Kulturaz, lasai eta barrutik

Hamaika telebistak Asier Ituarte eta Ander Lipusekin zabalduko du gaur ArteKale saioa

Ane Zabala aurkezlea Asier Ituarte eta Ander Lipus elkarrizketatzen, ArteKale saioaren lehen atalean. HAMAIKA TELEBISTA.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2015eko irailaren 17a
00:00
Entzun
ArteKale kultur magazina estreinatuko du gaur Hamaika telebistak. Ane Zabala aurkezleak adierazi duenez, kulturaren alor guztiak jorratuko ditu saioak, eta Interneterako pentsaturiko hiru minutuko bideoen filosofia baztertuta, «luze, zabal eta lasai» arituko dira antzerkilari, zinemagile, artista, bertsolari, dantzari eta bestelako kulturgileekin.

«Kale bat irudikatu dugu», dio Zabala aurkezleak, «eta kale horretan elkartuko dira kulturgileak eta sortzaileak». Ane Azkuerekin egingo du saioa. Ordubete iraungo du, eta ostegunean emango dute, 22:00etatik aurrera. Astean zehar ere, hainbatetan ikusi ahalko da saioa berriz.

Ahotsa sortzaileei eman nahi die Zabalaren taldeak. Saioko atal nagusian, aurrez aurre elkarrizketatuko dituzte artistak, euren lanaz hitz egin dezaten, eta, oro har, sorkuntzaz hausnar dezaten. Lehen saioan, esaterako, Asier Ituarte tronboi jotzailea izango dute, gaur. Arte Ederretan lizentziaduna da, eta Joxe Ripiau zein Sagarroi taldetan aritu izan da. Lanean jardun du Ander Lipus aktorearekin, zein Txuma Murugarren eta Rafa Rueda musikariekin. Lipusekin agertuko da Ituarte ArteKale-ko estudioan. Ezekiel antzezlan musikatua sortu zuten biek elkarrekin 2004. urtean, eta Huts konpainiaren Etxekoak pieza estreinatuko dute azaroaren batean. Horren musikaz arduratuko da Ituarte. Antzerkiaz, musikaz eta «kulturaren ekosistemaren egoeraz» mintzatuko dira.

Elkarrizketaz gain, saioak hainbat atal izango ditu: erreportajeak, musika emanaldiak, agenda... Gaurkoan, esaterako, Euskal Barrokensembleko Enrike Solinis eta Miren Zeberio musikariekin arituko dira, taldeak argitaratu duen Euskel Antiqva diskoaren inguruan.

Kolaborazioentzako tartea izango du saioak: Artekaleko Kioskoa. Skypen bidez, kulturguneekin arituko dira, besteak beste, Iruñeko Katakrakekin. Artekaleko Bitxikeriak tartean, berriz, sarean harrapaturiko kontuak bilduko dituzte, euskaraz eginiko lehen animazio filmen pasarteak, adibidez. «Plaza handi bat izan nahi du saioak», adierazi du Zabalak.

Kulturgintza, barrutik

Kulturaz, Skapa saioa zuen orain arte Hamaika telebistak. Baina asteburuari eta kultur produktu berriei begira egoten zen. «ArteKale-k hori baino gehiago izan nahi du», esan du Zabalak. Interneten eraginez, bideo laburren bitartez, esaterako, telebista orain oso arin kontsumitzeko produktua bihurtu dela uste du aurkezleak. «Guk lasaitasuna eta denbora eskaini nahi diegu gonbidatuei, lasai hitz egin dezaten».

Zabala bera antzezle eta antzerkigilea da. Gilkitxaro antzerki taldean dabil, Galder Perezekin, eta, besteak beste, Urak Ttiki dire, Miranderen Kabareta eta 8 Begi antzezlanak taularatu dituzte. Sorkuntzaren mundua barrutik ezagutzen duenez, kulturaren sukaldeak erakusten saiatuko da ArteKale-n. Esan duenez, kalera aterako da kultur biziaren bila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.