartzaileak, hilabete batez.

Fikziozko estreinaldien artean, ITVren Texas Rising eta Zodiaken Versailles nabarmendu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.