Koronabirusa

Eskolak irekitzeko Parisen erabakia buruhauste bilakatu dela salatu dute

Frantziako Gobernuak osasun protokolo zehatza osatu du, baina tokiko erakundeen eta ikastetxeen esku gelditu da hura gauzatzea

Irakaslea, maskararekin, Frantziako eskola batean. IAN LANGSDON / EFE.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko haurrak eskolara itzultzen hasiko dira heldu den astetik aitzina. Astelehenean, irakasleak itzuliko dira, eta, asteartetik aitzina, ikasleak hasiko dira, pixkanaka. Irizpide zorrotzak ezarri ditu Frantziako Gobernuak, baina tokiko erakundeen eta ikastetxeen esku gelditu da horiek gauzatzea. Buruhauste bat izaten ari dela salatu du batek baino gehiagok.

Lehengo astean aurkeztu zuen gobernuaren plana Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak, eta atzo eman zituzten azken zehaztasunak. Heldu den astean, lehen mailetako haurrak hasiko dira; maiatzaren 18tik aitzina, kolegioetakoak; eta, egoerak «hobetzen segitzen badu», ekainean lizeoak. Gurasoek erabakiko dute haurren eskolatzea, gehienez ere hamabost ikasle izanen dira ikasgelaka, eta babes neurri zorrotzak bete beharko dituzte.

Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroaren hitzetan, «lehen arrangura» soziala da: «Haur guziei bermatu nahi diegu hezkuntza». Baina anitzen ustez, gurasoak lanera itzultzeko irekiko dituzte eskolak. «Argi dugu [Frantziako] gobernuak haurtzaindegi rol bat eman nahi diola eskolari», adierazi du Seaskak agiri batean.

Eskola publikoen kudeaketa herriko etxeen esku da. Arrangurak agertu zituen aste hasieran Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak: «Egoera ezezagun baten aitzinean gara auzapezak, ez baitakigu zenbat haur itzuliko diren ikasgeletara maiatzaren 11tik aitzina. Era berean, ez dakigu zenbat irakasle eta zenbat langile itzuliko diren ere. Informazio horien arabera egokitu eta antolatu beharko gara. Baina, gaur-gaurkoz, nik behintzat ez ditut informazio horiek». Bide beretik mintzatu zen Claude Olive: «Lau metro karratu ikasleko, 15 ikasle ikasgelaka. Baldintza konplikatuak dira». Langile gehiago hartu beharko dituztela aurreikusi dute biek ala biek.

Eta inor kutsatuko balitz, norena litzateke erantzukizuna? Etxegaraik argi du: «Arazorik gertatuko balitz, erantzukizun penala auzapezarena litzateke».

Seaskan, mailakatua

Seaskako ikastolak ere irekiko dituzte asteartetik aitzina. «Galdetu diegu emeki abiatzea, test gisa: zirkulazioa, espazioak, komunak... irakasleak ere egokitu behar dira», azaldu du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak. Aitortu du «buruhauste ikaragarria» dela: «[Frantziako] gobernuak inolako kontzertaziorik gabe hartu du erabakia». Dena «tarrapataka» prestatzen ari direla erran du.

Ikastoletan kasuz kasu ari dira ikusten zenbat haur errezibitzen ahalko dituzten; gurasoei galdera egin diete, nork nahi duen eta nork ez. Lehentasuna osasungintzako langileen eta irakasleen haurrei, behar bereziak dituztenei... Ikastolak ari dira taldeak osatzen, gaitasunen arabera. Leku batzuetan, adin ezberdinetako ikasleak nahasi beharko dituzte.

Pixkanaka hasiko dira, baina ikasturte bukaerarako ikasle guziak klase presentzialetara itzultzea eman dute helburu gisa. «Eskaintza denei egin nahi diegu, baina ez da denbora osoko ikastola eskaintzen ahalko haur guzientzat», azaldu du Jorajuriak. «Txanda sistema bat martxan ezarri beharko da».

Egoera zaila izanik ere, Seaskak adierazi du «ahalegin guziak» eginen dituztela, «eskola euskalduna eta parte hartzailea segurtatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.