Binakako Txapelketako finala

Garairik onenean dago

Zortzi urte dira Jose Javier Zabaletak debuta egin zuela, eta igandekoa du binakako hirugarren finala. Iazko txapela irabazi zuenetik, sasoi bikainean da: «Ez badut irabazten, pentsatuko dut ez dudala helburua lortu».

Jose Javier Zabaleta, pilota aukeraketa batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Uharte
2019ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Apiriletik apirilera, Jose Javier Zabaleta (Etxarren, Nafarroa, 1991) bere ibilbideko urterik onena biribiltzeko zorian dago igandeko finalean. Iaz, binakako txapeldun izan zen, eta, urte osoan maila onean jardun ondoren, baliteke igandean txapela janztea berriz. Sasoi onak bere anbizioa elikatu du. «Oraindik ez ditugu etxeko lanak egin; azkeneko pausoa falta da. Apirilaren 7an irabazten badut, sasoi erdiarekin konplitu dudala pentsatuko dut, baina, ez badut irabazten, ez dut beteko helburua».

Konfiantzaz ari da atzelaria. Txapelketako lehen lau partidetan ez zen oso fin ibili, baina, hartaz geroztik, gora egin du. Esperientziak erakutsi dio txapelketa luzeek mesede egiten diotela, bere mailak apurka goraka egiten duela. Oraingoan, gainera, inoizko sasoirik onenean da: «Agian bai; seguru asko nire txapelketarik onena izan da. Erosoen sentitu naizena izan da, behintzat».

Zortzi urte dira debutatu zuela. 19 urterekin hasi zen, Asperekin, eta zaleak harritu zituen bere kolpearekin. Orain, 26 urte ditu, eta ez da kamustu. «Ez dut uste kolpeak behera egin duenik; nik, behintzat, ez dut halakorik nabaritu. 19-20 urterekin, agian, kolpe freskoagoa duzu hausteko. Orain, aldiz, iruditzen zait hobeto ematen diodala pilotari atzeko koadroetatik». Zortzi urte horietan, sei aldiz jokatu du binakako txapelketa, eta igandekoa du hirugarren finala. «Balantze oso ona da. Sinatuko nuke hurrengo seietan beste hainbeste lortzea».

Zabaletaren ibilbidean, baina, dena ez da gozamena izan. 2013an, debutatu eta gutxira, txapeldun izan zen Juan Martinez de Irujorekin. Gero, bost urte pasatu ziren hurrengo finalera arte, eta tartean 11 hilabeteko etenaldi bat izan zuen lesioen erruz, 2015eko apiriletik 2016ko martxora. Pentsatzeko denbora asko izan zuen, eta prestaketa aldatu zuen: «Iñaki Barbajero prestatzailearekin hasi nintzen, errutina ezberdinekin, eta hobeto nago. Justo Lillorekin ere txapel bat irabazi nuen, baina orain beste modu batera egiten dugu lan. Urte osoan egiten dugu lan fisikoa, erritmo berean. Ez dugu garai jakin batean arreta jartzen, eta nabaritzen da. Lehen, agian, gutxiagotan entrenatzen ginen, baina indartsuago».

2013an, Irujorekin izan zen txapeldun; iaz, Joseba Ezkurdiarekin; eta, aurten, Irribarriarekin da finalean. Hirurak indar askoko aurrelariak dira. «Beti diote jotzaileentzako kide aproposak artistak direla, baina ez dirudi nire kasua denik». Eta, alderik ba al da haien artean? «Bai, noski. Irribarria oraindik gaztea da, eta asko du ikasteko, baina Irujok adinako ahala du. Harekin jokatzen duen atzelariak beti du partida agintzeko erraztasuna. Irujo handienetako bat izan da. Aurrean, defentsan eta aireko jokoan hark du indar gehien. Partida menderatzeko garaian, baina, Irribarriak du kolperik biziena. Hark gehiago ematen dio, haren sotamanoa...». Eta Ezkurdia? «Bien gauzak dauzka; erdibidekoa da. Harengandik gehien gustatzen zaidana goiko jarrerak dira. Bere aurka jokatzea oso deserosoa da. Asko laguntzen dio atzelariari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.