BERRIA TBk bertso txapelketarekin lotutako saio bat egingo du astero

'Txapelpekoak' bihar estreinatuko dute, 20:00etan. Ilustrazioak eta umorea ere tartekatuko dira

Txakur Gorria sormen taldeko lagunek ilustrazio bat eta testu bat egingo dute astero Txapelpekoak saiorako. BERRIA.
urtzi urkizu
Donostia
2017ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Berria telebistak aurreneko aldiz Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiari buruzko saio bat egingo du. Txapelpekoak programa bihar estreinatuko dute webgunean, 20:00etan —handik aurrera aste osoan izango da ikusgai atal bakoitza—. Txapelketako finalerdietan entzuten diren bertsoak izango dituzte hizpide, eta iristear diren saioen ingurukoak ere jasoko dituzte.

Txapelpekoak saioak lau atal izango ditu: Txakur Gorria sormen taldeak finalerdi bakoitzaren bertsoaldi bat, bertso bat edo keinu bat hartuko du, eta horren inguruko ilustrazio bat egingo du, testu bat idaztearekin batera. Beste atal batean, Miren Garate eta Oihana Elduaien BERRIAko kazetariak solasean azalduko dira, saio bakoitzeko bertsoak aztertzen. Entzundako bertsoen inguruan hitz egiteaz gain, hurrengo asteburuko finalerdia eta bertsolariak aipatuko dituzte. Astero elkarrizketa bat emango dute saioan —aurrenekoa Andoni Egaña bertsolariarekin—. Bestalde, Oroitz Unzuetak, Beñat Intxauspek eta Mikel Fernandezek umorezko esketxak egingo dituzte bertsolaritzarekin lotuta —bertso-eskola bat irudikatuko dute—.

Saioko bideogileak Lara Madinabeitia eta Julen Aperribai izango dira. Astero sare sozialetan zabalduko dute, osorik eta zatika.

Txapelpekoak saioak bederatzi atal izango ditu. Asteazkenero eskegiko dute atal bat webgunera. Abenduan, gainera, finalaren ostean azkeneko programa berezi bat egingo dute.

Paperean ere txapelketaren jarraipena zabal eta luze ari da egiten BERRIA azkeneko asteetan. Jarraipen hori indartu egingo du finalerdietan eta finalean. Miren Garate kazetaria ari da kronikak idazten, baita erreportajeak eta elkarrizketak lantzen ere —saio bakoitza amaitu bezain laster, albiste bat idazten du webgunean—. Eta Gorka Azkarate ari da analisiak idazten. Testu horiek guztiak irakurle asko izaten ari dira, webguneko bisitak aintzat hartuta.

'Aulki-jokoa' ETB1en

Txapelpekoak saioko lehen elkarrizketa Egañarekin egingo dute, eta Egaña bera astelehenero ETB1eko Aulki-joko saio berrian azalduko da datorren astetik aurrera. Txapelketako finalaurrekoetako saioen berri emango du, eta egungo bertsolaritzaren gakoak eskainiko ditu. Programa horretako aurkezlea Edurne Azkarate bertsolaria izango da.

Ertz ezberdinetatik aztertuko dituzte txapelketako bertsoak. Juantxo Zeberio musikariak bertso-doinu bat eramango du astero saiora. Azkaraterekin batera aztertuko ditu bertso doinuen jatorrizko abestiak eta bertsotarako egindako moldaketak.

Azkaratek bidelagun ugari izango ditu astelehenero Aulki-joko-an: txapelketako antolatzaileak eta parte hartzaileak, aktore, kirolari eta idazle ezagunak, bertso eskoletako partaideak... Aurreneko atalean, Bertsozale elkarteko Jon Agirresarobek saioetarako aretoak nola prestatzen diren erakutsiko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.