Pixkanaka bidea egiten

Mugimedu feministak urteak daramatza jai herrikoien eta parekideen alde lanean, eraso sexisten aurrean prebentzioa eta autodefentsa sustatuz.

Ehunka emakumek parte hartu zuten ostiral gaueko manifestazioan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Peru Azpillaga Diez.
Bilbo
2017ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Mugimendu feministak argi du: autodefentsa da bidea. Hori dela eta, urteak daramatza mugimenduak emakumeak jaien inguruan antolatzen. Jai herrikoien aldeko apustua eginez, jai giroan gerta daitezkeen erasoen aurrean prebentzioa sustatzen eta erantzunak bilatzen.

Helburu horrekin jaio zen orain dela pare bat urte Autodefentsa Feministaren Asanblada. Azken urteetan hainbat ekimen burutu dituzte, eta autodefentsaren aldarria ozen plazaratu dute eraso bat egon den bakoitzean. Mugimenduko kidea da Amaiur Macias. Hark azaldu duenez, «Iruñeko Farrucas 4 de Julio kolektibotik etorri zen egun egiten diren manifestazioen ideia: beltzez jantzita joatea, aurpegia estalita, eta Beldurra aldez aldatuko dugu lelopean». Ostiral gauean egin zuten mobilizazioa txosnen gunean. Beltzez jantzita eta aurpegia estalita mobilizatu ziren ehunka emakume.

Joan den urtean hasi ziren gisa horietako manifestazioak egiten hiriburu guztietan. Bilboko Aste Nagusirako brigadak ere antolatu zituzten. «Guk hemen ere asanblada antolatu genuen, eta, egun, era guztietako emakumeek osatzen dugu». Esan duenez, protestaz gain, konturatu ziren prebentzioan eta erantzunean ere sakondu behar zutela, eta horren inguruan ari dira egun lanean.

«Prebentzioa oso zaila da, arazoa estrukturala izanik, pixkanaka goaz eta ideiak baditugu, baina konplikatua da» azaldu du Maciasek. Erantzunari lotuz, bestalde, haien hautua konpartsena baino «aktiboagoa» dela dio. «Errespetatzen dugu Bilboko Konpartsen protokola, gu ere parte gara, eta beharrezkoa da, baina guri pauso bat harago joatea gustatuko litzaiguke, eta autodefentsaren ideia garatzea».

Jaietan izaten diren erasoen aurrean urteak daramatzate antolatzen mugimendu feministako kideak. Pixkanaka, haien ideiak zabalduz eta gizartearen inplikazioa lortuz. Horretan ari da, Maciasekin batera, Goiuri Mendez. «Bilgune Feministak proposatu zien Bilboko konpartsei protokolo bat egitea; jaietan gaiari eutsi dion bakarra izan da mugimendu feminista». Proposamenaren ostean osatu zuten erasoen batzordea. Protokoloa hasiera batean kalean erantzutera mugatzen zen, elkarretaratzeak eta kazerolada egitera. Urteekin, baina, ohartzen joan ziren gai horrek bestelako lanketa bat behar zuela: «Protokoloak ez du balio gero guk jarrera matxistak baditugu, edota dekorazioa matxista bada». Orduan, orain dela hiru urte hasi ziren barne lanketa bat egiten konpartsetan, indarkeria arazo estruktural eta sistematiko gisa ulertuz, eta gai askoren inguruan eztabaidatzen: dekorazioa, programazioa, musika... Aurten beste pauso bat eman, eta datorren urtera begira, mugimendu feministarekin bildu dira protokolo berri bat garatzeko.

Bi feministek adierazi dute autodefentsa kalera eramatearen eta horren apologia egitearen beharra. Mendezen aburuz, adibidez, gehiegi hitz egiten da egun Ez beti da ez leloaz, eta, haren ustez, ez da ondo ulertzen. «Guk beste pauso bat eman, eta erasoen aurrean autodefentsa aldarrikatzen dugu, emakumeok boterea hartzea, gure buruak defendatzeko eta saretzeko aukera». Maciasek bide beretik hala dio: «Autodefentsatik ulertzen dugu feminismoa, norbanakotik kolektibora doan tresna gisa». Hala ere, etorkizuna erronkaz eta ideiaz beterik aurreikusten dute bi kideek. «Azken urteetan mugimendu feministak egindako lanari esker ari da herri mugimendua gehiago aktibatzen», adierazi dute. Erreferentzialtasuna lortzen ari dira urteotan eta egun mota guztietako emakumeak batzea lortu dute,baita gazte asko animatzea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.