ETBri plurala ez izatea leporatu diote alderdi guztiek, EAJk izan ezik

EH Bilduk Edu Barinagaren agerraldi bat eskatu zuen, baina Maite Iturbek eman ditu erantzunak

Kanaldudeko kudeatzaile Ximun Karrere EITBren erreformarako lantaldeko bilerara gonbidatu zuten atzo. J. RUIZ / FOKU.
urtzi urkizu
2018ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko talde politiko guztiek —EAJk izan ezik— Euskal Telebistaren ildo informatiboa kritikatu zuten atzo, eta, ñabarduraz ñabardura, pluraltasunik ez izatea leporatu zioten. Alderdi guztietako ordezkariek esan zuen ez duela bere taldea ondo islatuta ikusten albistegietan. Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak, berriz, hala esan zuen: «EITBk ez du interes alderdikoiekin bat egin behar».

EH Bildu koalizioakETBko albistegien «instrumentalizazioaren» inguruan egindako galdera batekin abiatu zuten eztabaida kontrol batzordean. EH Bilduk ETBko zuzendari Edu Barinagaren agerraldia eskatu zuen, baina Iturbe agertu zen erantzutera. Unai Urruzuno legebiltzarkideak otsailaren 23an jazotakoa gogoratu zuen: «Euskadi Irratian saio bat egin zuten Elgoibarko [Gipuzkoa] Txillarre baserrian Arnaldo Otegirekin eta Jesus Egigurenekin. Biei aitortza bat zegoen hor. Baina kazetari batek balorazio bat egin zuen ETB2ko Teleberri-an, eta Otegirengan pertsonalizatu zuen». Otegik Txillarren egindako hitzen ostean, hala esan zuen kazetariak, off-eko ahotsean: «....800 hildakoren ostean».

Iturbek «kazetaritzako hanka-sartzetzat» jo zuen hura, baina esan zuen EITB «erreferentzia» dela informazioa emateko orduan, eta, ikerketen arabera, ez dagoela objektibotasun faltarik. EITBko zuzendari nagusiak Daniel Innerarity filosofoaren gogoeta batzuekin eraiki zuen hedabideen inguruko diskurtsoa. EH Bilduko ordezkariak gogorarazi zion Innerarity alderdi jakin baten zerrendaburua izana dela— 2015eko abenduan Geroa Baiko zerrendaburu izan zen Espainiako Kongresuko bozetan—.

«Arantza Tapiaren atala»

Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Eukene Aranak ihardetsi zuen haren taldea Espainiako Kongresuan bozkatuena izan zela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hirugarrena izan zela Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan, eta ETBko albistegietan bost talde nagusietatik minutu gutxien dituena dela: «Iazko otsailetik 2018ko urtarrilera, PSE-EEri 215 minutu eskaini zizkioten albistegietan, PPri 205, eta Elkarrekin Podemosi eta Unidos Podemosi 180 besterik ez». Arana gogor mintzatu zen Iturberen aurka: «Gezurretan ari zara; gezurra esaten duzu EITBk pluraltasunaren irizpideak jarraitzen direla esaten duzunean».

EH Bilduko ordezkariak EAJko kide baten esaldia gogoratu zuen: «EAJko batek esan berri du ETBko albistegiak lau parte dituela: Politika, Kirola, Eguraldia eta Arantza Tapia». Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburua da Tapia.

Bestetik, EITBren erreformarako lantaldearen bilera egin zuten atzo; EH Bilduk eskatuta, Kanaldudeko kudeatzaile Ximun Karrere gonbidatu zuten Eusko Legebiltzarrera. Karrerek Ipar Euskal Herriko ikus-entzunezkoen egoeraren berri eman zuen, eta baikor mintzatu zen EITBrekin izan ditzaketen elkarlan posibleen inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.