Sarunas Jasikevicius

Balentriaren malkoak isurita

Handia egin du Zalgiriseko entrenatzaileak. 19 urteren ondoren, Euroligako Lauko Finalerako sailkatu du Lituaniako talde hori, historian bigarrenez.

VALDA KALNINA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Iragan osteguneko partida amaitu aurretik, egindako balentriaz jakitun zen Sarunas Jasikevicius Zalgiriseko entrenatzailea. Aulkian eserita, hunkidurazko negar malkotan ikusi zuen bere jaioterriko taldea Euroligako Lauko Finalerako sailkatzen. Olympiakos 3-1 mendean hartuta eskuratu du sailkapena Zalgirisek. Bigarren aldia izango du Europako lau onenen artean, aurreko alditik 19 urte igaro direla. Kanporaketako laugarren partida irabazita lortu du Belgraderako (Serbia) sailkatzea. Parte hartu zuen aurreko aldian txapeldun izan zen Zalgiris, baina historiako bigarren Euroliga eskuratzeko bidean harri galantak egokitu zaizkio: Fenerbahce, Real Madril eta CSKA Mosku. Maiatzaren 18tik 20ra jokatuko dute.

Jasikeviciusek bere sinadura jarri dio Zalgirisi. Antolatzaile lanetan maisua zen jokalari garaitan, eta taldea antolatzen fin aritu da entrenatzaile kargua duenetik. 2014an utzi zion jokatzeari, Zalgirisen bertan, eta klubean geratu zen entrenatzaile gisa trebatzeko. 2016ko urtarrilean eman zioten taldearen gidaritza, Zalgirisek Gintaras Kaprikas kaleratzea erabaki zuenean. Ondo irten zaie apustua zuzendaritzako kideei; ordutik, Lituaniako hiru liga eta hiru kopa irabazi ditu jarraian Kaunasko taldeak, eta proiektua sendotuz joan da Europako lau onenen artean sartzea lortu duen arte. Entrenatzailearen ezaugarriak bereganatu dituzte jokalariek, eta talentuz eta irabazteko grinaz jositako taldea bilakatu da.

Kiniela gutxitan agertzen zen Zalgirisen izena Lauko Finalerako, baina txapelketa handia osatu dute lituaniarrek. Hasteko, egoki aritu ziren liga erregularrean. Lehen sailkatuen nagusitasunetik urrun, baina aise sailkatu zen kanporaketetarako, hemezortzipartida irabazi eta hamabi galduta. Olympiakosen aurkako kanporaketan, kolpea jo zuten gero. Greziarrak ziren aurrera egiteko faborito, baina haien etxean garaipen bat eskuratuta urratu zuen bidea Zalgirisek. Etxeko bi partidak irabazita kaleratu du Olympiakos.

Orain, Fenerbahce izango du aurkari Lauko Finalaren finalaurrekoan. Iazko txapeldunak dira turkiarrak, baina txapelketaren sekretu guztiak dakizki Jasikeviciusek. Ez alferrik, inork ez baitu Euroliga berak adina alditan eskuratu jokalari gisa; lau alditan irabazi du, Bartzelona eta Panathinaikosekin behin, eta Maccabirekin birritan. Lituaniako selekzioarekin eskuratu zuen jokalari zeneko beste garaipen handia, Eurobasketa irabazi eta txapelketako jokalari onenaren izendapena lortuta. Olinpiar Jokoetan domina bat eskuratutakoa ere bada; Sydneyn lortu zuen, 2000. urtean. Alabaina, Atenasko Jokoetan egindako partida batek zabaldu zizkion NBAko ateak. AEBetako selekzioari aise nagusitu zitzaion Lituania, eta erakustaldia egin zuen Jasikeviciusek. Indiana Pacers izan zuen lehendabiziko geltoki Amerikan, baina bidaia ez zitzaion joan nahi bezain ongi. Klubak Golden State Warriorsi saldu zion gero, eta entrenatzailearen estiloarekin bat egin ezinik amaitu zuen NBAko ibilbidea. Europan erakutsizuen bere mailarik onena Jasikeviciusek.

Jokoan erasokorra zen, eta ez da atzera geratzen kantxatik kanpo. Ez da isildu zalea, eta zenbait talka izan ditu bere ibilbidean. Hapoeleko jarraitzaileek kolpeak jo zizkioten haren autoari, eta harri bat bota zuten ordezkoen aulkiko kristalera, bera han eserita zegoela. Zalgirisen kantxan ere piztu zuen polemika. 1999an izan zen, artean Ljubljanako Olimpijako jokalari zela. Zalgiriseko zuzendari nagusiak uko egin zion bera fitxatzeari, garestiegia zelakoan. Min egin zion horrek, eta Olimpijarekin joan zenean hatzarekin zuzendari hura seinalatuz erakutsi zuen haserrea. Etxean jokatu eta klubarekin historia egin nahi zuen. Urte hartan, bera gabe irabazi zuen Euroliga Zalgirisek. Orain, hari esker irabaz dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.