HIZKUNTZA GUTXITUETAKO HEDABIDEAK (IV)

Bi gazteren ekimenetik

Bi hilabete dira 'Tempi Corsica' hedabide digitala martxan jarri zutela. Korsikeraz dira eduki guztiak, eta doan irakur daitezke denak. Kultura eta filosofia gaiek harrera beroa dute.

urtzi urkizu
2018ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Kasik jaioberritzat jo daiteke Tempi Corsica, korsikeraz argitaratzen den aldizkari digitala. Abenduan erregistratu zuten proiektua, eta martxoaren 7an ekin zioten artikuluak argitaratzeari. Testu guztiak korsikeraz idazten dituzte, askotariko gaien inguruan. «Konturatu ginen ez genuela gure hizkuntzan aldizkaririk nazioarteko gaiak lantzen dituenik, ezta ekonomiaz, soziologiaz edo beste gai garrantzitsu batzuen inguruan edukiak argitaratzen dituenik ere. Horregatik piztu zitzaigun ideia Marcu Antone Faure lagunari eta biori», azaldu du Ghuvan Santu Battestinik, Tempi Corsica-ren sortzaile, presidente eta kudeatzaileak. Faure hedabideko idazkari nagusia da.

Battestinik argi esan du ez dutela frantsesezko edukirik argitaratuko: «Frantsesak ez du tokirik, eta ez dugu halakorik nahi. Gure helburu nagusia da kulturaz, filosofiaz eta ekonomiaz gaiak lantzea korsikeraz». Kultura zabaltzeari garrantzi handiagoa ematen dio aldizkariaren sortzaileak, dirua lortzeari baino. «Gure webgunea %100 doakoa da. Gure iritziz, kulturak ez du preziorik, eta ez du izan behar dirua irabazteko. Aurrera atera ahal izateko, lagunak ditugun kazetariak eta unibertsitateetako ikerlariak aritzen dira idazten aldizkarian. Dinamismoz bete nahi dugu aldizkaria, beti korsikeraz».

Battestinik azaldu du webgunearen bisitari asko literaturazaleak direla. «Nabaria da literatura korsikeraz gogoko dutenak gerturatzen zaizkigula». Bestetik, konturatu dira filosofia gaiekin lotutako artikuluek izaten dutela zenbaitetan bisita gehien, «nahiz eta horietako batzuk ulertzeko errazak ez izan». Edonola ere, haien helburua «denaren inguruan» hitz egin ahal izatea da: «Aktualitatea, munduko gertakizun handiak, ekonomia arloko eraldaketak...».

«Logika kapitalistatik at»

Battestinik eta Faurek euren poltsikotik jarritako diruarekin sortu dute Tempi Corsica. «Oraingoz, gure diruarekin ari gara aurrera egiten. Baina laster finantzaketa kolektiboko kanpaina bat jarriko dugu martxan, datorren urtean proiektua sostengagarri egin, eta proiektu eta zerbitzu berriak martxan jarri ahal izateko», argitu du Battestinik. Izan ere, Tempicorsica.com atarian bada atal bat Fate un donu izenekoa —diruz lagundu—, eta horren bitartez dirua eman daiteke proiektuarentzat, Tipeee.com plataforma erabilita. «Proiektu hau ez dugu sortu dirua ateratzeko. Proiektua erabat aldenduta dago logika kapitalistaren interesetatik», dio Battestinik. «Ona dena da beti bat egingo dugula bilatzen dugun helburuarekin».

Aldizkariko kudeatzaileak gogoratu du korsikeraz 100.000 lagun inguruk hitz egiten dutela, baina hain komunitate txikiarentzat aritzea ez dela desabantaila: «Abantailatzat hartu behar dugu korsikera gure hizkuntza dela, eta gure hizkuntzan idaztea gozamena dela. Gainera, korsikeraz dakiten hartzaileek erabakia hartua dute hizkuntza mantendu egin behar dela. Horrek asko laguntzen du gure kultura garatzen eta zabaltzen», gaineratu du Battestinik.

Lehen bi hilabeteetan, 2.000-2.500 irakurle artean izan dituzte astero. «Emaitzarekin pozik gaude. Dena den, bidean hazi egin nahi dugu, eta horretarako egingo dugu lan». Battestinik uste du irakurleekin «gertuko» harremanean sakontzea funtsezkoa dela. «Irakurleen iritziak aintzat hartzen ditugu, eta hedabidea ikuspuntuak eta ideiak partekatzeko gune aberasgarria izan daiteke».

Korsikeraz gaur egun ez dago Tempi Corsica-ren antzeko aldizkaririk, eta ekarpena egin nahiko lukete Faurek eta Battestinik. «Hizkuntzari praktikarako indar gehiago eman nahiko genioke egunerokotasunean: eguneroko eztabaidetan, kalean, familian, lagunean edo irakasleekin», adierazi dute.

Sare sozialen erabilerari dagokionez, Twitterren «azken orduko albisteak» ematen ditu aldizkariak. «Facebooken, berriz, bestelako edukiak argitaratzen saiatzen gara: filmak, argazkiak eta pertsonaia esanguratsuen esaldi bereziak». Aldizkariko artikulu guztiak sare sozialetan ere argitaratzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.