Kontzertu ekonomikoaren inguruko dokumental bat emango dute ETB2n

'Por derecho propio' lana gaur gauean estreinatuko dute. Lau garai erakutsiko dituzte

Lau garai historiko fikzionatu dituzte Por derecho propio dokumentalean. ETB.
urtzi urkizu
2018ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Euskal kontzertu ekonomikoaren 140 urteko ibilbidea errepasatuko dute gaur ETB2n Por derecho propio izeneko dokumentalean, 22:30ean. Horrez gain, denboran atzerago joko dute, eta foruekin lotutako hainbat pasarte historiko fikzionatuko dituzte. Foruen jatorriaz eta bilakaeraz ariko dira, eta historialariekin egindako elkarrizketak tartekatuko dituzte; azkeneko 40 urteetan kontzertu ekonomikoarekin lotura izan duten politikarien hitzak ere jasoko dituzte.

New Digital Media Euskadi ekoizpen etxeak egin du dokumentala ETBrentzat —atzo Bilboko Arriaga antzokian estreinatu zuten—. Arantza Ruiz kazetariak gidatuko du bidaia historikoa, eta Urko Olazabal aktoreak lau garai erakutsiko ditu. Maite Ibañezek eta Bego Atinek zuzendu dute dokumentala, eta Atinek iragarri du bereziak izango direla Olazabalek interpretatutako pasarteak: «Historiako lau une garrantzitsu fikzionatu ditugu: batetik, Fernando Katolikoa erregea 1476an Gernikara etorri zenekoa, Bizkaiko foruak zin egitera; bestetik,Espartaroren eta Marotoren arteko Bergarako hitzarmena, lehen karlistadaren ondoren; 1876an Espainiako kongresuan izan zen sekulako iskanbila, foruak kendu zituztenekoa; eta laugarren pasartea, ikuslea 1936ko gerrara eramango duena; bertan, Jose Antonio Agirre lehendakaria erbesteratu zenekoa agertuko da. Francok gerra garaian Bizkaiari eta Gipuzkoari kontzertua kendu zizkien, probintzia traidoreak izendatu eta gero». Pasarte historiko horiek kontatzeko, historialarien hitzak ere tartekatuko dituzte.

Azkeneko 40 urteak

Dokumentalean, 1980. urtean kontzertuaren negoziaketan izan ziren protagonistekin hitz egingo du Arantza Ruizek: Carlos Garaikoetxea, Pedro Luis Uriarte, Rodolfo Martin Villa eta Carmen Gallastegi. «Ibilbide kronologikoa egingo dugu dokumentalean», iragarri du Atinek. «Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroa ere azalduko da, gobernuan baitzegoen 2001ean ituna berritu zenean. Garai gogorra egon zen urte horretan, Idoia Zenarruzabeitiak defendatzen baitzuen kontzertuak presentzia eta ahotsa izan behar zituela Europan». Montorok iazko negoziazioez ere hitz egingo du. Gaiarekiko Europako ikuspegiaz mintzatuko dira Ramon Jauregi PSOEko europarlamentaria eta Gemma Martinez Barbara Ad Concordiam elkarteko kidea.

Atinek iragarri du dokumentalaren amaieran Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiei egindako elkarrizketak azalduko direla.

Dokumentala gaztelaniaz egin dute, eta ez du euskarazko bertsiorik izango.

ETB2n ez ezik, Radio Euskadin ere kontzertu ekonomikoaz ariko dira gaur. Boulevard berezia egingo dute Bilboko Arte Ederretako Museoan, 08:00etatik 10:00etara. Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburua eta Pedro Luis Uriarte Euskal Kontzertuaren Elkarteko presidentea elkarrizketatuko dituzte. Ondoren, alderdi politikoetako ordezkariekin ariko dira kontzertuaz eztabaidatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.